Ozazen abiatuko da Bertsularien Lagunak elkarteak antolatzen duen Taldekako Xilaba Txapelketa, Kakoiak eta Hazparke taldeen arteko lehiarekin. Beñat Larrory, Aetz Etxart, Xan Alkhat, Joanes Etxebarria eta Leire Casamajouk osatzen dute Kakoiak taldea. Hazparkeko kide dira, berriz: Irantzu eta Ortzi Idoate eta Nahia Sasco.
Hiruna taldeko hiru multzotan banatu dute txapelketa antolatzaileek, eta Kakoiak eta Hazparke A multzoan daude, Lizaietarekin batera. Azken talde horretako kide dira: Etxahun Azkarraga, Allande Alfaro eta Haira eta Karlos Aizpurua.
B multzoan daude, berriz: Muttikoak (Irati Alcantarilla, Haize eta Ibai Lekuona eta Miren Artetxe), 3Kasko (Maialen eta Marga Berra eta Lur Renteria) eta Ipiñitzeko Bertsuak (Oihan, June eta Kerman Diaz; Josu eta Maddi Ane Txoperena; eta Aimar Karrika).
Azkenik, C multzoan bildu dituzte: Eskukula (Pettan Prebende, Bittor Thikoipe, Ramuntxo Christy eta Paul Moal), Ez Dok 5 (Maddi Sarasua, Joana Itzaina, battit Crouspeyre, Oier Urreizti eta Xermin Camblong) eta Zizpa Txispa (Maddalen Arzallus, Aitor Servier, Oihan Perez eta Aiantze Lannes) taldeak. Inoiz baino emazte gehiagok hartuko du parte sariketan: 16k.
Bertsoa ardatz izanik ere, sariketa honek ateak irekitzen dizkie beste arte diziplinei, hala nola musikari edo antzerkiari. 9 saio izango dira lehen ligaxkan: Ozazen, Urruñan, Saran, Amenduze-Eihern, Hendaian, Baionan (bi aldiz), Hazparnen eta Alduden.
Lehen finalerdia urriak 28an izango da Muskildin; bigarrena Azkainen, azaroaren 4an. Final handia Aiherran egingo da, azaroaren 18an, 17:00etan, herriko gelan egingo den bertso bazkariaren ondotik.