Bizkaiko Emakume Sortzaileen I. Topaketak

“Sarea osatzeko, elkarren berri izateko, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzeko, zenbat garen ikusteko, zelakoak garen ikasteko, ertzetan daudenak erdigunera eramateko” sortu dute  BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen I Topaketak. Hala irakur daiteke beren blogean.

10:00etatik hasi eta 20:30era artean, egitarau betea aletuko dute larunbatean Euskalduna Jauregian. Plaza berriak mahai-inguruarekin hasiko dute topaketa. Ane Zabalak gidatuko du Lara Izagirre, Itziar Atienza eta Ainhoa Artetxe hizlari izango diren solasaldia. 11:10ean, berriz, Musikaren transmisioa eta misioa izango dute hizpide Ane Martinezek, Nerea Alberdik eta Maria Riverok, Leire Palaciosen gidaritzapean. 12:30ean, azkenik, Laura Mintegik, Alaine Agirrek eta Lizar Begoñak Erreferenteak literaturan izango dituzte hizpide.

Arratsaldean, zuzeneko emanaldiek hartuko dute zentralitatea. 17:00etan, Berbak sare poesia errezitalda emango dute Maddi Zabalok, Izaro Bilbaok, Nora Garmendiak, Dafne Gonzalezek, Leire Ugadik, Amaia Barrenak eta Libe Goitia Artetxek, Leire Vargasen gidaritzapean. 18:00etan, Noah Cliff, D’Capricho eta Ane Zugazak Akordeak sare musika emanaldia taularatu dute.

Eguna ixteko, antzerkiaren txanda hasiko da: 19:00etan, Maren Basterretxeak Igaro pieza estreinatuko du; eta 19:30ean, Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek Winona & Grace antzezlanaren barne prozesuan murgiltzeko bidea erakutsiko dute.