Jarduera artistikoari emanak bizi diren euskal artisten irabaziak iaz: 1.027 euro hilean

Diziplina-artekoa da LANARTEA, eta halakoxea da egin duen inkesta ere. Euskaraz eta euskaratik kultura egiten duten sortzaileen eta interpreteen ‒hau da, artisten‒ elkartea ere bada, eta horrek ere isla zuzena dauka Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkestan: hizkuntzaren aldagaia zehar-lerro gisa darabil.

«LANARTEAk sindikatu bokazioa dauka, prekarizatuta dagoen sektore bat biziberritzea eta, ondorioz, gutxituta dagoen euskal kultur sistema hauspotzea helburu», adierazi du Amagoia Gurrutxaga Uranga lanarteakideak inkestaren emaitzen aurpezpen prentsaurrekoan. Erantsi duenez, elkartea sortu orduko ikusi zuten «zenbat-non-nola garen» ebazteko beharra. «Hainbat diziplinatako langileei buruzko inkestetan begiratu genuen, baina hizkuntzaren aldagaia erdigunean jartzen zuenik ez genuen topatu ia, harrigarriki».

Hamaika txosten eta kultur plan ofizial ere irakurri dituztela azpimarratu du, eta, harrigarriki hori ere, artistak «oso-oso tantaka» agertzen direla ziurtatu. «Txosten horiei esker, asko ikasi dugu sektoreko patronalaren egoeraz; geure buruaz, apenas. Bitxia da, etsigarria dela ez esatearren, kultur sistema osoaren lehengai lehena sortzen dugula kontuan izanda… Balirudike gu ez garela langileak. Bagara, baina. Hainbestetan aipatzen diguten kultur industrietako oinarri-oinarrizko langileak gara: batzuk (gutxi batzuk) kontratupean edo intermitentzian; besteak autonomo edota euto-enpresari; gehienak jarduera artistikoarekin zerikusi handirik ez duten ogibideetan, ordu libreak sormenari eskainiz«.

Prekarietateak bizi ditu artistok Gurrutxagaren esanetan, salbuespen diren gutxi batzuk kenduta. «Badakigu ez garela batere bereziak, beste kultura guztietan ere gertatzen dela. Horrek ez du gure prekarietatea arintzen, baina. Badakigu, gainera, hizkuntza subordinatu bat dugula lanabes, eta, ondorioz, gure kultur sistema ere subordinatua dagoela. Faktore hori erdigunean jartzen ez duen kultur plan, programazio, laguntza sistema, ekimen orok bazterrera bidaltzen gaitu, beraz. Gure bazterrak kartografiatzea ezinbestekoa zaigu».

Elkarri galdetuz eta sektoreko hainbat elkarte eta eragilerekin kezkak eta ametsak partekatuz ekin zioten lan horri duela lau urte luze, zehaztu duenez, eta gaur aurkeztu duten inkesta ildo horri lotuta dator.

Aztiker Ikerketagunearen bitartez sareratu zuten inkesta irailean, eta bertan jasotako erantzunetatik eratorritako datuen bilketa eta antolaketa ere etxe horrekin egin dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jaso du LANARTEAk inkesta egin ahal izateko, eta babes hori eman izana eskertu dio Gurrutxagak.

Eskerrak eman dizkie, baita ere, inkestarako galdetegien doiketan lagundu dieten Patxi Azpillagari (EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle ohia, NOR ikerketa taldeko kidea); Edorta Aranari (Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, EHUko irakaslea, NOR ikerketa taldeko kidea); Asier Basurtori (soziologoa, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria); Amaia Elizagarateri (soziologoa, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologiko Kabineteko kidea); eta Harkaitz Zubiriri (soziologoa, EHUko irakaslea, kultur politiketan eta ohituretan aditua).

«Bertsozale Elkartearekin, EIE Euskal Idazleen Elkartearekin, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin, Galtzagorri Elkartearekin eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin ere kontrastatu genituen gure galdetegiak. Mila esker eurei ere».

Eskertuen, hala ere, beren inkesta bete dutenekin agertu dira lanarteakideak. «Galdetegi zorrotzak prestatu genituen: komuna bata eta diziplinakakoak besteak, normalean galdetzen ez zaizkigun zenbaki zehatzen xerkan. Eta 245 pertsonek onartu dute gure erronka».

Inkesta bete dutenen profila

Zehazki, inkesta bete dute 135 gizonek (%55,1), 99 emakumek (%40,4) eta 11 pertsona ez bitarrek (%4,5). Zenbat eta gazteago, orduan eta emakume gehiago ageri dira, proportzioan. Hala, 30 urtez azpikoen artean %60 dira emakumeak, eta %33,3 gizonak. 30 eta 44 urteen artean ere, emakumeak gizonak baino gehiago dira, alde txikiagoarekin bada ere: %50 eta %44,2 dira, hurrenez hurren. 45 urtetik 64ra bitartekoen artean erabat iraultzen da panorama: gizonak %64,9 dira eta emakumeak %32,5. 65 urtetik gorakoen artean dago alde gehien: emakumeak %6,7 besterik ez dira, %86,7 diren gizonen aldean.

Horiek guztien erdiak baino gehiago Gipuzkoan daude erroldatuta. Adinari dagokionez, ia erdiak (114 lagun) 45 eta 64 urte bitartean eta herena pasa (86) 30 eta 41 urteren artean daude; 30 pertsona, berriz, 30 urtetik beherakoak dira; eta 65 urtetik gorakoak, azkenik, 15. Batez beste 22,2 urte daramatzate jardun artistikoan, profesionalki zein ez profesionalki. Esperientzia eta euskal kultur sistemaren ezagutza handiko pertsonek bete dute LANARTEAren inkesta, beraz.

Horietatik %67,8k euskaraz soilik egiten dituzte hitzezko beren sormen edo interpretazio lanak. Laurden batek, berriz, euskaraz eta erdaraz egiten dituzte, baina euskaraz gehien. Azkenik, %4,9k egiten dute lana euskaraz eta erdaraz neurri berean edo erdaraz gehien (%3,3k eta %1,6k, hurrenez hurren).

Lantzen duten edo dituzten diziplinei erreparatuta, euskaraz soilik sortzen/interpretatzen dutenak gehiago dira diziplina bakarra lantzen dutenen artean (%72,7), diziplina bat baino gehiago lantzen dutenak baino (%64,4). Erdara ere badarabiltenen artean, gehiena euskaraz egiten dutenak %23,2 dira diziplina bakarrekoen artean; eta %26,7 diziplina bat baino gehiago lantzen dituztenen artean.

Datu zenbait

Koldo Izagirre Urreaga idazleak LANARTEA elkartearen sortzaileetako bat da inkestak eman dituen zenbait datu aipatu ditu. Esaterako: inkesta bete dutenen %40,4 mono-diziplinarrak direla, hau da, diziplina bakarra lantzen dutela. Beste era batera esanda: ia %60, bi- edo multi-diziplinarrak dira. Nagusiki lantzen duten diziplinaz galdetuta, literatura/gidoigintza erantzun dute laurdenek, eta musika ia beste hainbestek. Bertsolaritza da hirugarren aipatuena.

%49,8k beren kontura egiten dute lana badira aldi berean besteren kontura eta euren kontura aritzen direnak‒: horietatik ia bi heren jarduera artistikoren batean alta emanda daude, autonomo gisa.

%45,7 besteren kontura ari dira lanean. Horietan, artisten erregimen berezian edota intermitentzian alta emanda daudenak gutxien dira %25 funtzionari dira eta %63,6 langile erregimen orokorrean daude alta emanda.

%40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi-iturri bakar edo nagusi. Horietatik ia bi heren, musikan, literarura/gidoigintzan edo antzerkian ari dira. Beste muturrean, %52,2ei beren diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik eta jardueron ondorioz sortutako lanetatik.

Diru-sarrerei erreparatuta, LANARTEAren inkesta bete zutenek, batez beste, 27.879 euroko diru-sarrera gordinak izan zituzten iaz. Irabazi horien %43,3 (12.073 euro, alegia), jarduera artistikoen ondorioz.

Irabaziak bakarrik ez, baina: euskal artistek gastu gordinak ere izan zituzten iaz, beren jarduera artistikoa burutzeko. Batez beste, 5.698 gastatu zituzten iaz LANARTEAren inkesta bete duten artistek, beren sormen eta interpretazio lanak burutu ahal izateko.

Laburbilduz: batez besteko diru-sarrerak eta gastu gordinak kontuan hartuta, artistek 6.375 euroko irabazi garbiak izan zituzten iaz, batez beste, beren jarduera artistikoagatik. Hizkuntzari erreparatuz, 6.375 euroko irabazi garbien batez besteko horrek beste dimentsio bat hartzen du, Izagirreren hitzetan: «Euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbiak 2023an, batez beste, 4.717 eurokoak izan ziren. Euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbiak 2023an, berriz, 9.672 eurokoak».

Jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenen irabazi garbiak, berriz, 12.330 eurokoak izan ziren iaz, batez beste (hilean 1.027,5 euro alegia).

Jarduera artistikoa ogibide nagusi dutenen kasuan, 24.286 euro gordin irabazi zituzten iaz, batez beste. «Batez besteko horrek ezkutatu ezineko datua da, baina: artista multzo horretako %30,7k 15.000 euro edo gutxiagoko diru-sarrera gordinak izan zituzten, hau da, Hegoaldeko lanbidearteko gutxieneko soldataren azpitik (eta Iparraldekoaren oso azpitik)».

«Behin hauek esanda, ulertuko duzue LANARTEAK Euskararen Egunaren harira zabaldu zituen larrialdi koplak», adierazi du Amagoia Gurrutxagak. «Honaino ekarri gaituzte euskarazko kulturaren alde beren-beregi egingo duten politikak indarrean ez jartzeko erabaki politikoak. Aski da. Ezin da betikotu, normalizatu, sektore bat hain baldintza kaskarretan bizitzea. Ezin diogu hau opa etorkizun diren euskal kulturgileei».

Inkestako galderetako bat aipatu du: administrazio publikoei zer eskatuko lieketen zehazteko eskatzen zuena. «Gure inkesta bete dutenetako batek hau erantzun du:Inbertsioa. Plangintza serio bat. Laguntza. Zaintza. Erantzukizuna. Neutraltasuna’. Ezin da hobeto laburtu».

Amaitzeko, euskal sorkuntzak erakunde nahiz programatzaileak, medioak eta hartzaileak behar dituela azpimarratu dute: «Horregatik, dei egiten diegu euskal artistei beren eskubideen alde aktibatu daitezen. Dei egiten diegu herritarrei kulturaren alde para daitezen. Eta dei egiten diegu erakunde publikoei sektorearekin elkarlanean sektorearen aldeko politikak diseinatu eta gauzatu ditzaten».

Inkestatuen eskaerak erakundeei

Inkesta bukatzeko, erakunde publikoei, herri ekimeneko eragileei eta eragile publikoei zer eskatuko lieketen galdetu genien artistei.

Erakunde publikoei egin dizkiete eskakizun gehien-gehienak. 200dik gora buru, beste hainbeste aburu, baina badira errepikatzen diren eskakizun. Sei nagusiak:

1. Artistak langiletzat hartzea behingoz.

2. Euskal artista lanak ezaugarri bereziak dituenez oso, nekazaritza, arrantza eta beste sektore batzuei eman ohi zaienaren tankerako estatus berezia ematea kultur sortzaile eta interpreteei, beren errealitatearem neurrira egokitua, zerga eta betekizun administratiboen zama arinduz eta babesa handituz, hilero gutxieneko soldata edo laguntza bat ziurtatzetik hasita.

3. Sortzen diren askotariko euskal kultur proposamenak gizarteratzeko eta sustatzeko bidea erraztuko duten zirkuituak sendotzea eta, beharrezkoa balitz, berriak sortzea. EITBk gizarteratze eta sustatze lan horretan rol aktiboa izatea.

4. Euskarazko kulturaren alde beren beregi egingo diren politika publikoak abiaraztea: hezkuntza sisteman, hedabideetan, erakunde publikoen programazioan zein diru publikoz lagundutako kultur proposamenetan…

5. Jendetzak mugitzen dituzten kultur proposamen bakanetan ahalegin eta sos ia guztiak kontzentratu ordez, ekosistema zain dezatela, txiki dena gehiago ez dadin txikitu.

6. Kultura lehenestea, herri kulturaduna hartzea helburuetan. Inbertsioa handitzea kulturan.

LANARTEAren eskakizunak

Inkestak agerian uzten duen panorama hobetu behar dela azpimarratu dute lanarteakideek. «Eta hobetu daiteke. Baditugu tresnak horretan hasteko». Horiek gogoan, sei proposamen zehatz aipatu ditu Gurrutxagak:

  • «Euskaraz sortutako kulturaren legea behar dugu, babes ekonomiko eta juridiko guztiekin. Lege horren diseinuan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dugu parte, eta artisten lan eta bizi baldintzen hobekuntza ekarriko duten neurriek lehentasuna izan behar dute. Neurri horien artean, artisten betekizun fiskal eta administratiboak doikuntzak garrantzi handia izan dezake. Artisten errealitatea kontuan hartuta egin behar dira doitze lanok, eta horretan ari gara LANARTEAtik».
  • «Sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jarri behar dira, eta hizkuntza zehar-lerro gisa erabili, genero faktorea erabiltzen den gisa berean, kultur langileei eta kultur sistemari dagozkien politikak egiterakoan eta politika horiek diseinatzeko egiten diren txosten, inkesta eta ikerketetan».
  • «EITBk euskal kulturaren alde egiteko hartuko dituen neurrien inguruko eztabaida hasi behar da, lehebaihelen. EAEko Kultura Sailaren sosen erdiak pasatxo berak hartzen ditu, eta euskararen eta euskal kulturaren alde erantzukizunez eta ekimenez eragitea zor dio gizarte honi. Eztabaida horretan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dute parte. LANARTEAk honako eskakizunak ditu eztabaida horretara eramateko: kultur programazioa emendatzea ETBen, euskarazko musika aireratzeko kuotak ezartzea enteko irrati kate guztietan, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea, EITBko eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea eta Adimen Artifizialaren erabilera bizkortzeko asmoak bertan behera uzteko konpromisoa hartzea».
  • «Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan eta erakunde publikoek diruz lagundutako hedabide, kultur jaialdi eta ekitaldietan gutxieneko kuotak ezarri behar dira euskarazko kulturaren alde, eta, bateko eta besteko kuotak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko, kontrol egitura bat sortu behar da».
  • «Etxebarru Institutua sortu behar da, erakunde autonomo bat, euskarazko kultura Euskal Herrian bertan ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko dituena».
  • «Artistentzako praktika onen giden ondoan, artistekiko harremanetan erakunde publikoek izan beharreko gutxieneko praktika onak adostu behar dira. Hemen sartzen ditugu, besteak beste: erakundeok (EITBk barne) proposatutako kontratuen/enkarguen baldintzak, betearazten dizkiguten agindu burokratikoak, ordainketa epeak eta antolatutako sariketeta/lehiaketa/beketako klausulak».