Pandemiak bi urtez etendako martxara bueltatzeko helburuarekin hasiko da bihar Durangoko Azoka. Ikasle Goiza berreskuratu dute antolatzaileek, eta 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar). Erakusmahaietan salgai egoteaz gain, nobedade horiek guztiak azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira, abenduaren 7tik 10era bitartean, hemen.
Guztira, 248 erakusmahai izango ditu Landako guneak, eta azokaren parte diren gune guztiek jarriko dute beren alea 250 emanaldik osatutako kultur programan. Hemen duzue egitarau osoa, egunez egun kontsultagai.
LANARTEAk ere erakusmahaia izango du Durangoko Azokan: Goienkale 26n. Bertan eskuratu ahal izango da LAINEZA. Kultura haragi bizitzan (baita online dendan ere) askoren artean ondu duen miszelanea. Eztanda da Durangoko Azokaren aurtengo leloa, eta 1960ko hamarkadan gertatu zen euskal kultura modernoaren eztandaren arrastoak dakartza liburu horrek, astindu hartako kideen eginahalak eta esanak egungo 50etik gora kulturgileren gogoeta, irudi eta bizipenekin uztartuz. Ispilu efektu argigarria eskaintzen du uztarketa horrek.
Libururako beren ekarpena egin dute, besteak beste: Irene Aldasoro, Koldo Almandoz, Jon Alonso, Miren Amuriza, Xabier Amuriza, Jose Ignazio Ansorena, Pako Aristi, Gorka Arrese, Maite Arroitajauregi Mursego, Iñigo Astiz, Ainara Azpiazu Axpi, Gotzon Barandiaran, Joseba Beramendi Exprai, Harkaitz Cano, Begoña Durruty, Andoni Egaña, Lutxo Egia, Miel A. Elustondo, Onintza Enbeita, Miren Etxeberria, Ximun Fuchs, Ana Galarraga, Lander Garro, Patxi Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Maite Gurrutxaga, Patxi Huarte Zaldieroa, Joseba Irazoki, Dorleta Kortazar Alkoz, Goiatz Labandibar Arbelaitz, Anjel Lertxundi, Nerea Loiola Pikaza, Antton Luku, Iñaki Martiarena Mattin, Alaia Martin, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Txuma Murugarren, Antton Olariaga, Iratxe Ormatza Imaz, Jose Luis Otamendi, Gari Otamendi Arrieta, Aner Peritz Manterola, Unai Ruiz Galarza, Fito Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Castillo Suarez, Joseba Tapia, Imanol Ubeda, Yurre Ugarte, Juan Luis Zabala, Iñaki Ziarrusta eta Amaia Zubiriak.
Azokako kultur egitarauan ere izango du bere tokia LANARTEAk. Hala, abenduaren 9an, 17:30ean, LOREAK BELAUNETAN. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala aurkeztuko du Irudienean.
Abenduaren 11n, 13:00etan, mahai-ingurua antolatu du Talaia gunean, Kultura bai, baina ez izenburupean eta Amagoia Gurrutxaga gidari dutela, bertan parte hartuko dute Joseba Tapia musikariak, Yolanda Arrieta idazleak eta Unai Iturriaga irudigile eta bertsolariak.