Euskarazko kulturak zenbat toki daukan Euskal Herriko hedabideetan… Galdera pertinentea da erabat. Gaur hemen aurkeztu diguten ikerketaren emaitzak ikusita, are, ezinbestekoa da. Eskerrik asko, beraz, EHUko NOR ikerketa taldeko kideei, egin duten lanagatik, eta lan hori posible egin duten eragile guztiei.
«Nork hitz egingo du gutaz, geuk ez badugu egiten?»
Galdera bat da.
Libe Mimenzari entzun diot duela ez asko. Erantzunaren zati bat gaur entzun dugu bere ahotik: batuzek ez dute hitz egiten gutaz, eta geuk ere, akaso, behar baino gutxiago.
Esaldi hori ondo ezkontzen da kulturgile askoren kezkekin:
Merkatuaren lege hutsen esku utzitako egungo kultur panoraman, dena baino txikiago ageri ohi da euskarazko kultur ekoizpen multzoaren handi-aurkia.
Euskarazko kultura ez da kultura unibertsalaren parte gisa hartzen, aparteko-bazterreko azpi-sail gisa baizik, euskaldunen kontu bat bailitzan.
Mass-medietan, beren lanak ezagutarazteko arazo handiak dituzte euskal sortzaile gehienek.
Ondorioa: Euskal Herriko zein herrialdetan bizi zaren, gaztelerazko –Hegoaldean–, frantsesezko
–Iparraldean– edo ingelesezko –denean– kultur ekoizpenen berri jasoko duzu nahi gabe ere, baina euskarazko lanen berri aurkitzeko, nahita jo beharko duzu bila, eta, hala ere, zail daukazu.
Euskarazko kulturarekin ia kontakturik izan gabe bizi dira Euskal Herriko biztanle erdaldun gehienak eta euskaldun asko –erdarazko medioetatik edaten dutelako informazioa–, eta erdal kultur sistema da batzuek zein besteek bat egiteko plaza ofiziala.
Ekaitz perfektua, aitor dezagun.
Ez diogu Aitor deituko, hala ere.
Hau ez delako fenomeno meterorologiko bat, Europako bazter hauek duela gutxi kolpatu dituen hori bezala.
Kultur politiketan ere hizkuntza zehar-lerro gisa ez erabiltzearen ondorio zuzena da egungo gure egoera. Diglosia hitza euskaldunon Voldemort txiki-handi bat bihurtzearekin bat, euskarak bizikide dituen erdaren gihar, ahal eta babes maila berak dituelako sineskeriak zartatu gaitu. Eta hau ez da magia kontua. Bateko eta besteko kultur planetan euskararen eta euskal kulturaren aldeko esaldiak txondorka idazteak ez du ezertarako balio, euskararen aldeko neurri zehatz eta eraginkorren atariko ez badira.
Gutxituta dauden hizkuntzak eta kulturak ez dira hitz hutsez biziberritzen, ez hemen ez inon.
(Ekaitz honentzako izen bat Zigor izan daiteke?).
Testuinguru honetan, gizartea euskal kultur sistemarekin KONEKTATZEA helburu erabat estrategikoa da, hiztun komunitate eta kultura unibertsaleko partaide gisa iraungo badugu. Eta hedabideak bitartekari ezinbestekoak dira horretarako. Ea zergatik elkartu garen gu gaur eta hemen…
Eta komunikabideak edozein kultur sistematan direlako ezinbestekoak kultur adierazpideen gizarteratze eta transmisiorako, bistan denez; baita estatu baten babesa duten hiztun komunitate hegemonikoentzat ere. Gurea bezalako komunitate subordinatu batentzat, zeresanik ez.
Diglosia hitza Voldemort txiki-handi bat bihurtu zaigula/dugula/digutela esan dut lehenxeago. Baina beste hitz madarikatu bat aipatuko dizuet orain, tresna zehatz eta eraginkorra izan daitekeelako nire ustez euskal kulturari hedabideetan tokia egiteko: Kuotak.
Aireratutako musikan euskarazkoaren kuota
Ikus-entzunezko ekoizpenetan euskarazkoentzako kuotak
Bikoiztutako/azpi-idatzitako ikus-entzunezkoetan euskarazkoen kuotak
Euskararen gutxieneko erabilera kuota irrati zein telebista lizentziak banatzerakoan
KUOTAK…
Tira, kuota hitza ez da tabu denean. Kultur salbuespen kontzeptuaren eskutik indartu ziren Europan, AEBekin GATT Muga Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra negoziatzen ari ziren garaian, 1990eko urteetan, AEB kultur lanen zaparradari galga jartzearren.
François Mitterrand-ek 1993ko ekainean Le Monde egunkariari egindako adierazpen honek laburbiltzen du norgehiagoka horretan Frantziak izan zuen jarrera:
«Kultur eredu bakarra orokortzea desastrea litzateke. Erregimen totalistek azkenean lortu ez dutena, diruaren legeek lortuko ote dute, indar teknikoen laguntzaz? Izpirituaren emariak ezin dira merkantzia huts gisa hartu». Kultur produktuak munduko merkatu libretik kanpo uztea lortu zuten orduan. Ordutik, kuoten bitartez babesten dituzte, besteak beste, beren kultur adierazpideak.
Frantziak, esaterako, GATT eraldatua indarrean sartu zen urte berean, 1996an, jarri zuen indarrean musika emisioentzako egungo bere kuota sistema. Sistema hori hizkuntzaren araberakoa da. Telebista kateek eskainitako lanen %60 EBkoak izatea eskatzen du, eta horietatik %40, frantsesezkoak. Frantsesezko ekoizpen independenteetan dirua jartzen badute, EBko izenburuen kopurua %50era jaitsi dezakete.
Emititu beharreko frantses musikaren gutxieneko kuota orokorra, berriz, %40n ezarria dauka Frantziak, baina ondare nazionalaren garapenerako kateek %60ko kuota daukate, eta talentu berrien sustapenerakoek %35ekoa. Orokorrean, aireratutako musika nazionalaren %50 berria behar du izan. Legea Frantziako hizkuntzez ari denez, euskarazko musika ere kuota horietan sartzen dela interpretatzen dute batzuek, eta horren arabera programatzen. Legearen linboan dagoela esan genezake.
2017an, irrati komertzialetako buruek sistema auzitan jartzeko egin zuten presioa fruituak ematen ari zela ikusia, Frantziako musika arloko 1.800dik gora egile, instrumentista eta ekoizlek kuoten aldeko manifestua sinatu zuten. Kuotek indarrean segitzen dute.
Brasilen, beste kontinente batean, Frantzian baino askoz lehenago ezarri zituzten hizkuntza kuotak: 1961an, legez, aireratutako musikaren %50 brasildarra behar zen izan. Urteekin, indargabetu egin zuten lerge hori, herrialdeko irrati kateek programatzen zuten musikaren %80 portugesez edota Brasilgo generoetako ekoizpenak zirelako.
Ikus-entzunezkoen arloan, aldiz, Brasilek kuotak ezarriak dizkie ordainpeko telebista kateei. Hala, atzerriko ordainpeko kateak behartuta daude brasildar ikus-entzunezkoekin astero gutxienez prime time-ko 3 ordu eta 30 minutu betetzera behartuta, eta horietatik ordu eta laurden gutxienez ekoizpen independentekoak behar dute izan. Brasilgo ordainpeko kateek, berriz, egunero 12 ordu bete behar dituzte ekoizpen nazionalekin, eta ordu horietatik 3 gehieneko audientziako ordutegian eman behar dituzte.
Argentinak irratiz zabaldutako musikaren %30 nazionala izatea dauka ezarrita legez. Bi aldagaioan arabera, kuota aldatzen du: irrati kate klasearen arabera, eta musika independentea –hau da, multinazionaletatik kanpo ekoitzia– izan ala ez.
Aireratutako musika nazionalaren %50 lan independenteak behar du izan.
Beste kontinente jauzi bat: Zeelanda Berrian, Irrati Kateen Elkarteak eta Gobernuak akordioa sinatu zuten 2001ean, 5 urteren buruan aireratutako musika nazional kopurua %20ra irits zedin. Borondatean oinarritutako akordioa zen, eta helburua erdiesten ez zirela ari ikusita, 2006an beste 5 urtez luzatu zuten akordioa. 2011n, aireratzen zen musika nazional kopurua %19an zegoen. Gaur egun, orokorrean, helburua erabat bete gabe dago.
Gatozen berrize Europara: Portugalen, kate pribatuentzako gutxieneko musika nazional kuota %25an egon zen ezarrita, pandemia iritsi zen arte. Pandemiari aurre egiteko, izan ere, %30era igo zuten gutxieneko langa hori, eta horrek irrati kate komertzialei entzule kopuruan kalterik ez ziela eragin ikustean, eutsi egin diote igotako kopuru horri azken urtebetean ere.
Zerbitzu publikoetan, berriz, portugesezko musikaren kuota %60koa da, eta horien %60k Europako Batasuneko herritarrek interpretatuak behar dute izan, eta %35k, berriak.
Pandemiak zer pentsatua eman zuen, baita ere, Txilen. 2016an, polemika betean, bertako artisten musikarentzako %20ko kuota ezarri zuen hango Kongresuak. Lau urte geroago, pandemia betean, kuota %50era igotzea propostu zuen diputatu batek, eta kritika asko sorrazi. Kuotak betetzen ote diren kontrolatzeko enterik ez dagoela argudiatu zuten neurriaren kontra gogorren egin zutenek: kasualitatea, hasieraKO %20ko kuota ere ez zutela betetzen onartzen zuten irrati kate komertzialek.
Kolonbian ez zuten kuota sistemarik ezarri pandemian, baina itxialdi betean, Kultura ministroak dei egin zien herrialdeko irrati kateei bertako musikarien piezak aireratu zitzaten.
Kanadak, musika nazionalarentzako %35eko kuota ezarria du egun irrati kateetan. Frantsesezko kate komertzialek aireratutako musikaren %65, berriz, frantsesez kantatua behar du izan. Kuota guztiak ez dira berdinak: herri musikarentzako batzuk daude, interes bereziko musikarentzako besteak, eta musika etnikoarentzako ere bai, irrati motaren arabera. Musika estilo batzuen kuota ordutegi finkatuen barruan aireratu behar izaten da.
Sistema hau aldatzen saiatu ziren irrati kate komertzialetako batzuk, baina ez zuten helburua lortu, ez zutelako frogatu hauek ere ezarritako kuotek entzule galera ekartzen dienik.
Kanadako Irrati-Telebista eta Telekomunikazio Batzordeak, berriz, 2019an abian jarri zuen Indigenentzako Emisio Politika berritzeko prozesua. Bide horretan, besteak beste, musika indigenarentzako kuota zehatza –Kanadako musikarentzako egungo %35aren barruan sartzen dute, baina irrati kate askok ez dute batere programatzen– ezartzea eskatu dute jatorri herrietako musikariek: %35aren %5ean kokatu dute gutxieneko kuota hori. Aurtengo uztailera bitartean egin dituzten iritzi bilketa prozesuan agertu diren beste eskakizun batzuk: streaming plataformetan ezarri nahi dituzten kuotetan ere, jatorri herrietako kideen lanentzako gutxieneko kopuru bat ezartzea. Indigenen inguruko estereotipoak ezabatzeko lana egin behar dela ere aipatu dute, eta indigena izan gabe indigenentzako lanentzako laguntzak jasotzen dituztenen gaineko kontrolaren beharra ere bai.
Italiak, Europako produkziorako ikus-entzunezko programazioetan erreserbatutako gutxieneko kuota %50era igo zuen 2018an, %55era 2019an eta %60ra 2020an. Kuota horien erdia italiar lanekin bete behar zuten kate publikoek, heren bat pribatuek. Prime time sarbideari dagokionez (18:00etatik 23:00etara), RAIk bere programen %12 erreserbatu behar zuen telesail, film zein dokumental batentzako. Hedabide pribatuek, berriz, %6an eduki zuten azken kuota horrek.
Australian, %5 eta 25 bitarteko kuotak dituzte indarrean musika irrati kateentzako, 5 multzotan banatuta, katearen musika estiloaren arabera. Lan berrientzako kuotak ere ezartzen ditu, ordutegi bat markatuz aireratzeko.
Gugandik askoz gertuago, Katalunian, irrati kate pribatuek aireratutako musikaren %25a katalanez edota araneraz kantatua behar du. Kataluniako kuoten inguruan hitz egiteko, hala ere, ondoan dudan pertsona hau [ikus-entzunezko kuoten arloan aditua den Pol Cruz-Corominas] askoz egokiagoa da, eta geroago galdetuko diot honi guztiari buruz.
Orain arteko guztiak esanda, datu garrantzitsu bat: irrati eta telebista kate klasikoetan kuotak ezartzen hasterako, ohiturak goitik behera aldatu dira. Askorentzat, dagoeneko, irratia eta telebista kateak ez dira musika entzuteko eta ikus-entzunezkoez gozatzeko bide nagusiak, plataformak baizik.
Mendebalde osoan, belaunaldi gazteak halako plataformen bitartez hurbiltzen dira musika eta ikus-entzunezkoen eskaintzara. Irrati eta telebista kateek zentralitatea galdu dute. Plataformei ere kuotak ezartzeko bidea, hastapenetan dago neurri handi batean, baina ekus-entzunezkoenei ezartzen hasiak zaizkie jada.
Hala, Europako Batasunak hau dio:
«Zerbitzu bakoitzaren katalogoaren % 30 gutxienez EBko tituluek osatu behar dute, eta horiek nabarmendu egin behar dira».
Formula horri eutsi diote, besteak beste, Alemaniak, Greziak, Flandriak, Finlandiak, Norvegiak, Herbehereek, Suediak eta Danimarkak.
Belgikako eremu frankofonoan, izenburuen %30 gutxienez EBkoak behar dute izan, eta horietatik %10 Walonia-Brusela Federaziokoak. 5 urteren buruan, Europako tituluen %30 horretako %40, Walonia-Brusela Federaziokoak izango dira lege horren arabera.
Frantzian, izenburuen %60 behar dute izan EBkoak, eta horietatik %40, frantsesez. Frantsesezko ekoizpen independenteetan dirua jartzen badute, EBko izenburuen kopurua %50era jaitsi dezakete plataformek.
Italian, %30 gutxienez azken bost urteetan EBn ekoitzitako tituluak behar dute izan. Kuota horren barruan, erdiak gutxienez azken bost urteetan Italian modu independentean ekoitzitako edukiak behar dira izan. Plataformek titulu horiek nabarmendu egin behar dituzte beren katalogoetan, puntuazio-sistema baten arabera.
Portugalen, izenburuen %30 gutxienez EBkoak behar dira izan, eta horietatik erdiek, gutxienez, azken bost urteotan ekoitzitako portugesezko lanak.
Espainian ere, historikoki kuoten aurka azaldu izan den estatua izanik ere, duela 2 urte jarri zuten indarrean Ikus-entzunezkoen Lege Berria. Hasiera batean izenburuen %30 gutxienez EBkoak behar dira izan, eta horietatik erdiek, gutxienez, gaztelaniazko, katalanezko, euskarazko, galegozko edota anarerazko lanak. Erdi horietatik, gaztelania ez beste hizkuntza bakoitzari %10eko kuota gordeko zaio.
Batean zein bestean, aldiro pizten dira kuotak murrizteko eskakizunak. Irratian, kate komertzialen eta diskografika handien bestelako lobby-en eskutik. Ikus-entzunezkoen arloan, ekoizetxe eta banatzaile handien aldetik. Batzuetan eta besteetan, korporazio eta lobby-ek eragile politiko jakin batzuen babesa izan ohi dute.
Ikus-entzunezkoen streaming plataformetan bezala, musika plataformetan ere kuotak ezartzeko bidea ez al da egin behar? Bereziki atzeratuta dago eremu hori.
Ez zaituztet herrialde eta kuota festan gehiago mareatuko. Gauza bakarra nahi zian dut: argi utzi izana kuotak beste edozein tresna bezain erabilgarriak direla kultur sistema propioa indartzeko, ez direla tabu denean.
Egia esate aldera, geurean ere kuota hitza ez da beti tabu izan.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, esaterako, kuotak hizpide izan zituen Kulturaren Euskal Planaren lantaldeetan euskarari buruz 2003an egindako proposamenen txostenean. Lehentasuneko jarduera-ildoen atalean, hau irakur daiteke:
«Euskal kultura euskaraz sustatzea, bai merkatu propioan bai kanpoan, haren hedapena bi lerroren bidez ahalbidetuz: euskal kulturari buruzko informazio sistema hobetuz (katalogoen, datu-baseen, Interneteko atarien eta behatokien bidez) eta euskarazko zerbitzu kulturalen (liburutegikoak, informazio kulturala, emanaldi zinematografikoa, antzerkia…) hedapenari arreta berezia emanez. Barnean, helburua informatzea da, irakurketa sustatzea edo zerbitzu kulturalak erabiltzea edo kuotak ziurtatzea irratian eta telebistan musika eta ikus-entzunezko produkzioa hedatzeko edo TB publikoan astean behingo gaikako programak hedatzeko…».
EITBk esaldi hauek darabiltza gaur egun bere burua azaltzeko:
«Euskal kultura eta hizkuntza sustatzen ditu eta ikus-entzunezko ekosisteman euskararen normalizazioa, erabilera eta hedapena bultzatzen ditu».
2003tik gaurdainoko bidean, kuotak tabu bihurtu dira, baina. EITBk EAEko Kultura Sailaren sosen erdiak baino gehiago jasotzen segitu du, hori bai –aurten, %52–. Gauza batzuk aldatzen dira, beste batzuk ez.
LANARTEA elkartea, bada, hedabideetan ere gutxieneko kultur kuotak ezartzearen alde dago. Kupoek gutxieneko presentzia ziurtatuko diotelako euskarazko kulturari tokia galdua duen eremu horretan, eta galera horri galga jartzen hasteko neurri eraginkor bat izan daitekeelako gure ustez.
Nolako kuotak ezarri, baina? Ez dugu proposamen bitxirik asmatu. Beste herrialdeetan badauden neurriak ekarri nahi ditugu gurera. Adibidez:
-
EAEn emititzen diren telebista eta irrati publiko zein pribatuetan kuotak jarriz entzunarazten den musikaren eta ematen diren ikus-entzunezkoen arloan.
EITBri dagokienez, adibidez, Euskadi Irratia, Gaztea, Radio Euskadi, Radio Vitoria, EITB Musika, ETB1, 2, 3, 4…kate guztietan ezartzea euskarazko musikaren gutxieneko kupoa, bakoitzari berea, emisio ordutegietan eta entzule kopuru altu eta baxuko orduetan ere oreka bat eskainiz. Beste hainbeste ezar daiteke ikus-entzunezkoen eskaintzan.
-
Estatu mailako kate publikoei ere kupo linguistikoak betearazi behar zaizkie.
-
EAEn emitituko duten irrati zein telebista pribatuek ere bakoitzak bere kupo linguistikoa bete beharko luke.
-
Irrati zein telebisten emisio lizentzia lortzeko, kupo linguistikoak betetzea ezinbesteko baldintza izan behar da.
-
Horrez gain, irrati pribatuen esleipenen %30a euskara hutsezko karteentzako gordetzen segitu behar da.
-
EITBren ekoizpenetan, euskarazkoentzako gutxieneko kuota bat ezarri behar da.
-
Streaming bidezko musika eta ikus-entzunezko plataformetan ere gutxieneko kuotak ezarri behar dira euskarazko lanentzako, eta katalogoan ikusgarritasun berezia izango dutela ziurtatu behar zaie.
-
Ezarri beharreko kuotak proposatzeko eta sektoreko eragileekin adosteko eskumena izango duen egentea izendatu eta, beharrezkoa balitz, sortu egin behar da.
-
Kuotak betetzen direla ziurtatuko duen agentea izendatu eta, beharrezkoa balitz, sortu egin behar da. (akaso, aurreko puntuko agentea eta hau bat eta bera behar dira izan).
Eta zenbateko kuota ezarri?
Egoera soziolinguistikoaren erabera programatu behar dela dio EAEko Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko 231/2011 DEKRETUAk, azaroaren 8koak:
«Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileek zerbitzu-eremuko euskaldunen indizearekin bat datorren euskararen presentzia bermatuko dute gutxienez, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako mapa soziolinguistikoan jasotako azken datuen arabera».
Euskararen lurralde guztiak aintzar hartuz, bada, euskaldunon kopurua %30,18 ingurukoa zen 2021ean, VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Kopuru horri euskaldun hartzaileen datua gehituta, hots, hitz egiteko zailtasunak izanik ere ulermen maila egokia dutenena, irrati, telebista eta plataformen hartzaile potentzielen kopurua %46,28raino haziko litzateke.
Datuak Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta, berriz, biztanleen %36,2 ziren euskaldunak 2021ean, eta euskaldun hartzaileak, %18,6. %54,8, beraz, guztira.
Euskaldun gutxien duen herrialdea Araba da, %22,4 euskaldunekin, baina euskaldun hartzeileen kopuru altuena du, %18,8, eta beraz, %41,2 hartzaile potentzial lituzke hedabideentzako.
Testuinguru honetan, EITBk aireratutako musikaren %50 gutxienez euskarazkoa izatea eskatzea, astakeria al da?
EITBk ekoitzitako ikus-entzunezkoen erdiak gutxienez euskaraz izan behar luketela ezartzea ere, astakeria al da?
Eta zer esan RTVEri buruz? Hala dio urteroko bere txostenetan:
«La promoción y difusión nacional e internacional del castellano, así como el apoyo al resto de lenguas cooficiales, es otro de los objetivos de servicio público que debe alcanzar la Corporación. La utilización correcta de todas ellas es una exigencia fundamental de la producción de contenidos de la CRTVE. Además de lo anterior, el artículo 18 del Mandato-Marco exige al ente público que las emisiones territoriales se realicen en la lengua cooficial en función de la realidad lingüística de cada CCAA».
Horrexegatik, azken hiru urteetako bere memorien arabera, EZ DA IRITSI HILEAN ORDUBETE EUSKARAZ ESKAINTZERA Hego Euskal Herrian dauzkan bi egoitzetatik.
Horregatik nioen lehenago gutxituta dauden hizkuntzak eta kulturak ez direla hitz hutsez biziberritzen, ez hemen eta ez inon; esaldi txondorrek ez dutela ezertarako balio, neurri eta ekintza zehatzen atariko ez badira.
Alegia, ekaitz honentzako izen aproposa izan daiteke, bai, ZIGOR.