Arte eszenikoak euskaraz lantzen dituzten aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleek hitzordua daukate aste honetan Aulestin. 650 biztanleko udalerri hau Artedrama Euskal Laborategiaren (ADEL) antzerki topaketen goitza da duela hamazortzi urtetik hona, eta aurtengoan hamasei ikasle hartuko ditu, hilaren 10etik 15era bitartean, arte eszenikoen laborategian parte har dezaten. Egunero, zortzi orduko ikastaroa jasoko dute, Myriam Perez Cazabon, Iñaki Rikarte, Ane Sagues, Oier Zuñiga, Itziar Manero eta Ander Lipus irakasle dituztela.
Aulestiko jaialdiak badu beste ardatz bat, baina, ikastaroen osagarri: zuzeneko emanaldiena. Herriko frontoian izango dira denak, eguneko bat, 21:30ean. Hala, Atx Teatroak Balbea obra taularatuko du astelehenean bertan; Kulunka konpainiak, asteartean, Andre & Dorine; Itziar Manerok, asteazkenean, Memoria; Oier Zuñigaren Eresia ikusi ahalko da ostegunean; Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan ostiralean; eta, azkenik, Axut eta Artedrama konpainien Hondamendia, larunbatean. Sei ikuskizunetatik lau lehenak doan izango dira; azken bietarako sarrerak Ilun-zar tabernan eskuratu ahal izango dira, 5 euroren truke.