Hemen da Udazkeneko Sormeneren laugarren edizioa

Sortu zenetik, bost helburu nagusi ditu Sormenek, Galdakaoko kultur jaialdiak: Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak gonbidatzea; euskarazko kulturara herrialde guztietako euskaldunak erakartzea; kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea; sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea; eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Aurtengoan, zaintza hartu dute ardatz jaialdiaren udazken egitaraua doitzerakoan. «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat», ziotson ekimenaren zuzendari artistiko Gotzon Barandiaranek Berria-ri horri buruz galdetuta.

Lehen saioa

Gaur hasiko dira, bada, egitaraua aletzen, 19:00etan, Torrezabalen, Emakume musikariei buruzko solasaldia: Genealogia berri bat Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoinen bidetik mahai-inguruarekin. Bertan hizlari arituko dira:  Garazi Navas, Maria Rivero, Lide Hernando eta Aintzane Camara, Ihintza Orbegozoren gidaritzapean.

Bihar goizean, berriz, Metrokoadroka Sormen Laborategikoek antzerki tailerra eskainiko diete herriko ikasleei, eta ostegunean Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana jokatuko dute Torrezabalen, 19:00etan.

Ostiral goizean, berriz, Maixa Lizarribarrek pandero tailerra eskainiko du, eta arratsaldean, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Irantzu Idoate eta Nerea Perea bertsotan arituko dira, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzunez. Eta eguna amaitzeko, Ibil Bedi taldeak kontzertua emango du Iturriondoko karpan.

Aurtengo egitaraua itxi bezperan, larunbatean, Bilboko kaleak hartuko ditu euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontrako manifestazioak. 17:00etan abiatuko da mobilizazio hori, Euskaldunatik, eta Sormenek bat egin duenez deialdiarekin, ez du emanaldirik antolatu egun horretarako. Hala, igandean bukatuko da aurtengo edizioa, emanaldi «berezi» baten estreinaldiarekin: Libe Goitia idazle galdakoztarraren Fast Fatum liburuko poemetan oinarrituta Sormenerako espreski sortu duten kontzertuarekin. 19:00etan izango da, Torrezabalen, eta bertan arituko dira: Haizea Huegun (konpositorea); Izaskun Simon (saxoa); Begoña Rodriguez (pianoa); Natalia Sanchez (flauta); Maider Legarreta eta Elene Uribarri (kantariak); Garazi Arrese (dantzaria); eta Libe Goitia idazlea bera eta Ane Legarreta (poemak irakurtzen).