Gaur zortzi egin zuten udaberriko laugarren Sormeneren lehen ekitaldia, baina gaurtik igandera bitartean aletuko ditu bere egitarauko ale gehienak. Gaur goizean, esaterako, ikasleentzako bideo tailerra eman du Josi Sierrak, Bideo Sormene. 19:00etan, berriz, Bapateko Sormene ekitaldia egingo dute Torrezabal kultur etxean. Bertan, Galdakaoko kultur sortzaileak ariko dira, bat-batean sortutako ikuskizun bat sortzen: Alfonso Medina, Aratxo Angulo, Beñat Armentia, Gaizka Chamizo, Garazi Arrese, Ione Ibarretxe, Karlos Aretxabaleta Txapel, Marijose Bayon, Naroa Larriba, Nerea Larrazabal eta Shakti Olaizola.
Bihar goizean, ostirala, Karmele Gorroñok Horma irudi ibiltaria tailerra emango die ikasleei, eta Atx Teatroa konpainiak Oihana antzezlana taularatu du 19:00etan.
Larunbatean, Dantzaren Nazioarteko Eguna izanik, Divenire dantza eskolakoek emanaldia egingo dute 18:00etan Urretan; eta 21:30ean, Bertikala eta zorua bertikalean ikuskizuna estreinatuko dute Taupada dantza eskolako kideek eta Zinbulu kolektiboak, Torrezabaleko horma batean.
Ez da hori larunbateko eskaintza bakarra: Akeer taldeak kontzertua emango du Iturrondon (19:15); balkoitik balkoirako bertso saioa egingo dute Someran, Josune Aramendi eta Paula Amilbururekin (20:00); eta emakume rap kantariak ariko dira Santi Brouard plazan: Fani, Herbas & M Arta eta La Basu (20:45).
Igandean, egitaraua itxiz, Bideo Sormene rallyan sortutako film laburrak emango dituzte.