LANARTEAren ‘Laineza’ Durangon

Euskararen Langile Profesionalen Elkartea Landakoko Goienkale 26an egongo da, zehazki. Bertan erosi ahalko da elkarteak ostiral honetan, abenduak 2, 11:00etan Donostiako Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan aurkeztuko duen LAINEZA. Kultura haragi bizitan miszelanea. Liburuaren salmentarekin bildutako dirua elkartearen gastuak ordaintzeko erabiliko da.

Eztanda da Durangoko Azokaren aurtengo leloa, eta 1960ko hamarkadan gertatu zen euskal kultura modernoaren eztandaren arrastoak dakartza liburu horrek, astindu hartako kideen eginahalak eta esanak egungo 50etik gora kulturgileren gogoeta, irudi eta bizipenekin uztartuz. Ispilu efektu argigarria eskaintzen du uztarketa horrek.

Libururako beren ekarpena egin dute, besteak beste: Irene Aldasoro, Koldo Almandoz, Jon Alonso, Miren Amuriza, Xabier Amuriza, Jose Ignazio Ansorena, Pako Aristi, Gorka Arrese, Maite Arroitajauregi Mursego, Iñigo Astiz, Ainara Azpiazu Axpi, Gotzon Barandiaran, Joseba Beramendi Exprai, Harkaitz Cano, Begoña Durruty, Andoni Egaña, Lutxo Egia, Miel A. Elustondo, Onintza Enbeita, Miren Etxeberria, Ximun Fuchs, Ana Galarraga, Lander Garro, Patxi Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Maite Gurrutxaga, Patxi Huarte Zaldieroa, Joseba Irazoki, Dorleta Kortazar Alkoz, Goiatz Labandibar Arbelaitz, Anjel Lertxundi, Nerea Loiola Pikaza, Antton Luku, Iñaki Martiarena Mattin, Alaia Martin, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Txuma Murugarren, Antton Olariaga, Iratxe Ormatza Imaz, Jose Luis Otamendi, Gari Otamendi Arrieta, Aner Peritz Manterola, Unai Ruiz Galarza, Fito Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Castillo Suarez, Joseba Tapia, Imanol Ubeda, Yurre Ugarte, Juan Luis Zabala, Iñaki Ziarrusta eta Amaia Zubiriak.

Irudienean eta Talaian ere bai

Goenkale 26ko erakusmahaia ez da izango LANARTEAk Durangon hartuko duen toki bakarra. Abenduaren 9an, esaterako, LOREAK BELAUNETAN. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala aurkeztuko du Irudienean, 17:30ean.

Abenduaren 11n, berriz, Talaia gunean 13:00etan hasiko den mahai-ingurua antolatu du. Kultura bai, baina ez izenburupean eta Amagoia Gurrutxaga gidari dutela, bertan parte hartuko dute Joseba Tapia musikariak, Yolanda Arrieta idazleak eta Unai Iturriaga irudigile eta bertsolariak.