LOREAK BELAUNETAN. Kulturaren zazpi ahots gazte. 38 minutuko dokumental bat, zazpi artistaren bizipenak eta ametsak kiribilduz ondua. Oihana Arana poeta eta bertsolaria; Amets Aranguren musikaria; Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria; Dom Campistron irudigilea; Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista; Iker Maguregi zinemagile eta musikaria; eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolaria dira protagonistak. Denak murgildu dira kultur munduan azken urteotan: batzuek ogibide bihurtu dute kultur jarduna; beste batzuek ez. Orainaldiak opa dienaz eta etorkizunari eskatzen diotenaz mintzo dira den-denak.
LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak ekoitzi du filma, KULTURAZ Azpeitiko Kultur Kooperatiba arduratu da irudiez eta soinuaz.
Emaitza astelehen honetan erakutsiko dute lehen aldiz, Donostia, Teila Fabrikan, 18:30ean. Etzi, berriz, Bilboko Bira gunean emango dute, 19:30ean.
Irailean beste hainbat herri eta hiriburutan aurkezteko asmoa dauka elkarteak.