Azpeitiko Antzerki Topaketak, berrogeialdia gaindituz

Hamarkadak dira Azpeitia euskarazko antzerkiaren topagune dela. Gaur hasi eta azaroaren 23ra bitartean aletuko duten egitarauan, besteak beste, aurrestreinaldi bat, dozenatik gora emenaldi eta eskola antzerkia ikusi ahal izango dira.

Goaz Antzerki Taldearen Salbe, publikoa antzezlanarekin abiatuko dira topaketak, gaur bertan, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Erika Olaizolak zuzendu du obra hori, eta aktore lanetan arituko dira: Josu Iriondo, Amaia Arotzena, Joseba Eskudero, Mattin Urbieta, Irati Baroja eta Pili Litago.

Biharamunean, 19:00etan baita ere, Soreasu antzokiak Artedrama konpainiaren Hondamendia obraren emanaldia hartuko du. Bi egun geroago, oholtza eta ordu berean, Eromen Produkzioak-eko kideek Higa jokatuko dute.

Azaroaren 9etan, berriz, Giltxikarok bere obra berria emango du Dinamoan: Identitarteak. 25 urte bete berritan, antzerki talde horretako kide Ane Zabalak eta Galder Perezek nor eta zer diren galdetzen diote beren buruari. Komediatik eta jolasetik, kabaretera joz. Lutxo Egia idazlearen testua abiapuntu hartuta eta Aitor García de Vicuña (Gartxito) musika lagun. Biharamonean, Pez Limbo konpainiak Itsas behera lana emango du Soreasun. Azaroak 11n, berriz, kale antzerkiarentzako tartea izango da, Kamikaz Kolektiboaren Troia lanarekin.

Amaierakoa eta bitartekoak

Badon* obraren aurrestreinaldiak itxiko du egitaraua, azaroaren 23an. Berezia da lan hori, Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibak antolatutako sormen egonaldietan ondutako pieza baita. Korrikak eta AEK-k antolatutako kultur sorkuntzarako beka irabazi zuen iaz, eta Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute. Azpeitikoa, beraz, aurrestreinaldia izango da. Opera du abiapuntutzat, eta musika, dantza, hitza, irudia, poesia, koplak eta beste biltzen ditu. Taldean ondutako pieza da, Marina Suarez Ortiz de Zaratek zuzendua; Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga eta Marina Suarezek berak antzeztua; Ines Osinagak musikatua.

Azken eguna bitartean ikusi ahalko dira, baita ere: Ados Teatroaren Lagun beltz asko (azaroaren 12an, 19:00etan, Soreasun); Errezilgo, Azpeitiko, Bermeoko eta Amezketako eskola ikasleen emanaldiak, hurrenez hurren (13tik 16ra bitartean, 11:00etan, Soreasun); Les Bobe Bobe elkartearen (H)Ondoko gela (azaroaren 16an, 19:00etan, Dinamoan): Eidabe Antzerkiaren Piztu! Emakumeon energia (17an, 11:00etan, Soreasun); eta Mar-Mar Teatroaren Arrainak bihotzean (18an, 17:00etan, Soreasun).

Dinamoa sormen gunean, Soreasu antzokian eta kalean izango dira ikusgai antzezlanak, eta sona duten euskal konpainien obrak, talde amateurren emanaldiak nahiz gaztetxoen lanak aurkeztuko dituzte. Hala azaldu du Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak: «Euskal antzerkigintzan profesionaltasuna eta baldintza duinak bultzatu nahi ditugu, baina betiere nondik gatozen ahaztu gabe, eta nola lotzen diren herria eta sormena. Horretan ere jarri dugu keinu bat, eta saiatu gara amateur edo obra herrikoi horiek sartzen».

Horiez gain, eta  Tolosako Topic zentroarekin elkarlanean, txotxongiloen inguruko erakusketa eta tailer bat egingo dira Betharram aretoan topaketek iraun bitartean.