Lagun minak lanagatik Espainiako Kritika Saria jaso berri duen Jon Benitorena izango da aurtengo Literaturiaren hasiera manifestua. Gaur irakurriko du, 20:00etan, Zarauzko Modelo aretoan. Segidan, Aizea eta Oihana Arana ahizpek, Aner Peritzek eta Oihana Aranak ondutako Azken Oturuntza ikuskizuna taularatuko dute bertan. Ahozko eta idatzizko literaturak dira lan hibrido horren ardatzak, jaialdiaren aurtengo hari nagusiari –eten kontzeptuari– tira egiteko.
Literaturia 2008an sortu zen, Larrabetzun, euskal literatura plazaren erdigunera ekartzeko helburuarekin, eta hamargarren urtea beteko du Zarautzen, igandera bitarteko egitarauarekin. Bihar, 11:30ean irekiko dute liburu azoka, Lege Zaharren plazako Ahotsenea karpan, eta 12:00etan inaugurazio ekitaldia egingo dute leku berean. Jaialdiak Iruñeko Karrikiri elkarteari egingo dio aitortza aurten, «oro har euskal literaturaren eta euskal kulturaren alde egin duen eta egiten duen lan guztiagatik».LANARTEAk abenduan aurkeztu zuen LAINEZA. Kultura haragi bizitan liburua salgai izango da bertan.
Goizean zein arratsaldean, askotariko aurkezpenak egingo dituzte karpan: goizekoak, liburu azoka zabalik den ordutegi berean –11:30etik 14:00etara–; eta arratsaldekoak, berriz, 18:00etatik 20:00etara –azoka 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik–. Igandean, 11:30etik 14:00etara bitartean egingo dituzte liburu azoka eta aurkezpenak.
LANARTEAk gidatutako mahai-ingurua
Ahotsenea karpa ez da izango jaialdiaren gune bakarra, baina. Modelo aretoa Literaturiako epizentroetako bat izango da, ohi bezala, eta epizentro horretan izango da bihar LANARTEA elkartea, 12:30ean, Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala eman eta segidan Erreteneko kronikak solasaldia gidatzen. Bertan parte hartuko dute Eneritz Artetxe antzerkigileak, Ainara Azpiazu Axpi irudigileak eta Koldo Izagirre idazleak, LANARTEAko koordinatzaile Amagoia Gurrutxagaren galderei erantzunez. 18:00etan, Ane Garcia eta Eider Perez arituko dira Modelon, Hitz esana performance poetikoarekin, eta 20:00etan, Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du bertan.
Gune berean, etzi, 11:30ean, Mare errezital musikatua emango dute Jon Martin, Iñigo Martinez, Ana Galarraga eta Udane Juaristik. 12:30ean, Bihurguneak eta bideak elkarrizketan mahai-ingurua egingo dute Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinagarekin.