Gure kulturaren faroa izango omen zen, eredu bat.
Gure kultura lau haizeetara hedatzeko asmoa omen zuen.
Eta asmo hark, helikoptero bat kontratatu zuen, gu Euskadi idilikoaz gozatzeko. Gure ura, gure berdura, gure mendiak, gure ardiak, gure baserriak, gure zuhaiztiak, gure basoak eta gure arbasoak… eta hegazti guztiak EITBko txoriaren bekaitz, inbidiatan.
Bi zeru, bata Jainkoarena, bestea Euskadirena.
Eta euskaldunak, non zeuden euskaldunak?
Euskaldunek, herritarrek, konkurtsoetan azaltzeko balio zuten.
Eta lantegiak, non zeuden gure lantegi gotorrak?
Lantegiek, istripuak gertatzen zirenerako balio zuten. Orduantxe ziren protagonista.
Telebistaren bistak goitikoak izan dira, ez bertatik bertarakoak.
Baina telebista publiko batek errealitatea ulertzen lagundu behar liguke.
Gaur nozitzen dugun egoeraren aurrekari argigarri bat eman ziguten telebistako arduradunek 1988an, Berlusconi jauna Miramongo estudioetara gonbidatu zutenean.
Zertaz hitz egin zuten? Zer sinatu zuten? Zer irabazi zuen norbaitek?
ETBk fiasko sozial handi baten ardura dauka bere gain. Fiasko horrek kulturaren hiru arlo kolpatu ditu: hizkuntza, hizkuntzaren sortzaile profesionalak eta hezkuntza.
ETBn euskara subordinatua dago, hala baliabideetan nola baldintza linguistikoetan.
ETB1en kanpaina guztiak erdaraz sortutako leloetan oinarritu dira.
Urteetan eta urteetan ikusi ditugun autopromozio horiek erdaratik itzulitakoak dira. Horrela, frogatu digute euskara gaztelaniaren mailara iristen ez den hizkuntza dela.
Eta ondorioz, euskal sortzaileak baztertuak daude publizitatearen kate ekonomikoan.
Kontratu abusiboak, lanaldi nekagarriak, aurre-saiorik gabeko grabaketak eta beste. Halako egoeran jardun zuen urte luzez Goenkale serieak. Sormena erdararen lana zen, euskararena erdaratik itzultzea.
Eta ondorioz, euskal idazleek eta gidoilariek proiektu propiorik ezin kontratarazi izan zioten ETB euskaldunari.
ETBk ezin konta ahala melodia hartu zituen gure musikari eta kantari modernoen altxorretik bere singelak promozionatzeko. Eta estatu honetako komunitate autonomoetako telebista askok bezala egin zuen: melodien sortzaileei legez zegozkien tasak ordaindu ez. SGAEn trebatutako abokatu madrildar batek auzira jo zuen arte, zordun guztien aurka. ETB ere, jakina, ordaintzera kondenatu zuten. Hori al da ente publiko baten jokabidea?
Badakigu zenbat aldiz jo behar izan zuten euskaldunek EiTBren atea kax-kax, liburu programa bat izateko. Liburua promozionatzeko. Gutxi irakurtzen dela entzuten dugu maiz. Idazleek besterik diote: promozionatzen ez bada, ez da salduko, ez da irakurriko. Ez helduek, ez haurrek, ez gazteek.
Kataluniako telebista publikoak, TV3k, De què va izeneko programa sortu zuen Haur eta Gazte literatura promozionatzeko. Urteetan egon zen ikusgarri sare sozialetan. Haurrak eta gazteak ziren programaren protagonista: klasean irakurritako liburuak komentatzen zituzten. Zoragarriak ziren umeen eta gaztetxoen komentarioak.
Baina ETBk ez du inoz Katalunia aldera begiratu. ETBrentzat umeak eta gazteak ez dira gure kulturaren protagonista. Utzikeria horrek eragin kriminala dauka Hezkuntzan.
Bertsolariek hainbat gorabehera izan dituzte ETBrekin. Telebistan bertso programarik ikusi badugu, izan da bertsolariek berek antolatu dutelako.
Eta hil zen Lurdes Iriondo, hil zen Julen Lekuona, hil zen Mikel Laboa, hil zen Xabier Lete, hil zen JoxAnton Artze, hil zen Jose Luis Zumeta… Bizirik zeudela egin ote zien ETBk merezi zuten aitormena gure kulturaren langile eredugarriei?
Ez, ETBk ez du dokumentalismoa gustuko.
Kulturaren transmisioak huts egin du, bai, baina ez zer eskaini ez daukagulako. ETBk, historikoki, muzin egin dio bere herriaren kulturari. Beste kultura batean bizi da: Helikopteroa eta Berlusconi.
Gure omena, EITB barruan bazterketa sufritu arren, programa duinak egiteko bihotza izan duten guztiei, izerdia eman dutenei.
EITB, aldatu gidoia.