Argazkia: Eusko Legebiltzarra

LANARTEAren agerraldia Eusko Legebiltzarrean (I)

Miel Elustondo, Garbine Ubeda eta Amagoia Gurrutxaga LANARTEAkideak Eusko Legebiltzarrean izan dira, euskararen langile profesionalen elkartearen izenean, euskaraz eta euskaratik sortzen eta interpretatzen duten artisten aldeko neurri zehatzak aldarrikatzen.

Segidakoa, agerraldiaren abiaburu gisa Ubedak egin zuen hitzartze osoa da:

Egun on.

Mila esker handi bat historia triste baten edertasunaz interesatzeagatik.

LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen izenean gatoz. Sortzaile zein interprete; idazle, musikari, aktore, bertsolari, irudigile, kazetari, itzultzaile zein dantzari, askotariko artistak gaude bertan. Gure ohorezko bazkideen zerrendan, euskal kulturan itzal luzea duten autoreak eta artistak aurkituko dituzue: Bernardo Atxaga, Juan Mari Beltran, Amaia Lasa, Jon Zabaleta, Josu Zabala, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Niko Etxart, Irene Aldasoro, Ramon Agirre, Piter Ansorena, Koro Navarro, Xabier Amuriza, Elixabete Garmendia, Natxo de Felipe, Klara Badiola, Benito Lertxundi, Antton Olariaga, Amaia Zubiria, Xabier Olarra, Niko Etxart, Joseba Sarrionandia…

2020tik gaude erregistratuta Eusko Jaurlaritzaren elkarteen zerrendan, baina pandemia aurretik hasi ginen mugitzen, prekaritatea eguneroko bizimodua zelako sektore honetako ideiak, formak, mamiak eta tendentzia artistikoak sortzen eta interpretatzen dituztenen bizitzetan. Baina bizitza horietan pandemia bat behar izan dute horretaz hitz egiten hasteko.

Historia triste bat, bai.

IKUSEZINAK GARA

Diziplinakako diagnostikoak egiten hasi ginenean, ildo eta espezialitate anitzeko sektore hau arazo berak alderik alde urratzen duela ikusi genuen: gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten, irudi erromantiko eta bohemio samarra dauka gutaz. Hodeietan bizi garelakoan, txaloek eta noizbehinkako sariek asetzen gaituztelakoan.

Gure entzule, irakurle eta erosle gehienen begietara ez gara langileak.

Eta administrazioak ez digu ematen gure jardun profesionalak behar duen arreta eta errespetua.

Eskubideak dauzkagu, baina sistemak ez daki eskua ematen.

HIZKUNTZA SUBORDINATUTAKO ARTXIPIELAGOA

Bestalde, euskararen langile profesionalak garenez, komunitate autonomo honetako elebitasun diglosikoaren ondorioak pairatzen ditugu gure jardunaren maila guztietan: ekoizpenean, zabalkundean, ordainketan.

ꟷGure lan aukeretan, kulturaren barruan alegia, euskararen balioa ukatu edo ezkutatu egiten da.

ꟷKontratazioetan, ez zaigu behar bezala ordaintzen. Hitzaldi, ikastaro edo kontzertu, euskararen langile profesionala bigarren edo hirugarren mailakotzat hartzen da.

ꟷPromozioan, hedabide publikoek euskaraz sortutako kultura ez dute letra larriz idazten den Kulturatzat hartzen.

ADMINISTRAZIOA, SASIAK JANDAKO BIDEA

Autonomotan alta emanda egonik ere, babesgabe sentitzen dira langileak.

Gutxieneko soldataren mailatik beherako diru apurrak jaso ahal izatera, ikasle-artistek profesionalen pareko baldintzak bete behar izaten dituzte.

120 euro kobratzeko 6 eragiketa administratibo egin behar dituzte egileek.

Betebehar teknokratikoetan orduak eta diruak utzi behar dituzte autoreek zein interpreteek.

Epigrafe espezifiko baten ezak zurrunbiloan harrapatzen ditu bertsolariak.

Gestoriako aholkulariaren esana bete arren, lan-ikuskarien bisita jaso ohi  dute idazleek.

Amaitezina da zerrenda.

Ulertzen ez gaituzten legeak.

Ulertzen ez ditugun araudiak.

Legearen interpretazio desberdinak.

Administrazioaren zurruntasun absurdoa.

Urteetako inertziak sortutako gestio zabarra.

Babes faltak batzen gaitu era guztietako artistok.

Egoera horretaz jabetzeak ekarri gintuen elkartea sortzera eta egoera horretaz jabetzeak ekarri gaitu Legebiltzar honetara.

FABRIKA KULTURATIK KULTUR FABRIKARA

Urteak dira kulturak politikarien lehentasunen zerrendan egoteari utzi ziola, ezpada turistak erakartzeko dibertimendu gisa. Politikariak, ezkerrekoak izan edo eskuinekoak izan, artearen eta oro har kulturaren teoria utilitarioan oinarritzen dira. Politikariak botoak behar ditu, eta, beraz, kulturaren kontzeptu hori ez dator bat sortzaileek kulturaz ulertzen dutenarekin. Kultura plazer hutsa baino sakonagoko kontua da. Mezu zuzena edo ikuskizun masiboa bezalako aldagaiak nekez onar daitezke sortzaile-hartzaile ekuazioan.

Sortzailea baztertu eta Industria nagusitu da, Kultur-Industria.

Munduko bisitari guztiak «etxean bezala» sentitu daitezen.

Saia gaitezen mapa ulergarri bat osatzen.

Utz dezagun alde batera izan beharko lukeena, zentratu gaitezen berez egun den errealitate horretan.

ZEIN BALDINTZA SOZIALETAN EGITEN DU LAN SORTZAILEAK EUSKARAREN KULTURAN?

Lehenik, euskal kulturaz ari garenean zertaz ari garen argitu behar genuke. Erdal kulturari ere euskal kultura deitzen baitzaio gero eta gehiagotan, gaztelaniaz zein euskaraz.

Eta, begi bistakoa denez, euskararen kultur sistemaren giharra, bozgorailu kopurua eta lege babesa ez dira erdarenen neurri berekoak. Ezin dira maila ekonomiko eta sozial berean jarri. Baina jartzen dira, gertatzen da, paperetan eta deklarazioetan esaten denetik praxira dagoen aldea amildegi handi bat delako. Iduri luke helburua euskaraz sortutako kultura ezkutatzea dela, kultura hegemonikoaren itzalpean diglosia egoerari ezikusiarena eginez.

Milioika hiztuneko komunitatea daukan hizkuntza batentzako pentsatutako errezetekin ezin da sendatu 809.000 hiztun eskasera murriztua dagoen komunitate baten kultur sistema. Helduen gorputzean testatutako botikek txikiaren menpekotasuna besterik ez dakarte.

Eta hala ere, euskara lurralde dinamikoa da.

Euskara abizenik ez daukan herritasuna da.

Euskara erroak adar eta adarrak erro bihurtzen dituen mundutasuna da.

Euskara baserritarrek zentsurari letraz eta doinuz aurre egin zieten dantzaldia da.

Euskara ahozko eta idatzizko literatura da.

Euskara hilero andana bat bertso berri sortzen dituen irudimena da.

Euskara urtero ehunka liburu eta kantu berri kaleratzen dituen feria da.

Euskara irudiek maite duten kolorea da.

Euskara hizkeraren baliabide guztiak artistikoki lantzen dituen multzo kritikoa da.

Euskara egunero hil eta pizten den landarea da.

ARTISTA IZATEA

Artistaren Estatutuaz ari zaizkigu 2020az geroztik han eta hemen. Eta  jendaurreko emanaldietan ari diren artistentzako neurriak aurkeztu dizkigute batez ere, etxetik ari diren sortzaileekin eta euskal kultur sistemako parte oso garrantzitsua diren bertsolariekin ahaztuta.

LANARTEAn sortzaileak zein interpreteak gaude, autonomoak izan ala ez, eta denok gara artista.

UNESCOk 1980ko urriaren 27an ezarri zuen artista kontzeptuaren definizioaren arabera, hauxe da artista:

«Artelana sortzen duen pertsona oro, edo bere interpretazioa dela bide artelanaren sorkuntzan edo birsorkuntzan parte hartzen duen oro, bere sorkuntza artistikoa bizitzako funtsezko elementutzat hartzen duena, horrenbestez artea eta kultura garatzen laguntzen duena, eta bere burua artista gisa aintzat hartzen edo halakotzat aitortzeko eskatzen duena, kontuan hartu gabe lan-harremanen batean edo bestelako elkartze moduren batean ari den ala ez».

Hori gara gu. Artistak. Euskaldunak. Autonomoak batzuk, ikasle langabetu edota erretiratu bestetzuk, eta artistikoa ez den lanbideren bat dugunak askotxo.

SORKUNTZAREN ALDEKO POLITIKA BAT

Nekatuta gaude kulturaren alde daudela esan bai baina kulturgileen aldeko neurri zehatzak planteatzen ez dizkiguten politikez. Neurri zehatzak nahi ditugu. Ezinbestekoak zaizkigu, iraungo badugu. Eta neurri horiek ontzeko prozesuan parte hartzeko prest gaude. Neurriok zertarako? Kulturaren bitartez gure gizartea biziberritzeko, eta, aldi berean, kultura bera biziberritzeko. Horretarako, asmo onen zerrendez haratagoko neurriak eta planak behar ditugu, hil arteko tratamendu paliatiboak behingoz atzean utzita. Hau ez da plazebo kontua. Hau POLITIKA KONTUA DA. Gure kultur sistemaren iraupena merkatuaren legearen eskuetan uztea ere POLITIKA DA. Eta merkatu hutsaren pelikulak ez du amaiera onik guretzat. Beren lurraldean hegemonikoak diren hizkuntzentzat ere ez, indarrean jarri dituzten lege eta kuota sistemek erakusten diguten bezala, Frantzia hurbil daukagu. Zergatik egiten diogu uko guk geure hizkuntzaren eta kulturaren babeserako neurriak pentsatzeari? Benetan uste al dugu ez ditugula behar?

LANARTEAk egindako azterketen arabera, halako neurriak hil ala bizikoak dira.

EITB

Horregatik, batzorde honi eskatzen diogu, besteak beste, EITBn euskal kulturari berebiziko ikusgarritasuna emateko, gutxieneko kuotak ezartzeko irizpideak adosteko prozesuari ekin diezaion, nazioarteko ereduak aztertuta eta kultur sistemako eragileen behar espezifikoak kontuan hartua. Euskarak daukan uharte publiko bakarra delako erdarek hartutako itsaso erraldoiaren erdian.

EITBk Kultura eta Hizkuntza Sailaren aurrekontuaren parte handiena hartzen duenez (%51,8), euskarazko kulturari berebiziko tokia egitea dagokiolako. Futbola, pilota, aizkora, harrijasotzeak, txirrindularitza, estropadak… kirolak eta reallity-ek betetako programazioan, euskal kulturak ez du tokirik (ia).

ETXEBARRU

Politika kontua da, hala berean, dirutza publikoz lagundutako jaialdietan toki duina ez gordetzea euskarazko kultur adierazpideentzat; Guggenheim Urdaibairi buruz hitz egiten hastea eta gure kultura nazioartekotzeari gorazarre etengabea egitea, etxean bertan gure kultur lanak ezagutarazteko zirkuituak eta espazio finkoak ez ditugunean. Etxepare Institutua baino premiazkoagoa zaigu, gaur gaurkoz, Etxebarru Institutu edo dena-delako indartsu bat. Horretan ere egin dezakezue ekarpena.

Politika kontua da, nola ez, aldiro kultura planak aurkeztea eta horietan artistek baino askoz pisu gehiago izatea artiston lanari etekina ateratzen dioten enpresek eta erakundeek.

Kultura 2028 Plan Estrategikoan, esaterako, kantari, aktore, abeslari, bertsolari, itzultzaile hitzak ez dira INON ageri; idazle, dantzari, irudigile eta musikari BEHIN ageri dira; eta antzerkigile bi aldiz. Kultura ez dugu pertsonek egiten, nonbait, industria deitzen zaion ente batek baizik, erakunde publiko zein pribatuen eta gero eta ugariagoak diren bitartekariei esker.

Aspaldiko kontua da.

Industria horrek saldu nahi diguna zerutik datorrela sinestera iritsi gara ia. Hala, pentsamendu magikoa erantsi diogu industriaren kontzeptu jakin bati; dagoeneko ez daukagu zertan bi minutu galdu kulturaren oinarri-oinarrizko lehengaia sortzen (kultur adierazpidea) eta interpretatzen duten pertsonen egoeraz, euren lan baldintzez, gizarte segurantzak opa dien babes(ez)az.

ZEHAZTUZ

Legebiltzarkideok daukazuen ahalmena gogoan, hona gure eskaera nagusia: artisten aldeko politikak egin itzazue, ez dezagula kultura hitza hainbeste entzun, eta ikusi dezagula kultur politika eraginkor bat.

Artisten aldeko politikak eraikitzen hasteko, oinarrizko eskakizun zehatz hauek egiten dizkizuegu LANARTEAtik:

1. Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta evento erraldoietatik. Premisa hori gauzatu ezean, gurea bezalako kultur komunitate murriztuak pixkanakako desagerpena beste etorkizunik ez daukalako, beste arlo batzuen bilakaerak argi asko erakutsi diguten bezala: denda txikiak, baserritar eta arrantzale xumeak…

2. Hizkuntzaren aldagaia zehar-lerro gisa ezartzea sektoreari buruz egindako estatistika, datu bilketa eta azterketa guztietan, ordezkatzen dugun kolektiboak eta bere lanak daukan eragin sozialari benetako neurria hartzeko.

3. Ogasun politika arrazional bat, artisten errealitateari erantzungo diona eta irizpide garden, zuzen eta justuak izango dituena jardunbideak zergatzerakoan. Puntu honek berebiziko garrantzia dauka autonomoak ez diren sortzaileentzat ere. Horretarako ekarpen bat da helarazi dizuegun txostena. 1.000tik gora sortzaile biltzen dituzten Euskal Idazleen Elkartea, Itzultzaile Elkartea, Bertsozale Elkartea eta Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean definitu ditugu bertan ageri diren kasuistika eta egoera hobetzeko neurri zehatzak. Neurriok babes ditzazuen eskatzen dizuegu:

•   Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ogasunei eskatzen diegu euskal sortzaileen diru sarrerak lan etekintzat hartzea, aktibitate profesionalen etekintzat jo beharrean. Honek ekarriko luke:

a) JEZen alta eman beharrik ez izatea

b) BEZaren deklaraziorik egin beharrik ez izatea salbuetsita dauden diru sarrerengatik

d) TiketBAI sistema erabili beharrik ez izatea

e) Gizarte segurantzaren Langile Autonomoen Erregimena ezarri beharrik ez izatea.

Hau horrela izanez gero, sortzaile gehienen arazo administratibo eta fiskal nagusiak desargertuko lirateke.

•   Aurrekoa lortu bitartean, zera eskatuko genuke:

a) Idatzi, ilustratu, bertsotan egin… euskal sortzailearen aktibitate nagusia ꟷegile eskubideak sortzen dituelakoꟷ BEZik gabekoa denean, aktibitate horretatik eratorritako aktibitate gehigarriak ere BEZetik salbuetsiak egotea. Horrekin, sortzaile horiek beren lanari buruz ematen dituzten hitzaldi, tailer, ikastaro eta antzekoak BEZa ordaitzetik salbuetsita leudeke.

b) Aurreko puntuaren osagarri eta indargarri, JEZeko epigrafeen artean bat aukeratzea proposatuko genuke, eta euskal sortzaile guztien jarduna bertan sartzea. Horrekin, argi geratuko da epigrafe hori BEZetik salbuetsia eta TicketBAItik kanpo geratzen dela.

•  Bertsolariak literatur sortzailetzat hartuak izan daitezen eskatzen dugu; zehazki, ahozko literaturaren sortzailetzat hartu ditzaten. (JEZen)

•   Bateko eta besteko administrazioekin egin ditugun bileretan, batean baino gehiagotan aitortu digute zailtasunak dituztela euskal sortzaileek fiskalitate arloan egindako galdera zehatzei erantzun zehatzak emateko. Agerikoa da, beraz, euskal sortzaileek erantzun zehatzak eta koherenteak behar dituztela. Horretarako, ogasun guztietan sortzaileen galderak erantzuteko gauza izango diren kontsulta puntu espezialduak eskaintzea eskatzen dugu. Eta prest gaude gure galderak, esperientzia eta proposamenak kontrastatzeko, erantzun egokiak bilatzeko.

4. Euskarazko kultur proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan (EITBn azpimarra berezia eginez), euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa.

5. Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko: kultura horrentzako zirkuituak sortzea eta indartzea etxean bertan.

HALA ERE

Hauek guztiak hala izanik ere, euskal sortzaileok lanean segitzen dugu, gure onenak ematen.

Eta gure onenak on egiten dio munduari.

Eskerrik asko zuen arretagatik.