Euskarazko kulturgintzaren transmisioa ataka larrian dago. Susmo soiltzat jo ohi zena baieztatu egiten dute aldiroko azterketa zientifikoek. Egoera horretan, hedabideekiko harremana eta ondoriozko elkarlana ezinbestean jorratu beharreko lan-ildoa da, ataka estu horretatik onik aterako bagara. Zer esanik ez, erabat digitalizatuta dagoen komunikazio aro berri honetan.
Lan-ildo horri lotu nahi zaio Kultur Sorkuntzaren Transmisio Taldea, horregatik antolatu ditu Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak jardunaldiak, Sormenean hezi, kulturan bizi sortako hirugarrenak –hezkuntza arautuan zein ez-arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioak dituen gabeziak aztertu zituen aurreko bi jardunaldietan–. Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bere osotasunean aztertzea eta kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiekin elkarlanean transmisioa bermatuko duten neurri eraginkorrak proposatzea eta adostea da ekimenaren helburua. Urriaren 26ko jardunaldiek Gipuzkoa Kultura dute babesle eta Azpeitiko Udala laguntzaile.
Askotariko egitaraua
Urriaren 26an aletuko dugu jardunaldietako egitaraua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 09:15ean hasi eta 18:00ak bitartean. EHUko Nor Ikerketa taldeak egin duen azterketa batekin hasiko da eguna: euskarazko kulturak hedabideetan daukan tokia aztertu dute ikerlariek, Euskal Herriko 11 hedabideren webgunean kultura kategorian 2023an argitaratutako edukiei erreparatuta. Bi ardatz ditu lanak: euskarazko kurtulgileak/euskarazko kultura zenbat agertzen diren, batetik; eta nortzuk agertzen diren, bestetik.
Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio-jarduna? mahai-ingurua etorriko da gero. Bertan arituko dira hizketan, Inma Errea kazetari eta itzultzailearen esanetara: Iñaki Etxeleku Thikoipe (aktorea, kultur-eragilea, kazetaria), Ane Zuazubiskar Iñarra (bertsolaria, kazetaria) eta Josune Velez de Mendizabal Fernandez de Garaialde (aktorea, ipuin-kontalaria, kazetari izandakoa).
Bazkalondoren, kultur kuotak izango dituzte hizpide. Munduko hamaika herrialdetan daude indarrean tokiko kultura ezagutarazteko eta kultura horren fruitu zahar zein berriak komunikabide eta hedabideen bitartez gizarteratzeko planak eta legeak. Izan irrati, izan telebista, izan plataforma digital… kultur kuotak Europako estatu gero eta gehiagotan ari dira ezartzen. Pandemia ostean, areagotu egin da halakoen ugalketa.
Zer gertatu da azken urteotan, bada, kultur kuota horien beharra areagotzeko? Hizkuntza gutxituetan ardaztutako kultur eta komunikazio sistemei zein ekarpen egin diezaiekete kuoten ezarpenak? Galdera horiei erantzuten saiatuko dira Amagoia Gurrutxaga Uranga (LANARTEAko koordinatzailea) eta Pol Cruz- Corominas (Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko kidea). Azken horrek Kataluniako kultur kuota sistema eta Espainiako Ikus-entzunezko Lege berria izango ditu hizpide nagusi.