Diziplina guztietako artistak biltzen ditu LANARTEA elkarteak, eta diziplina-arteko inkesta bat prestatu du. Izan aktore, izan artista plastiko, izan bertsolari, izan dantzari, izan idazle, izan ilustratzaile, izan ipuin kontalari, izan itzultzaile, izan komikigile, izan koregografo, izan musikari, izan zinemagile, izan zirkulari… kultura euskaraz egiten dugunon kolektiboaren ezaugarriei, baliabideei, lan erregimenari, irabaziei, galerei, erronkei, kezkei tokia eginez.
Sormen-interpretazio hizkuntza zehar-lerro gisa erabiliz. Euskal kultur sistemaren azterketa eta politika orotan hizkuntza zehar-lerro gisa txertatu behar dela aldarrikatzen duelako LANARTEAk.
Ez da hori denen ustea, bistan denez: aldiro aurkezten diren kultur sektoreko halako edo besteko diziplinari buruzko inkestetan ohikoa da sormen-interpretazio hizkuntzaren faktorea kontuan hartzen ez dugun galdetegiak bete behar izatea. Ondorioz, euskaraz sortzen edota interpretatzen dugun artisten egoera zehatzari buruzko daturik ez da biltzen inkestotan.
Hutsune hori betetzen hasteko garaia da.
Euskal kultur ekosisteman denetarik daukagu: %100 profesionalak diren artista gutxi batzuk, irakasle dezente, ikasle gehiago, beste ogibide bat izan baina sortzen/interpretatzen duen asko, langabe gehiegi, erretiratu mordoska… Denen berri jaso nahi dugu, ZURE BERRI ERE JASO NAHI DUGU, artisten kolektiboaren argazki ahalik eta definituena egin ahal izateko.
Arlo artistikoren bat(tzuk) jorratzen baldin bad(it)uzu, beraz, gure inkestari erantzutea eskatzen dizugu (INKESTA BETETZEKO, KLIKATU HEMEN). Inkestagintzan eta soziologian adituak diren sei aholkulariren laguntzarekin ondu dugu galdetegia, eta 30 minutu beharko dituzu gehienez erantzuteko. Irailaren 27ra bitarteko epea duzu horretarako.
Galdetegi hau betetzean edozein zalantza izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan helbide elektroniko hauetakoren batera idatziz: lanartea@lanartea.eus edo ezubiria@aztiker.eus
Zuk emandako datu guztiak estatistikoki landuko dira, zure anonimotasuna gordez.
Eskerrik asko aldez aurretik, euskal kultur sistemari buruzko ikuspegi kolektiboa zure egoeraren berri emanez aberasteagatik.