1976rainoko bidaia

Senyera onartua, ikurrina ez. Amnistia? Egurra!

Euskara Unibertsitatean, ergelkeria.

Liburu dendak? Jo eta txikitu.

Bienalea Venezian. Zergatik leku bat euskaldunek?

Euskaraz egitea, arrazakeria.

24 orduak euskaraz, izugarrizko erakustaldia. Behin.

Bitxia, emakumezkorik ez mikrofonotik. Bitxia?

Emakumezkoak gehiengoa irakaskuntzaren euskal sisteman.

Lider abertzale euskaldun batek 51 minutuko mitina erdaraz eta 45 segundoko mitina euskaraz. Donostian.

Egurra? Bai zera, efikazia!

Euskaldunak naziak dira. Alemanian esana.

Sozialista espainiar batek, Alemanian.

Euskal alderdi politikoen aldizkariak salgai.

Baina euskarari konpetentziarik egin gabe.

Egurra gehi adarjotzea.

Hala ere, ezinezkoa badirudi ere, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkariek euskal kazetaritza profesionala abiatu zuten traba, gezur, zigor eta mespretxu guztien gainetik.

1976an, bai.

Profesionalak izan ginen urtean, profesionalak izateko ametsa erabat gauzagarri ikusi genuenekoan.

Lanartea-ren bigarren argitalpena

Profesionalak izan ginen urtea. Lanartea Euskararen Langile Profesionalak argitaratu duen bigarren liburua. LAINEZA. Kultura haragi bizitan miszelaneari seida ematera datorrena, hemeroteka lan zorrotza eta Antton Olariaga irudigileari eta Elixabete Garmendia kazetariari egindako elkarrizketa bana lagun. Euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia osatzeko urrats bat. «Liburu hau 1976an profesionaltasuna aldarrikatu zuten kazetari ausarten omenez egina da, bat egiten dugulako haien haserrean. Euskararen langile sortzaileek pairatzen duten tratua, hala kontratuetan nola zergetan edo bost ogasun desberdinen anabasan, ez delako –47 urte geroago– Europan sortzaileei ematen zaiena, are gutxiago zenbait estatutan hizkuntza murriztuek kultura garatzeko jasotzen duten laguntzaren pareko», idatzi du Miel Anjel Elustondo Lanarteako lehendakariak liburuaren hitzaurrean. Euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia ere aipatzen du testu berean: «Hala berean, euskararen langileen genealogia osatzeko bigarren alea dugu liburua, Lanarteak iaz argitaratu zuen LAINEZA. Kultura haragi bizitan izeneko lan kolektiboaren segidakoa. Nondik gatozen ikusiz non eta nola gauden gogoetatzeko, eta, jakina, etorkizun dugun norabidea doitzeko. Badugulako zer doitua, etorkizunik izango badugu».

Andoaingo Udalak diruz lagundu du proiektua. Koldo Izagirrek koordinatu du liburua, Garbine Ubedak diseinatu eta maketatu. Biak izango dira Donostiako Kaputxinoetan (Okendo 22) ostegun honetan, 11:00etan, Elixabete Garmendia lagun dutela, liburuaren aurkezpenean.