Jaurlaritzaren Kultura 2028 Plan Estrategikoaren irakurketa bat

METODOLOGIA

«Planaren muina –helburuak, jardun lerroak eta ekintzak– 2021eko ekainean aurkeztu zitzaion Kulturaren Euskal Kontseiluari, eta zenbait iruzkin eta ohar jaso ziren. Irailean, berriz, Kultura Sailburuordetzako teknikari eta langileekin partekatu zen helburu, jardun lerro eta ekintzen taula, teknikarien inplikazioa erabakigarria baita zerbitzu eraginkor eta egokia eman nahi bada. 2022ko uda-udazkenean kultura alorreko hainbat pertsonari ere aurkeztu zaio, ardura tekniko edota politikoa izan dutenak, haien ekarpenez testua hobetzeko xedez eta Plan Estrategiko osoa aurkeztu zaio berriro Kulturaren Euskal Kontseiluari».

Eusko Jaurlaritzan bertan landu da planaren muina, eta Eusko Jaurlaritzaren ingurualdean partekatu da, teknikariak limurtzeko badaezpada ere. Gero, ardura tekniko-politikoa izan duten «hainbat pertsonari» aurkeztu zaio. Ez dakigu nor eta zein diren, baina sinesten dugu saiatu zirela testua hobetzen, alferrik baina.

Dena mamitu da demokraziarik estrategikoenean.

Ez da hain harrigarria ere, kulturaren izenpean Urdaibai bortxatu nahi duen gobernu baten lana dugu.

ZENTRALITATE BILA

«Plan Estrategiko hau burutzeak berak zentralitatea bilatzen du. 2019-2022 Kultura Plana ez bezala, dokumentu hau plan estrategiko bat da. Ez da, soilik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren plana. Gobernu osoarena da».

Lehendakaritza, lana eta enplegua, hezkuntza, osasuna, kultura eta hizkuntza, segurtasuna, gobernantza publikoa eta autogobernua, lurralde plangintza, berdintasuna, turismoa: gobernu oso baten plana izateak esan nahi luke hamabi sailburu dauzkagula. Interesgarria litzateke jakitea zer eta zenbat ekartzen dioten kulturari banan-banan. Negoziaketan ariko dira, ausaz.

ANBIZIOA

«Kulturaren sorkuntzan, eskaintzan eta transmisioan bikaintasuna eta eragin soziala sustatzeko asmoz egindako plan honek, Gobernuaren plan estrategiko bat izateaz gain, gainerako erakunde nahiz eragileekin lankidetzarako abiapuntu bat izateko anbizioa dauka».

Nola iritsiko gara bikaintasunera? Nolako baliabideak eskainiko zaizkigu? Ez dakigu, baina lankide nahi gaituzte. Doako? Erositako?

Ohar zuhurra: Agian, sortzaileok ez gara eragile. Adi!

EUROPA AHO ZABALIK

«2028an Euskadi bere herri garapenean kultura leku zentralean txertatu duen herri bezala ezagutua izango da Europan, sorkuntzarako eta talentua garatzeko eskaintzen dituen aukerengatik, kultura eskaintza oparoagatik, ondareari eta hura partekatzeari ematen dion arretagatik, kultura zaleen eta herritarren atxikimenduagatik, erakundeen arteko kooperazioan eta sektorearekiko lankidetzan garatutako politikengatik, kolaborazio publiko-pribatuagatik, kultura, garapena eta berrikuntza uztartzeko estrategiengatik, kulturaren jardun guztietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzeko eta bazterkeria egoera oro deusezteko konpromisoagatik, bere hizkuntzari eman dion bizitasuna eta indarrarengatik eta herritasuna eta mundutasuna uztartzen asmatzeagatik».

Komunikazio agentzia baten jenialkeria, kontseilaririk ausartenaren ideia, sailbururen baten harroaldi infantila… Dena dela, mingarria da guztiz proklama hori: herritarrak ergeltzat hartzen ditu oro har, eta iraindu egiten gaitu mundua, Europa barne, euskaraz bizi dugunok.

KULTUR INDUSTRIA

Beste hainbat txostenetan bezala, sarri aipatzen da Kultur Industria plan honetan. Baina adierazten dutena ez da kultura, ezta industria ere. Aitzitik, bestek sortutako kultura merkaturatzen dituzten bitartekariak dira Kultur Industriak gurean. Kultura terminoaz politikariak eta merkatariak jabetu direnez, saiatu behar genuke bereizten Kultur Industria eta Kulturaren Industria. Ingelesez desberdinak dira Culture Industry eta Cultural Industries. Euskal Kultura kontzeptua ere halaxe bereganatu dute: plan hauetan guztietan Euskal Kultura ez da Euskarazko Kultura edo Euskararen Kultura, baina bai EAEko kultura.

Ohar garrantzitsua: industriaren helburua negozioa da.

SORMEN INDUSTRIA

Hau ere maiz aipatzen da kultur plan honetan, modernitatearen aparrean dagoen izendapena da. Sormena, trebetasuna eta talentu indibiduala dute oinarri industria mota hauek. Esparrua bideojokoak, diseinua, moda, arkitektura, grafismoa, telebista sailak, irratia, argazkigintza, publizitatea… Jabetza intelektuala sortuz eta ustiaketa baliatuz, mozkinak eta enplegua sortzeko ahalmena duten industriak dira. Erran gabe doa teknologiaren alboan ari direla garatzen, eta talentua izaki sormen industriak behar duen lehengaia, gerta liteke sortzailea teknologiak bahitzea.

Ohar garrantzitsua: industriaren helburua negozioa da.

Ohar garrantzitsuagoa: sortzailearen helburua bere gain duintasunez bizi ahal izatea da.

HAINBESTE AIPATZEN EZ DIRENAK

Bahiketa, 2028 plan honek egin du. Sortzailea baztertuz industriei eman die protagonismoa, sortzaile autonomoak eta aldizkakoak izan arren kulturaren aurreneko katebegia.

Musika hogeita gehiago aldiz aipatzen da.

Kantua eta Kantaria ez dira behin ere aipatzen.

Abestia eta Abeslaria ez dira behin ere aipatzen.

Trikitixa ez da behin ere aipatzen.

Trikitilaria ez da behin ere aipatzen.

Bertsolaritza hiru aldiz aipatzen da.

Bertsolaria ez da behin ere aipatzen.

Liburutegia hogeita bat aldiz aipatzen da.

Liburua hiru aldiz aipatzen da (liburugintza, liburua saltzeko sistema, audio-liburua).

Literatura zortzi aldiz aipatzen da.

Idazlea behin aipatzen da (bekak direla eta).

Irudigintza ez da behin ere aipatzen.

Irudigilea behin aipatzen da (irudigileen garapen profesionala).

Dantza hamaika aldiz aipatzen da.

Dantzaria behin aipatzen da (Dantzaz programa dela eta).

Komikigintza behin aipatzen da.

Komikia behin aipatzen da.

Komikilaria ez da behin ere aipatzen.

Itzulpena ez da behin ere aipatzen.

Itzultzailea ez da behin ere aipatzen.

Kazetaritza ez da behin ere aipatzen.

Kazetaria ez da behin ere aipatzen.

Ez da oraingo kontua, 2015ean Laura Mintegik idatzi zuen zerbait jokabide honetaz: «Lakuaren leloa entzutea eta, aldi berean gizarte arloan egiten duen politika ikustea, urtikaria sorrarazteko modukoa da. Gaixotzeko modukoa da entzutea ‘Pertsonak helburu’ eta gero gobernuaren ‘Anti-pertsona’ politika ikustea».

Horrelaxe gaude 2023an ere, Ez-Pertsonak Helburu.

RATIO EUSKADI

«Euskadiko enpresen kopuru osoarekiko, kultura industrien pisua % 4,6 da, eta % 8,7 sormen industriena. Kultura eta Sormen Industrien alorra enpresen kopuru osoaren % 11,0 da. 100.000 biztanleko 325 enpresa dago kulturaren alorrean, eta 442,6 sormen industrietan; guztira, 767,6koa da ratio hau Euskadin».

Baina jakin gabe jarraitzen dugu zenbat autonomo eta aldizkako ari zaizkigun euskaldunak gozatzen bertsoz, nobelaz, poemez, ipuinez, irudiz, kronikez, antzerkiz, dantzaz, itzulpenez, abestiz, artikuluz, komikiz…

Kalkulu bat egingo bagenu 100.000 euskalduneko zenbat sortzaile profesional dauzkagun, agian, abiaburu on bat edukiko genuke jakinarazteko zergatik ez daukagun euskaldunek merezi duten sortzaile profesional gehiago.

Ez da, ez, gazteak gogotik saiatzeko prest ez daudelako.

ERREALITATEA ESTALIZ

Okerrik eta ahulgunerik detektatzen ez duten planak ez dira sinesgarriak izaten. Eta gure honek ez du inolako ikuspegi kritikorik. Horretara iristeko errealitatea aztertu behar luke, sektoreko hamaika eragileren ekarpenei tokia eginda. Baina nahikoa zaio sailburuordetzako teknikariekin eta teknokrazian jardundako zenbait pertsonekin. Horrenbestez, indarrik gabeko esaldi hutsak bilakatzen dira hauxe bezalakoak: «Plan honetan behin eta berriz adierazten da lankidetzan sakontzeko eta zentralitatea bilatzeko konpromisoa». Lankidetza? Norekin? Nola? Zer ekarriko dugu zentralitatera? Bilatzen ari gara oraindik?

EUSKARA NO COMMENT

Azken finean, euskal kantariak, idazleak, komikilariak, dantzariak, itzultzaileak, irudigileak, antzerkigileak, bertsolariak, kazetariak bahiturik, euskara da bahitzen digutena plan honetan. Gure kulturaren ezinbesteko ardatza den euskarak jasandako murrizketaren erreferentziak ez: «Kultura erdigunera». Diglosia hitza inon ez.

Eta euskal kulturak –euskarazkoak alegia– etorkizun bizi eta bizigarri bat emango dioten neurri berezi eta zehatzen premia larria dauka, plan honetan aipatzen ez diren erdaren nagusitasunari eta globalizazioaren indar fagozitatzaile eta oroberdintzaileari galga jartzen hasteko.

Ohar jakingarria: «Euskaraz sortzen den kultura arreta bereziz sustatzeko, zaintzeko eta gizarteratzeko ardura daukagu. Hizkuntza da geure gizartearen ondasunik preziatuena, eta herri bezala definitzen gaituena. Euskalduntze eta berreuskalduntze prozesu zail, konplexu eta ederrean dago gure gizartea konprometiturik, mendeetako menpekotasunaren eta urritze dinamikei aurre egiteko. Konpromiso horrekin uztartuta doa kultura euskalduntzeko eta berreuskalduntzeko ahalegina». 2019/2022 Kultura Planean adierazia.

ONDOTIK ONDORA

«Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoaren % 36,1 da euskalduna. Euskal Herri osoari erreparatuta, gizarte osoaren % 33,9 da euskalduna, eta horietatik % 29,7k erabiltzen dute hizkuntza ondo edo oso ondo. Euskaldunen kopurua gorantz doa etengabe, hezkuntza sistemari esker batez ere. Gazteak dira nagusiki euskaldunak (16-24 adin tartean, % 76,8 EAEn eta % 71,4 EH osoan; eta 25-34ko tartean, % 50,4 EAEn eta % 50 EH osoan)».

Hezkuntza sistema ez da aski gorantza doan euskaldun kopurua euskaltasunean mantentzeko. Hezkuntza arautuak sormena luke tresna paregabea ikasleak euskarara afektiboki lotzeko. Horrez gain, gazteen aisialdiak zaindu behar dira, eskolaz kanpoko gazteria teknikariak formatu behar dira, programa bereziak eskaini behar zaizkie hedabide publikoetan, ikasi dutenak balio bat edukiko duela bizitzan barneratu ahal izateko tresnak eskaini behar zaizkie, bokazio-tailerrak antolatu behar dira…

BESTEREN KULPA EGITEN

«Covid-19aren pandemiak markatu ditu 2020 ondoko urteok. Gizartea hankaz gora jarri duen osasun larrialdiak bereziki gogor astindu du kulturaren eremua, alderdi guztietan: sorkuntzan, ekoizpenean, kultura eskaintza bideratzen duten antolamendu publiko eta pribatuetan, haien gizartearekiko harremanetan eta publikoen ohituretan. Ohiko jarduna eten egin zen, urte horretarako aurreikusiak zeuden jarduera eta ekintzak bertan behera geratu ziren, birak, zirkuituak eta nazioarteko mugikortasuna ezinezko bihurtu ziren. Pandemiak, kulturaren beharra inoiz baino argiago ikusarazi du, eta aldi berean arrisku larrian jarri du kulturgileen biziraupena. Kulturgintzaren alderdi profesionala izan da –lan baldintzak, estuasun ekonomikoak, sortzaileen biziraupena, enpresa eta egituren jarraikortasuna…– guztion kezka nagusia 2020an».

Covid-19ak beste puntu batzuk ere erakutsi zituen. Kultur turismoa bertan behera utzi behar izan zenez, pandemia kultura indartzeko «aukera on bat» bihurtu zitekeela ikusi zuten hainbat gobernuk eta kultur erakundek. Artea, musika eta literatur eskaintza ederrak egin ziren munduan birtualtasuna baliatuz. Gurean ez bezala. Gurean ez zen «erresilentzia» publikorik izan. Bestalde, eta benetan, Covid-19 heldu baino zatiaz lehenagokoa zen artisten egoera tamalgarria. Planez plan, langileon zaurgarritasuna hotzeria ziztrintzat hartu izanaren ajeak dira pandemiak agerian utzi zituenak.

PENAGARRIZKO KUDEAKETA

«2019ko uztailean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen ‘Kultura Plana 2019-2022’ dokumentua. Eusko Jaurlaritzaren urte horietarako kultura politiken norabidea finkatzen du. Covid-19aren pandemiak, ordea, erabat baldintzatu ditu planaren garapena eta exekuzioa. Osasun larrialdiak eragindako krisiari erantzutea bihurtu zen, nahitaez, xede nagusia».

Ez hori bakarrik. Kultur arloari eskainitako laguntza ekonomikoen kudeaketan erabili ziren tresna birtualen matxurek eta zentzubako baldintzek hainbat sortzaile utzi zituzten laguntzarik gabe.

BAINA BALIAGARRIA IZAN ZEN

«Aurreko plana ez da, beraz, aurreikusi bezala burutu bere osotasunean, baina baliagarria izan zen Kultura Sailaren politikak ordenatzeko eta sektorearekin adostutako bideak sendotzeko».

Sektorearekin adostutako bideak, ordea, ezezagunak dira sektoreko langileentzat. Sortzaileok, interpreteok ez daukagu ordezkaririk kulturaren politikan. Horrela gabiltza gabiltzan xenda deserosotan, bide sendotan ibili beharrean.

POZOIA

«Ukaezina da kulturaren garrantzia herri baten kanpo irudian eta herri baten erakarmenean. Kultur eskaintza kalitatezko turismoaren osagai funtsezkoa da».

Kultura eta turismoa lotzea pozoi hilgarria da Euskal Herri osoan. Urteak daramatzate borrokan horren aurka iparraldeko sortzaileak. Turistak erdaldunak izango ditugu beti. Eta guk ez dugu erdaraz kantatzen. Ez dugu kanpo irudirako dantzatzen. Ez daukagu folklorea bisitariaren gozamenerako.

Baina mundurako dihardugu euskaraz.

Kultur eskaintza osagai funtsezkoa da kalitatezko herritarrak izateko.

Herritarra da printzipala, ez turista. Gobernuak espektakuluak nahi/behar ditu.

ERREALITATERA EGOKITZEKO

«Euskadin, langile autonomoak dira kulturaren alorreko enpleguaren % 60,2, eta sormen industrietan % 74. Hala ere, argitu beharra dago errolda horiek kulturaren errealitatera egokitu beharra dagoela, ugari baitira klasifikazio desegokietan edo kulturatik kanpoko klasifikaziotan izena emanda dauden profesionalak».

Datu horiek ez dute askorik balio ez badakigu langile autonomo horiek urte osoko zergak kotizatzeko lain jasotzen duten edo ez, nolako diru sarrerak dituzten. Intermitentzian bizi dira, baina intermitentziak Frantzian daukan estatuturik gabe. Horrek denak eragin zuzena dauka erretiro duin bat izateko eskatzen dizkiguten baldintzetan. Bestalde, jakin behar genuke zenbat sortzaile profesionalek utzi dioten autonomo izateari. Eta ikuskizun dugu, Lanarteak eskatu bezala, ogasunek irizpide bateratuak adostuko dituzten profesionalen epigrafeak atontzeko, zerga sistema gure errealitatera egokitu eta errazteko.

Galdera garratza: zergatik ez dakigu inoiz nolako ehunekotan dabiltzan sortzaile autonomoak gure hizkuntzaren kultur alorretan?

ZAILTASUN HANDIAK… BIZITZEKO!

«Izan ere, askok jardun sortzaileari denboraren zati bat eskaintzen diote, bestelako lanekin partekatu beharragatik; maiz jardun etena izaten dute; kontratu finkorik gabe lan egiten dute gehienek. Horrek zailtasun handiak dakartza kultura jarduna lanbide gisa identifikatzeko. Ondorioz, sortzaile horiei ez zaizkie aitortzen gainerako langile eta profesionalen eskubide sozial eta laboralak. Hori da, hain zuzen, hurrengo urteetan konpontzen saiatu beharko den auzia».

Ez dago auzirik, kontratatzaileek egiten dutenak beste izen bat dauka. Ez da onargarri xalotasun hori. Enpresa kontratatzaileek subentzioak jasotzen dituzte. Baina Kultura ez da arduratzen subentzioak behar bezala kudeatzen ote diren, alegia, ez dela jakitun kontratatzaileek baldintza duinetan kontratatzen ote gaituzten. Ekonomia ere ez. Lau ogasunetatik bat ere ez.

Ohar mingarria: euskararen langile autonomoak euskara bera indartu, lagundu, aupatu behar izaten du. Etenik gabe. Profesionala ez balitz bezalaxe.

PROGRAMAZIO ESTRATEGIKOAK?

«Hurbiltasuna da, ugaritasunaz gain, Euskadin ematen den programazioaren beste ezaugarri bat. 2019an, musika programazioan % 60 baino gehiago zen bertako artista, arte eszenikoetan % 69,4, ikusizko arteetan % 83,4, eta argitalpenetan % 49,1».

Nongo artistak dira argitalpenen %50,9 hartzen duten bertakoak ez diren horiek? Zein generotan? Zein hizkuntzatan? Eta kobrantzak, nolakoak? Ze praktika ezartzen zaio euskaraz diharduen artistari? Eta bertakoa ez denari?

KOSTALDEA NARRASTEN

«Nazioarteko erakargarritasuna bere eginkizunaren baitan duten museo eta jaialdiek kulturaren euskal kostaldea marrazten dute munduan. Guggenheim, Balenciaga eta Chillida-Leku bezalako museoek eta nazioarteko jaialdiek (Donostiako Zinemaldia, BBK Live, Azkena Rock, Musika Hamabostaldia, Jazzaldiak…)».

Kulturaren euskal kostaldea ez da euskal kulturaren kostaldea, kasu. Ezta barnealdea ere, Kulturaren Euskal Behatokiak eman berri dituen datuen arabera: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023ko lehen hiruhilekoan egin diren musika kontzertuen % 27,5 eta antzerki emanaldien %35,2 bakarrik izan dira euskaraz.

Honek ere zer edo zer marrazten du munduan.

EUSKALDUNOK BETI GEZURRETAN

«Oro har, EAEn, elebidun diren euskaldunen % 53,8k adierazten dute kulturan parte hartzen dutela, eta, aldiz, gizarte osoaren % 24,9k. Euskaldunek kulturarekiko zaletasun, ohitura eta maiztasuna handiagoa agertzen badute ere, ez du horrek esan nahi euskaraz bizi dutenik beren kultura zaletasuna».

Elebiduna eta hirueleduna eta laueleduna eta bosteleduna ez den euskaldunik ba al dago bada EAEn? Euskalduna elebiduna da (gutieneko) Bidasoaren bi aldeetan.

Planaren erdarazko bertsiora jo behar da lehen esaldia ulertzeko: «En general, en la CAPV, el 53,8 % de los euskaldunes bilingües manifiesta participar en la cultura, frente al 24,9 % del conjunto de la sociedad».

«Gizarte osoan» edo «el conjunto de la Sociedad» horretan euskaldunak zein erdaldunak gaude noski. Horrek esan nahi du kultur zaletasunaren % 24,9 hori puntu batzuk apalagoa izango litzatekeela euskaldunok gabe. Aitortzea ez legoke gaizki.

Euskaldunek kulturarekiko interes handiagoa erakusten dute erdaldunek baino, eta hala ere, «horrek ez du esan nahi euskaraz bizi dutenik beren kultur zaletasuna», hots, «ello no significa que vivan en euskera su afición por la cultura». Zaila da ulertzen hau ere. Ez ote da euskaldunok ez dugula euskaraz bakarrik bizi kultura? Elebidunak gara gutieneko, oroi!

Ohar bat euskaraz: Euskaldunek kulturarekiko zaletasun handiagoa dute erdaldunek baino, besteak beste, beren hizkuntza indartu nahi dutelako. Erdaldunek behar ez duten kontzientzia linguistikoa dute. Diglosiaren erdigunean bizi dira.

Ohar bat gaztelaniaz: erdaraz ez da «afición por la cultura» esaten, «interés por la cultura» esan eta idatzi ohi da.

OKERRA ZUZENTZEN?

«En general, la mitad de los vascohablantes (48,9 %) ha asistido a obras teatrales en euskera. Entre los euskaldunes, el 45,1 % lee habitualmente o esporádicamente en euskera y el 27,3 % lo hace habitualmente, lo que supone el 8,4 % del total de la sociedad (160.000 personas en números absolutos)».

Beraz, euskaldunok bizi dugu zerbait gure kulturaz…

POTENTZIALITATE ABANDONATUA

«Bai liburugintzan, bai gainerako alorretan, antzematen da badela kultura euskaraz bizi eta kontsumitzen duen multzo sendo bat, 180.000-200.000 lagun aktibokoa, zeinari beste 300.000 lagun potentzial erantsi geniezazkiokeen. Euskararen eta euskal kulturaren iraupenerako funtsezkoa da komunitate horren sendotasuna areagotzea, euskal merkatu potentzialari arreta berezia ematea eta euskal kulturaren produktuak ikusgai eta erakargarri egitea».

Antzematen zaio badela multzo bat. Zeren multzo? Ez da azterketarik egin. Hirurehun mila lagun potentzial erantsi omen genezake. Genezake, alegia… «egingo bagenu». Zergatik ez gaude ikusgai eta erakargarri? Zertarako daude tresna publikoak? Plan bat behar dugu astebururako!

HIRU HAUEK NAHIKOA

«Euskarazko kultura eskaintzan eta ohituretan eragin eta garrantzi berezia dute euskarazko hedabideek. Berria, Argia eta Jakin bezalako argitalpenak, edota tokiko izaera dutenak, besteak beste, euskarazko kulturzaletasunaren eta kultura kontsumoaren sustatzaile garrantzitsuak dira».

Baina Eusko Jaurlaritzak kulturara bideratutako sosen erdiak eta gehiago jasotzeko adina balio aitortzen zaio EITBri, euskarazko kultur zaletasunaren eta kulturaren sustatzaileen nukleotik kanpo kokatzearekin bat.

Ohar serioa: Euskarak ez dauka webgunerik kultura sustatzeko, antza denez. Zer ote dira 111 Akademia, Bira, Zuzeu, Badok, Basque Poetry, Zubitegia, Trikipedia, Ipuina.eus, Kafe Antzokia, Dinamoa, Galtzagorri.eus, Behinola, Komikeri, Bertsozale Elkartea, Bertsolari.eus, Hitzen Uberan eta beste hainbat?

SENDOTASUNA SALTZEN

«Kultura industrien jarduna ahalbidetzeko laguntzak funtsezkoak dira Euskadik bere kultura produkzioa garatzen jarrai dezan –eta euskaraz egin dezan–. Sorkuntza lanak kultura produktu bilakatzea eta merkaturatzea sustatuz, sortzaileei laguntzen zaie, kultura industria sendoak baitira haien lana gauzatzeko eta hedatzeko bidea».

Industriak bai sendoak, sortzaileak… Laguntzen? Nola? Zertan? Euskal literatura eta euskal musika argitaletxeek bideratu dute euskaldunengana urtez urte.

Ohar aipagarria: Argitaletxeon helburua ez da negozioa izan.

DENA GERA DADILA ETXEAN

«Aipatu behar da Euskadi Literatura Sariak publizitate kanpainez osatu direla, liburu sarituen ikusgaitasuna areagotu asmoz. Ilustrazio saria Euskadiko Txirrindularitza Itzuliarekin lotu da; Euskadi Sariaren irabazleari Itzuliaren kartela egiteko enkargua egiten zaio 2019. urteaz geroztik, enkargu berri batez eta ikusgaitasun handiagoaz osatuz horrela Saria bera».

Ilustratzaileak, izan ere, ez baitu behar ikusgaitasunik!

ERRONKA, ESKAERA, MUGARRI, INBERTSIO ETA DIBERTSIO

«Euskadiko arte museoen eskaintza sendotzea eta hobetzea garrantzizkoa da artearen sistemaren sendotasunerako. Urteotan, museoak egungo erronkei eta eskaerei egokitzeko inbertsio berrien mugarri nagusia Bilboko Arte Eder Museoaren zabalpena izango da, museoa lekuz, zerbitzuz eta proiekzioz indarberrituko duena. Bestalde, Guggenheim Urdaibai egitasmoaren oinarri zehatzak jarriko dira».

Ez dago zalantzarik, Europa txundituko dugu!

POST SCRIPTUM

Nafarroako Gobernua 2016an garatutako partaidetza planean jasotako ekarpenetan oinarritu zen Nafarroako 2017-2023 Kulturaren Plana egiteko. Xeheki esplikatzen zaigun lau fasetako metodologia erabili zuen, eta dinamika hauetan 500 pertsonek hartu zuten parte: herritarrek eta gazteek (% 42), administrazio publikoek (% 21), enpresak eta profesionalek (% 16), elkarteek (% 12), Unibertsitateak eta prestakuntza zentroek (% 6) eta fundazioek (% 3). Lau faseak betetakoan, alegazio epea zabaldu zen herritar eta erakunde guztientzat. Ekarpenak ebaluatu eta balioztatutakoan, planaren idazteari ekin zitzaion.

Irakurketa errazten duen metodologia didaktiko bat baliatzen du planak, zuhaitza harturik lagungarri gisa: sustraiak, elikagaiak, enborra, adarrak, mantentze-lana. Horrela, diagnostikoak lantzerakoan, «Lur ongarritua» eta «Ongarritu beharreko lurra» ageri dira kontrakarrean, egindakoari egitekoa erantsiz, egoeraren ahulguneak ere erakusteko.

Nafarroako Kultur Planak gardentasuna eta partaidetasuna hartzen ditu abiapuntutzat.

Metodologia finkatu bat dauka diagnostikoen eta proposamenen gidaritzat.

Eta euskara txukun eta landu bat testuaren estilotzat.

Eredugarria da, egiazki. Hauspotu nahi duen sektorearen errealitateari erantzuteko bokazioa dauka behintzat, eta sektoreko hamaika eragileri parte-hartzeko eskubidea aitortu dio, Eusko Jaurlaritzaren planak ez bezala.