Miren Agur Meabe
Aurten 60 urte bete ditut eta ez dut gezurrik esango esaten badut txikitatik erabili dudala boligrafoa eskuan. Boligrafoaren bidez pentsatu izan dut, irudikatu eta maitatu. Halandaze, inoiz tatuaje bat egitekotan, esaldi hau grabatuko nuke: Tinta maite dut.
Idazteak nire nortasuna garatzen eta munduarekin konpontzen lagundu dit. Horregatik, idatzitako orrialdeak ere nirekin batera hazi izana itxaroten dut.
Lehen idazkiak taxutu bezain laster konturatu nintzen tintazko bideetan barrentzeak bi eskabide gutxienez egingo zizkidala: hizkuntza lantzea eta hizkuntzarekin leiala izatea. Euskal idazleen artean neure tokia egin nahi nuen eta bilaketa horretan ezin ordainduzkoak gertatu zaizkit editoreen begirada, lagunen arrimua eta irakurleen estimazioa.
Orain dela hamabi urte erabaki nuen orduko lanbidea uztea aurrerantzean literaturari emateko nire kemena eta denbora. Ez naiz behin ere damutu.
Baditut beldurrak: irakurleak nire lanarekin gogaitzen badira, zer?
Baditut kezkak: eta autoexijentziaren talaiara igotzeko makaltzen banaiz?
Baditut kexak: zergatik jardun behar dugu sarritan merke-zurrean (eta sosak nekez jaso, guk geure zeregina adostu bezala bete badugu)?
Baina batez ere, badut iparrorratza: “Hitzok, ez utzi ofizio hau albora dezadan / nahiz eta gordinak jo, nahiz eta onurak jan”.