Xiberotik horra den arizale bat naiz ni

Xuberoan txikitatik ohituak izan gara gisa bateko edo besteko kultura jardunetan parte hartzen. Sentipena dut, gainera, gure herrialdean bizitzeak ekartzen duen bakardade sentsazio horretatik salbatu gaituela gure eskoletan kantuz aritu ahal izateak, gure herrietako dantza taldeetan parte hartzeak, maskaradak barrutik bizi ahal izateak edo pastoral bat edo bi jokatu ahal izateak. Finean, biziraupenerako erramintak zaizkigu.

Jardun horiek guztiek ezaugarri eta balore batzuk dakarzkite haien baitan. Hasteko, txikitatik iturri horietako ura edanik, oharkabean, integratuz joan gara jakintza, kriterio, estetika, transmisio molde, harremantzeko eta lan egiteko moduak. Kantua, dantza, antzerkia edo musika barnebiltzen dituzten festa egiteko tradiziozko moldeek ahalbidetzen digute desberdinen arteko negoziazioa, elkar ezagutza, eta, ondorioz, komunitatearen trinkotzea. Posible egiten dute belaunaldi ezberdinen arteko igurtzia eta helburu komun bat aurrera ateratzeko elkarlana.

Bide beretik, errazten dute arizaleak jende aurrean plaza hartu eta bere burua defini dezan, norberaren kapazitatearen arabera nork bere tokia aurki dezan eta beste kapazitate batzuk esploratzeko xantza dasta dezan.

Errepikek edo emanaldiek irauten duten denbora horretan, egunerokotasuneko zurrunbilotik eskapatu eta plazer egiten diguten gauzei entregatzen gara.

Ezaugarri eta balore horiek definitu eta baldintzatu dute nire kultur arizale eta eragile ibilbidea. Balore horiek zizelkatu dute nire nortasuna, eta, beraz, egungo nire ekintzailetzan ere uzkailtzen ditudala erranen nuke.

Kultura ulertzeko modu hau oposizioan ikusten dut erantzukin osoa alor bakoitzeko erreferente bakan batzuen eskuetan uzten duenarekin. Dantza talde, bertsolari famatu, kantari profesional edo antzerki konpainien lanak kontsumitzen ditugu distraitu gaitzaten. Beste aberastasun bat du niretako guk geuk distraitzeak gure burua.

Kultura parte-hartze aktiboak, kultura egiteak eta ez bakarrik kontsumitzeak, arestiko balore horiek sustatzen ditu.

Aktibismoa pasibitatearen aitzinean.

Norbanako eta gure komunitateko partaide gisa, asegarriagoa zait sare komunitarioak ehuntzen laguntzen duen kultura jarduna, artista bakana goratu eta helburu ekonomiko eta turistikoak sustatzen dituena baino.

(Testua jasotzen duen podcast atala entzuteko, KLIKATU HEMEN)