Kultura biziaz eta bizigarriaz hitz egitea, horixe izan dugu akuilu EZ GATOZ PARISTIK podcast-a sortzeko. Nahi dugunaz nahi beste eta nahi bezala hitz egin ahal izateko, horretarako konplizeak bilatzeko, kultura gogoetagai bilakatzeko. Sormena eta aldarrikapena uztartzeko.
Lehen atalean (KLIKATU HEMEN entzuteko), liburuak eta diskoak zatikatzeari ekin diogu, Durangoko Azokaren miran dozenaka lan berri aurkezten diren sasoian. Hala, saldutako ale bakoitzeko egileari dagokion puskari buruzko iritzia eman digu Patxi Zubizarreta idazleak; liburuak ilustratzeak bere ibilbide profesionalean duen pisuaz aritu gara Eider Eibar irudigilearekin; disko batek barnebiltzen duen lanaren ordaina kalkulatzeko arazoez mintzatu zaizkigu Joseba Baleztena eta Leire Narbaiza musikariak.
2023a bukatu bitartean sei ale sareratuko ditugu, bihar hasita, bi astetik behin bat. Denetan, erreportaje nagusiaz gain, podcast-erako propio sortutako kanta bat estreinatuko dugu, literatura musikatuz ondua. Zubi-musu bat izena du atal horrek, eta Gartxot Unsainena da argitaratuko dugun lehen pieza.
Hi bizi haiz atal dramatizatuak itxiko ditu atal guztiak. Harkaitz Canok idatzitako gidoi satiriko-aldarrikatzaileei ahotsa emanez, Xanti Agirrezabala aktorea nabarmenduko da. Sintonia, berriz, Iban Urizar Amorantek egin digu, Nemesio Etxanizen Paristik natorren kantatik abiatuta.
Gure atarian sortu diogun atal berezian entzun ahalko dira aleok, bihartik aurrera. Baita Berria egunkariaren podcast eremuan ere.