Transmisioaren txirikorda

Irakaskuntzan daramatzat urte dexente eta esango nuke nuke Bigarren Hezkuntzan ikusten dela ondoen kultur transmisioan ditugun hutsuneak, adin horretan ez daudelako bereziki emanak ez hizkuntzara, ez literaturara. Eta eduki interesgarriak sortu behar dira beraiek euskaldun kutsu horri buruzkoak emateko.

Baina ez da hori bakarrik. Paisaia linguistikoak ere ez du batere laguntzen. Teilatuan dauzkagun itogin guztiak frantsesez edo gazteleraz daude, edo ingelesez: Culinary Center; «ilea hartu dit», reggetoi latinoa, amol mio, tú ya sabes, «eske natural ateratzen zaigu» eta gainontzeko horiek guztiak.

Egungo gizartean, kultur ondare propioa identiifikatzen ere zaila da; eta horretan sinestea, are zailago. Ez dugu asko sinesten gurean. Eta zergatik? Ba gure inguruan bizi diren hizkuntza osasuntsu eta erraldoi horiek hartzen ditugulako neurpide. Eta horrela betikotzen dugu konplexua.

Ez legoke gaizki jokalekua aldatzen hasiko bagina. Ez dakit arazo horretarako terapeutarik dagoen, baina nik proposatuko nuke gure inguruan bizi diren hizkuntza txikiekin ez bakarrik estatukoekin, estrategiak partekatzea.

Nola dihoazkio gauzak islandierari?

Nola ebazten dituzte auzi hauek Danimarkan?

Eta letoiak zer egiten du?

Bueno, horiek guztiek estatu bat dute atzean; guk ez. Baina ez gaitezen horrekin nekatu. Ez daukagu, momentuz ez daukagu. Baina kultur propioari atxikitzea funtsezkoa da egunen batean horrelako zerbait lortuko bagenu, Irlanda bat izan nahi ez badugu behintzat.

Horren harira, bistan da kulturaren transmisio eraginkorra egiteko Euskal Herriko biztanle orok hizkuntza konpetentzia egokia izan beharko lukeela, eta ez dirudi bihar goizean lortuko dugunik. Euskal kultura gazteleraz edo frantsesez ezin da transmititu, horrek folklorizatzera garamatzalako. Tokian tokiko hizkuntzarik gabeko kultur transmisioa iruzur bat da.

Eskoletan beste arazo bat: egungo erreferente kultural nagusiak sareetatik eskuratzen dira, eta denak edo gehienak, edo bolumen izugarri bat gazteleraz, frantsesez edo ingelesez. Eta horri aurre egiteko, euskaldungo txiki honen indarrak ez dira nahikoa. Badira horri begira sortu diren ekimen interesgarriak, baina gehienak ekimen pribatuak dira, diru publikoaren sostengurik gabe, edo, kasurik onenean, diru-laguntza txiki batez lagundurik. Hainbat kasu ezagutzen ditugu.

Eta azkenik, irakasle prestatuak ere behar dira. Euskal kultura ezagutzen eta balioesten duten irakasleak, ondare kulturala identifikatzen dakitenak.

Jakina, aurretik esandako guztiak txirikordatzen dira, eta zaila da kontu hau ebaztea.

Zer behar den hau aldatzen hasteko? Ba lan erraldoia.

Eta euskal kulturarekin konprometituta dauden erakundeak ere bai. Ez daukagu horrelakorik. Euskal Herri gero eta konpetenteago bat sortzen ari dira, ekonomikoki leihatsua, baina gero eta erdaldunagoa, gero eta irlandarragoa.

Hezkuntzan zer egin?

Ba… animoak eman.

(Testua jasotzen duen podcast atala entzuteko, KLIKATU HEMEN)