Artistaren estatutua gogoetagai

Diziplina arteko gogoeta partekaturako abiapuntu bilakatzeko asmoarekin sortu du mintegi hau Lanarteak, euskaraz eta euskaratik aritzen diren artistei plaza komun bat eskaintzeko, beren jarduna baldintzatzen duten Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako zein Europako arau eta legeei buruzko erradiografia bat egiten hasteko, gure kultur sistema erdigunean jartzeko. Ez hori bakarrik: euskaraz eta euskaratik mamitutako kultur sistema biziberritzeko beharko liratekeen lehentasunezko aldaketak detektatzea eta horretarako bidean gaur gaurkoz har daitezkeen neurri zehatzak aztertzea da mintegiaren helburuetako bat.

Laburbilduz: artisten kolektiboari eta kultur sistema osoari bere etorkizunaren eraikuntzan dagokion ahotsa eta garrantzia aitortzeko beharra azaleratu nahi dugu. Artisten arazoak azaleratzea, arazoon kontzientzia kolektiboa sustatzea eta artisten artean barne kohesioa indartzea ezinbesteko urratsa delako kultur sistema osasuntsu bat ziurtatzeko bidean. Horixe baita gure elkartearen helburu behinenetako bat, euskal artisten lan eta bizi baldintzak hobetzearekin batera.

Testuingurua

2017an hasi ziren hainbat euskal artista sektorearen diagnostikoak egiten, diziplinaka zein zeharka, eta, lan horretatik sortutako dinamikari esker, 2020an erregistratu zen Lanartea irabazi asmorik gabeko elkarte gisa, kultur industriaz gero eta gehiago hitz egiten den garaiotan industria horren oinarri-oinarrizko katebegiaren ꟷhau da, sortzaileen eta interpreteenꟷ zaurgarritasuna eta babes falta gero eta larriagoa dela iritzita.

Lanartearen sorrera prozesu hori gertatzen zen ber denboran, Espainiako Artistaren Estatutua doitzen hasi ziren Madrilen: 2018ko irailaren 6an onartu zuen hango Diputatuen Kongresuak, aho batez, Artistaren Estatutu bat idazteko azpibatzorde bat sortzea, 75 puntu jasotzen zituen txosten bat abiapuntu hartuta.

2020ko urrian, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburu Bingen Zupiriak kultur profesioen inguruko estatutu bat sortzeko asmoa azaldu zuen. Hilabete batzuk geroago argitu zuen ez zela estatutu propio bat sortzeari buruz ari, Madrilen prestatzen ari zirenak eragindako aldaketak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara egokitzeko bideez baizik. 2021eko urtarrilaren 12an, Euskal Artistaren Estatutua diseinatzeko lan talde bat osatzeari uko egin zion Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren bozekin bozekin. Nafarroan, aldiz, lan taldea osatu eta sektoreko eragileen eskakizunak jasotzen hasi ziren. Urte bereko  uztailean, Ministerio arteko Batzordea sortu zuten Madrilen Artistaren Estatuturako, kolektibo horri esparru juridiko egonkor bat emateko, jardun artistikoaren berezitasunei egokitua.

Gaur-gaurkoz, lan arloko eta artistak babesteko legeak egin dira Madrilen, 5/2022 eta 1/2023 Errege Lege Dekretuen bidez, eta, atxikipenen arloan, berriz, 31/2023 Errege Dekretuaren bidez. Hego Euskal Herriko administrazio gehienek, orain artean, aldaketok gurera ekartzeko moduetan jarri dute indarra bereziki.

Bukatu gabe dagoen Espainiako Artisten Estatutuak, honenbestez, izan du eraginik dagoeneko gure kultur sisteman. Eta izango du eragin gehiago ere, ziurrenik. Eragin hori onerako edo txarrerako izango ote den, hor dago koxka. Milioika hiztuneko komunitate baten -milioika hartzaile potentzialeko- kultur sistemaren talaiatik ari direlako josten estatutu hori, eta talaia horretatik ez direlako ikusten gurea bezalako hizkuntza subordinatuen ezinak eta ezaugarri bereziak.

Hizkuntza hegemoniko baten bueltan ꟷeta milioika hiztuneko komunitate bat oinarriꟷ ardaztutako kultur sistema bati erantzuten dion ezein estatutuk, baina, zein neurritan erantzun diezaioke gurea bezalako kultur subordinatu bati? Euskaraz eta euskaratik lan egiten duten artisten eguneroko arazo espezifikoak kontuan ez baditu, zertan eragingo dute Espainiatik datozen aldaketek? Zer har dezakegu hortik guretzat? Zer Frantzian indarrean dauden intermitentzia sistematik eta gainerako kultur politiketatik-eta?

Geure egoeratik abiatutako estatutu bat pentsatzen hasteko antolatu dugu Euskal Artisten I. Mintegia. Gure kultur sistemaren nolakoa eta eragiten dioten legedi ezberdinak aztertzen hasteko. Artista kontzeptuaren ikuspegi zabala erabiliz betiere, hau da, Unescoren artista definizioari lotuz:

«Artelana sortzen duen pertsona oro, edo bere interpretazioa dela bide artelanaren sorkuntzan edo birsorkuntzan parte hartzen duen oro, bere sorkuntza artistikoa bizitzako funtsezko elementutzat hartzen duena, horrenbestez artea eta kultura garatzen laguntzen duena, eta bere burua artista gisa aintzat hartzen edo halakotzat aitortzeko eskatzen duena, kontuan hartu gabe lan-harremanen batean edo bestelako elkartze moduren batean ari den ala ez».

(Artista kondizioari buruzko gomendioa, 1980ko urriaren 27koa)

Edozein kultur komunitateko artista jendeari aitortu beharreko estatusaren oinarriak finkatzen hasterakoan, Unescoren definizio hori askoz egokiagoa da Lanartearen ustez, Artistaren Estatutua titulupean Euskal Herriko zein Espainiako ministerio, sail eta departamendu ezberdinetatik azken bost urteotan aurkezten ari zaizkigun proposamen gehientsuenetan darabiltena baino. Artistak aipatzean interpreteak bakarrik barnebildu ohi dituzte, izan ere, ikuskizun kontzeptura lotutako kultur jardunak bakarrik hartuz gogoan, kulturaren ikuspegi erabat kamutsa erakutsiz.

Egitaraua

Unescoren artistaren definizioak ikuspegi integral batetik aritzeko aukera eskaintzen digu, euskal kultur sistemaren ezaugarri bereziak kontuan hartuko dituen marko bat eraikitzeko, eta hortik abiatuta osatu dugu aurtengo egitaraua. Hala, jendaurreko emanaldiak egiten dituzten artisten egoera aztertzeko beta hartuko dugu Zertaz ari gara Artistaren Estatutuaz ari garenean? mahai inguruan. Sustrai Colina bertsolariak gidatuko du saio hori, Pantxika Telleria dantzari eta koreografoa (Elirale Dantza Konpainiaren sortzailea da, besteak beste), Odei Barroso musikari eta ekoizle intermitentea eta Maddi Goikoetxea aktorea (Ura jaten liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin, arte eszenikoetako langile ugariri egindako elkarrizketak oinarri hartuta).  Ipar zein Hego, Euskal Herria osoko oholtzak, intermitentzia sistema, autonomo erregimena eta Euskal Herrian indarrean dauden mugak eta lege ezberdinen hutsuneak eta indargunean ezagutzen dituzte gonbidatuek, bakoitzak bere tokitik. Horietaz guztietaz hitz egiteko aukera izango dute mahaiaren bueltan.

Egitarauko bigarren partean, Sortzaileen egoera fiskala eta lan erregimena. Hobekuntzarako neurri zehatzak aurkeztuko ditugu, LANARTEA elkarteak EIE, EIZIE, Galtzagorri eta Bertsozale elkarteen laguntzarekin ondu duen azterketa sakon baten ildotik. Azterketa horretan lege aholkulari lanak bete dituen Xabier Barinaga-Rementeria abokatuaren laguntzarekin egingo dugu aurkezpena.

Artista belaunaldi berriaren egoeraren txanda etorriko da segidan, Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentalarekin. Lanartea elkarteak 2022an ekoitzia da film hori ꟷKulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba arduratu zen irudiaz eta soinuazꟷ, Oihana Arana (poeta eta bertsolaria), Amets Aranguren (musikaria), Kattalin Barcena (artista plastikoa eta musikaria), Dom Campistron (irudigilea), Ekain Ibarguren (aktorea, pailazoa eta malabarista), Iker Maguregi (zinemagilea eta musikaria) eta Maddi Ane Txoperena (kazetaria, idazlea eta bertsolaria) elkarrizketatuta.

Amaitzeko, Aner Peritz eta Maider Arregi bertsolariek gidatutako talde dinamika bati ekingo diogu, goizean zehar entzundakoek sortutako galderei elkarrekin erantzuteko proposamena eginez.

UEUren webgunean eman ahalko da izena mintegian, urriaren 20ra bitartean. Artistei zuzenduta dago, bistan da, baina baita kulturzale orori ere.