Amagoia Gurrutxaga eta Harkaitz Cano lanarteakideak, Argia Saria jaso berritan. ARGAZKIA: D. Blanco / ARGIA

Argia Saria ‘Ez Gatoz Paristik’ podcast-ari

Josu Martinezen Bizkarsoro filma, Kristina Berasainen Sahara. Herri bat erresistentzian liburua, gordegia.eus artxibategi grafikoa eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren komunikazio kanpaina, horiexek aurtengo Argia saridunak LANARTEAren podcast-arekin batera.

Maitane Gartziandia diseinatzaile grafikoak azaldu du Ez Gatoz Paristik proiektuari saria emateko arrazoia, Usurbilgo Atxega Jauregian egindako ekitaldian: «Miseriak azaleratzeko hautua egina dago. Kultura euskaraz egiten dutenek hartu dute hitza. Ez dira artelanaz mintzo, baizik eta artea egitearen lanaz, lanbideaz, eta lan baldintzez. Prekaritateaz. Burokraziaren atzaparretan harrapatuta daudela diote. Artistak dira, eta artista izan dira podcast-aren produkzioan ere. Mimoz kontatu dizkigute haien eguneroko korapiloak. Eta mimoz gogorarazi digute artista guztiak ez datozela Paristik».

LANARTEAko koordinatzaile Amagoia Gurrutxagak jaso du saria, Harkaitz Cano ondoan zuela. Podcast-a diseinatu eta gidatu duena ere bada Gurrutxaga, eta berak hartu du hitza lehenik: «Saiatu gara kazetaritza, sormena eta aldarrikapena uztartzen, horixe esateko, ez gatozela Paristik, ezta Madrildik ere; hemen gaudela; hemen egon nahi dugula; eta euskaraz lan egiteko apustua egiten duen kulturgileak babestuko duten eta erdigunean jarriko duten politikak behar dituela, eta ez bakarrik kultura arlokoak».

Argia aldizkariari eskerrak emateaz gain, Azpeitia Kulturaz Kooperatibako kideei ere eman dizkio lanarteakideak, «beren azpiegiturak eskuzabaltasun handiz gure esku utzi dituztelako podcast hau graba genezan». Podcast-eko teknikari lanetan aritu den Ander Mujika ere gogoan izan du. Bukatzeko, «honaino ekarri gaituzten kulturgile guztiei» eskaini die saria, «gure iruditeria kolektiboa eraiki dutelako eta eraikitzen segituko dutelako».

Ezkerretik hasita: Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktoreak, Amagoia Gurrutxaga, Harkaitz Cano eta Ander Mujika teknikaria, Dinamoan (Azpeitia), Ez Gatoz Paristik-erako grabazio batean. Argazkia: KULTURAZ KOOPERATIBA

Harkaitz Cano idazlearen txanda etorri da segidan. Ez Gatoz Paristik ixten duen Hi bizi haiz hi atalaren gidoigilea da, lanarteakidea izateaz gain: «Badakigu bizitza inkognita bat dela, baina autonomoaren bizitza da ekuazioko X handi hori. Eta hor artiXta… euskaraz hain goxogarria baina batzuetan mespretxuzkoa ere izan daitekeen X hori… artiXta hori artiSta edo artearen langilea bihurtze bidean, uste dut hori dela gure aldarria».

Lan kolektiboa

Sari banaketa osteko elkarrizketan, podcast-a «ahalik eta kolektiboena izatea» helburua dela zehaztu du Amagoia Gurrutxagak, «kolektibotasun sentimendua sustatzea ere badelako gure elkartearen lanetako bat, bai sektore barruan eta baita gizartearen aurrean ere».

Proiektuaren lehen sei ataletan, bada, 40tik gora artistak parte hartu dute. «Batzuek, beren gogoetak gurekin partekatuz, zutabe moduan iritzia emanez; besteek, erreportajeetan beren bizipenak kontatuz; eta beste zenbaitek, sormenetik ekarpena eginez».

Hala, euskal liburu eta diskoen Zatiketa egiteko, Patxi Zubizarreta, Joseba Baleztena, Eider Eibar eta Miren Narbaiza MICE izan ditu konplize Gurrutxagak; Kulturismoa hizpide duen atalean, Ihitz Iriart, Joana Barbier, Ula Iruretagoiena, Aitor Servier eta Jon Urzelai entzun daitezke; Kukuarenak izeneko alean Guggenheim-Urdaibai proiektuaz aritu dira Onintza Enbeita, Eneritz Artetxe, Xabier Gantzarain eta Joseba Zulaika; Koldo Izagirre, Odei Barroso, Maddi Goikoetxea eta Pantxika Telleria, berriz, euskal artisten neurrirako estatutu baten beharrari buruz aritu dira Keinukariak atalean, UEUrekin elkarlanean LANARTEAk antolatutako Euskal Artisten I. Mintegia ardatz hartuta; bosgarren atalean, Adimen Artifizialaren argi-itzalez ari dira Iñigo Martinez Peña, Xabier Alkiza, Lorea Argarate eta Yurre Ugarte; eta, azkenik, Txuma Murugarren, Amaia Agirre, Unai Elorriaga eta Iratxe Retolaza kultura-hezkuntza sistema binomioaz mintzo dira Sokak eta pasilloak atalean.

Peru Galbete musikaria, Zubi-musu bat atalerako kantua grabatzen, Dinamoan. Argazkia: KULTURAZ KOOPERATIBA

Zubi-musu bat atalean, gustuko literatur pieza bat aukeratu eta musikatzeko enkarguari erantzunez, Gartxot Unsainek Gabriel Arestiren Apur dezagun katea eta Orixeren Neretzat ote haiz poemak uztartu eta musikatu ditu; Eneritz Furyak-ek Nerea Arrienen Felis katua kantatu du; Peru Galbetek Itziar Ugarteren Ahopeko kantua poema; Eñaut Elorrietak Miguel Hernandezen Tipularen sehaska kanta; eta Don Inorrezek eta Andoni Tolosa Morau-k, hurrenez hurren, Jon Benitoren eta Juan Luis Zabalaren poema bana.

«LANARTEAren helburuetako bat da euskaraz kultura egiten duen jendearen lan eta bizi baldintzak ezagutaraztea, batetik; eta, bestetik, baldintza horiek hobetzeko bideak proposatzea. Bide horretan, dokumental bat egin dugu eta bi liburu argitaratu ditugu, eta podcast-a ere halaxe planteatu izan dugu: gure egoera eta kezkak gizarteratzeko modu eder eta goxo bat bezala, kazetaritzarekin uztartuta».