Garbine Ubeda LANARTEAkideak egindako hasiera hitzartzearen ondoren, Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordeko kide guztiek hartu dute hitza, txandaka, talde txikienetik handienera. Elkarrekin Podemoseko Gustavo Angulok esan du LANARTEAren analisiarekin bat egiten duela bere alderdiak: «Horregatik babestu genuen Artistaren Estatutuaren sorrera. Geratzeko etorri da, eta zuek behar baino beranduago dator».
PSE-EEko Alberto Alonsok ere Madrilen lantzen ari diren Artistaren Estatutua aipatu du: «Sektorearen profesionalizazioa behar da. Artistaren Estatututik heldu behar zaio egoerari. Hori behar du izan aldamioa. Urratsak egin ditugu aurrera. Fiskalitate arloan badago zeregina, eta hemen dagokigu egitea. Eskubide osoa duzue lana duintasunez egiteko».
Josu Estarronak, berriz, Euskal Artistaren Estatutua landu beharra aldarrikatu du EH Bilduren izenean, eta gogora ekarri, Legebiltzarreko Kultura Batzordean bertan estatutu hori lantzeko proposamena egin zuela bere garaian koalizioak: «Pandemiari erantzunez neurri eta erabaki azkarrak hartu dira, baina ez da probestu aldaketa estrukturalak gauzatzeko, kultur politikan jauzi kualitatibo bat emateko. Kulturaren izaera estrategikoan sinesten baldin badugu, beharrezkoak dira, eta guk uste dugu gure kulturak tratu berezi bat behar duela. Horregatik planteatu genuen legealdi honen hasieran Artistaren, Sortzailearen eta Kultur langilearen Euskal Estatutu bat ontzeko ponentzia bat egitea». EAJk eta PSE-EEk ponentzi ahori sortzearen aurka bozkatu zuten.
Hobekuntzarako tarte handia dagoela nabarmendu du Estarronak, hasi udaletxeetatik eta Eusko Jaurlaritzaraino. «Eskumenetatik haratago, Espainiako Artistaren Estatutuak ez ditu kontuan hartzen euskarazko kulturaren ezaugarriak, ez die erantzuten euskaraz aritzen diren hainbat sortzaileren egunerokoari».
Garikoitz Mendizabalek hartu du hitza ondoren, EAJ ordezkatuz. LANARTEAko kide izateko eta sentitzeko «inongo kezkarik ez» daukala esan du, bera ere artista den aldetik: «Erabat bat nator egiten dituzuen gogoeta eta eskaera guztiekin. 2018tik agendan dago Artisten Estatutua eta egin dira gauzak. Hemen izango dute eragina onartzen ari diren neurriak. Baina egia da horrek ez dituela konponduko hainbat alorretan hemen dauzkagun arazoak. Lanean segitu beharra dago».
LANARTEAk Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin dagoeneko eginak dituen hiru bilerak aipatu ditu Mendizabalek segidan, Legebiltzarreko Kultura Batzordean planteatutako hainbat arazo bilera horietan ere hizpide izan direla erantsiz: «Prest gaude behar den tokian hitz egin eta zuzentzeko. Fiskalitatean dagoen ezintasunari buruz, berez ez da Jaurlaritzaren eskumena, baina kezkatzen du eta jarraituko du aldundiekin elkarlanean».
LANARTEAko koordinatzaile Amagoia Gurrutxagak erantzun die legebiltzarkideen zenbait adierazpenei: «Madrilen ontzen ari diren Artistaren Estatutua behin baino gehiagotan aipatu da hemen, eta gauza bakarra esango dugu: ez dute kontuan beraiek hartzen duten eremuan kultura gutxituak daudenik eta horietan ere sortzaile jendea gaudenik. Euskal kultur sisteman hainbesteko pisu espezifikoa duten bertsolariak ez dira aipatu ere egiten, adibidez. Horrek argi uzten du zer toki daukagun hor: ez gaude». Profesionalizazioan azpimarra jartzeari buruz, euskal kultur sisteman profesionalak gutxiengo erabatekoa direla nabarmendu du: «Jakina hor erabakiko den zenbait neurrik gure egunerokoan eragina izango duela, onerako gainera, eta ongi-etorriak izango dira. Baina gure gorputzaren neurriei erantzungo dien jantzi bat behar dugu, gure errealitateari erantzungo dion zerbait».
Arrazoi eman dio Mendizabali Gurrutxagak: LANARTEAk bilerak eginak ditu Eusko Jaurlaritzarekin. Baina ez berarekin bakarrik: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei ere helarazi die elkarteak Legebiltzarrean aurkeztu duen fiskalitate txostena. LANARTEAk koordinatu du txosten hori, eta bere bazkideei txostenaren ontze prozesuan parte aktiboa hartu duten EIEren, EIZIEren, Galtzagorri Elkartearen eta Bertsozale Elkartearen bazkideak batuta, 1.000tik gora sortzaile ordezkatzen ditu. «Iaz hasi ginen txosten hau egiten; lehen partea bukatu ere bai. Bigarren partea da hemengo txosten hau. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Kultura diputatuei eta hiru herrialdeotako ogasunei bidali diegu. Jaurlaritzari ere bai. Gu beti gaude prest gurea konpartitzeko, gure ekarpenak egiteko eta kontrastatzeko».
Mielanjel Elustondo LANARTEAkideak eskaera zuzena egin du: «Zuek pentsatu Benito Lertxundik sufritu egiten duela egoera hau, Bernardo Atxagak sufritu egiten duela egoera hau, Amaia Zubiriak sufritu egiten duela egoera hau. Euskadi Itzulpen Saria bi aldiz irabazi duen Irene Aldasorok ere sufritu egiten duela egoera hau. Gurea, alde horretatik, laguntza deia da. Gu ari gara gure azterketak eta gogoetak egiten, eta faborez lagundu. Gu hor gaude, baina, batzuetan, ez bageunde bezala da. Faborez, kontsideratu kultura ez ezik, kultura egiten duena, pertsona bat. Pertsona helburu? Kontatu pertsonarekin, ez hitz egin bakarrik birtualitatean».
Amaitzeko, euskal sortzaileei ikusgarritasuna eman behar zaiela nabarmendu du Gurrutxagak: «Hemen bizi direnek, euskaldunak izan ala ez, askoz errazago jasotzen dute gaztelaniaz eta ingelesez sortzen denaren berri euskaraz sortzen denarenaz baino. Hori nola irauli da pentsatu beharrekoa, hemen bizi denak jakin dezan hemen zer sortzen den». Ezagutzatik etorriko dira artistak bere lana jendaurrean ezagutarazteko eta defenditzeko aukerak. «Horretarako, baina, zirkuituak behar dira. Horretaz ari gara Etxebarru Institutua behar dugula diogunean. Asko hitz egiten da gure artisten lana nazioartekotzeaz, baina zertarako nazioartekotu, etxean bertan inork ere ez bagaitu ezagutzen? Eta hor ere, EITBk joka dezakeen rola garrantzitsua da oso. Artisten lana ezagutarazteko bide zuzena delako, eta ezagutzatik datozelako gero jendaurreko emanaldiak. Horretaz hitz egin behar da».
Azken esaldi batean laburbildu du LANARTEAk Legebiltzarreko bere agerraldiaren mezu nagusia: «Artisten aldeko politikak egitea eskatzen dizuegu, azken batean. Sortzeko baldintza onak egon behar direlako eta gaur egun ez daudelako».