IV. Hitzaren Eskolan izen emateko epea zabalik da

2019an abiatu zuen Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibak Hitzaren Eskola, Dinamoan. «Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Hitza hartu, hainbat alderditatik aztertu, geure egin, hitza hartzeko. Geure hitzez ulertzeko eta kontatzeko mundua».

Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre aritu ziren irakasle lanetan 2919-2020ko lehen ikasturte hartan. Bigarrenan, Arantxa Iturbe, Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña eta Xabier Erkizia izan ziren irakasle. 2021-2022 ikasturtean, berriz, Ula Iruretagoiena, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan, Miren Artetxe eta Amets Arzallus aritu ziren.

Irailaren 2tik azaroaren 25era bitartean egingo dute Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa, bada, larunbatero 09:00etatik 13:00etara. 48 ordu, guztira. Ikasturte berria aldaketekin dator. «Laburragoa da orain, baina lehen bezain trinkoa izateko xedez. Lau irakasle izango dira orain, baina bakoitzak irakasle gonbidatu bat ekarriko du bere azken saioan, bere jarduna eta eskolarena aberasteko», antolatzaileek zehaztu dutenez.

Amets Aranguren, Itziar Ugarte, Irati Gorostidi eta Joseba Sarrionandia izango dira aurtengo irakasle-tutoreak, hiru astez arituko da bakoitza taldearekin lanean. Eta irakasle bana gonbidatu dute: Ion Celestino Arangurenek, Maider Oleaga Ugartek, Arantza Santesteban Gorostidik,  Peru Magdalena Sarrionandiak.

Izen-emate epea zabalik dago, uztailaren 7ra bitartean. 375 euro balio du matrikula arruntak. Ikasle, langabe eta erretiratuek merkeago dute: 250 euroan.