Letrak maite ditut, baina zenbakiak ezinbestekoak zaizkit. Gure letren esparruan, hala ere, benetan gutxi hitz egiten da zenbakiei buruz.
Harkaitz Canoren esanetan, kontrakoa gertatzen da, aldibidez, AEBetan. Aurrerapenak, royaltiak eta gainerakoak naturaltasunez aipatzen dira han.
Baina utzidazue zenbakiei buruz hitz egiteko letrak erabiltzen:
Diotenez, behin batez, Indiako sei idazle itsuk elefantea nolakoa den jakin nahi izan zuten, ukimenaren bitartez besterik ez bazen ere. Hala bada, lehenengo idazlea hurbildu zitzaion, baina talka egin zuen animaliaren bizkar zabalaren kontra; orduan esan zuen: Badakit, horma bat da.
Bigarrenak letaginak haztatu zituen, eta, hain zorrotzak iruditu zitzaizkionez, host egin zuen: Bai zera, lantza bat da-eta!.
Hirugarrenak, animaliaren tronpa bihurria ukitu bezain laster, garrasi egin zuen: Suge bat da!
Laugarrenak, eskuak elefantearen belaunetan pausaturik, adierazi zuen: Niri zuhaitz bat iruditzen zait ba…
Bosgarrenak belarriak ukitu zizkion, eta esan zuen: Badakit, haizemale bat da.
Eta seigarrenak, azkenik, isats kulunkaria laztandurik, amaitu zuen: Denak oker zaudete, elefantea sokatxo bat besterik ez da.
Zenbakiak, hau da, idazleon egile eskubideak, elefanteekin konparatuko bagenitu, sei idazleetan guztiek, ez jakin zergatik, alimaleko animaliaren atzealdera joko zuten, buztan motxera hain zuzen ere…
Idazle itsuek Hego Euskal Herrian liburu bat argitaratuko balute, betiere irabazien %10a jasoko lukete. Halaxe gertatu izan da azken hamarkada luzeotan, hau da, idatzitako liburuak 10 euro balio izatera, idazleak 1 jasotzen zuen lehen eta 1 jasoko du orain.
IRPF edo PFEZ zerga da azken hamarkadotan aldatu izan dena, baina gutxi gorabehera %15a aplikatu izan zaio irabazitako euro preziatu horri, hau da, idazleak liburuko 85 zentimo jasoko ditu urtean behin egokituko zaizkion eskubideean: kafesne edo basoerdi erdi bat, ozta-ozta.
Laburbildurik, liburua elefantea balitz, txerriboda edo elefanteboda horretan idazleak isatsarekin konformatu beharra zeukan eta dauka.
Horregatik, latzagoa izaten da elefantearen sabelaldea edo errealitatearen harresiarekin egin beharreko talka. Batzuetan, ordaina hutsa ez denean, hutsala izaten da. Tarifa lotsaemangarria lantza baten parekoa gertatzen da. Eta okerrena zera dugu, onartu ezkero hurrengo idazleari halakoxea edo okerragoa eskainiko diotela; hura tronpatzeko pozoin hutsa, alegia. Baina gizartean halakoak entzuteko bozgorailurik ez, belarririk ez nonbait, eta, biziko bagara, isats kulunkariari eusten jarraitu behar; eta beka eta lehiaketa beti zalantzagarri eta gora beheratsuei.
Egin kontu, gainera, idazleak haurrentzako liburu bat argitaratu baldin badu, oso posible dela ale saldu bakoitzeko jasoko duen portzentaia %5era jaistea, hau da, 42’5 zentimo, hau da, kafesne bat edo basoerdi laurden bat ozta-ozta basolaurden bat. Beste erdika marrazkilariarentzat izango da.
Eskola-institutuetan, fantasiarekin batera, datuen gordina erakusten dugunean, entzuleen harridura erabatekoa izaten da. Kexuak ozenak izaten dira eta haur sinesgogor asko gogogabeturik geratzen zaizkigu.
Eta kontu egin irakurleak gehiago ez desanimatzearren, ez diegula esaten liburua argitaratutakoan, gainera, idazleak normalean bere poltsikotik ordaindu beharko duela normalean Donostian egingo den aurkezpenera joateko bidaia (pentsatu ere ez autoa hartzea, aparkalekuarekin-eta…). Eta, salbuespenak salbuespen, gero eta normalagoa dela argitaletxeak aurkezpen egunetan lehengo bazkarien ordez, asko jota, kafeste edo basoerdi bat hartzera gonbidatzea, pintxorik gabe gehienetan.
Aurrerapenetan ere, benetan penetan sakondu dugu azken hamarkadotan. Argitaletxeak, lehen, gutxi-asko 600 eta 1.000 euro artean eskaintzen zizkion idazleari, egile eskubideen aurrerapen gisa, eta gaur egun gero eta gehiago dira ezertxo ere eskaintzen ez dutenak, non eta ez den liburua argitaratzearen pribilegioa eta poza.
Harkaitz Canok ongi dio, izan, idazkuntzaren preofesionala dela, hau da, biziko bada, hamaika lan eta enkargu onartu beharko dituela, elefantelako hamaika oztopo topatuko dituela bidean. Eta, hala ere, idaztea maite dugunok bakarrik dakigu liburua ehun hego dauzkan hegaztia dela, eta gure liburuetan elefanteei hegalak eskaintzeko dohaina dugula, ongitxo jakin arren dohain hori, izan, benetan pirrikoa dela.
(Testua jasotzen duen podcast atala entzuteko, KLIKATU HEMEN)