Euskara hutsez egindako zinemaren jaialdi zaharrena da Lekeitiokoa, eta Jarraitu zinearen lorratza leloarekin egingo dute aurtengo Euskal Zine Bilera, urriaren 19tik 22ra bitartean, Ikusgarri aretoan. «Etorkizunera begira egotea bezain garrantzitsua da, noizbehinka, atzera begiratzea, eta bidea egin duten pausoetara erreparatzea. Aurtengo Euskal Zine Bilerak bere ibilbidean zehar izandako lorratzak jarraitu nahi ditu eta etorkizunekoak sortu», adierazi zuten antolatzaileek aurtengo egitarauaren aurkezpenean (EGITARAUA HEMEN).
Proiekzioak, solasaldiak zein hitzaldiak antolatu dituzte, baina jaialdiaren ardatza betikoa izango da: Sail Ofizialeko Lehiaketa. 19 film lehiatuko dira aurtengo Urrezko Antzarra jasotzeko, «Euskal Herriko txoko guztietatik» jasoak: dokumentalak, animazio lanak, fikzioa… 19an eta 20an, 19:00etan proiektatuko dituzten lehiaketako filmak; 21ean, 12:00etan. Lehiaketatik kanpo, gainera, Mari Luz Esteban antropologak idatzitako Andrezaharren manifestua testutik abiatuta Lur Olaizolak egindako filma proiektatuko dute urriaren 21ean, 17:30ean. Gero, Estebanegaz solasaldia antolatu dute.
Hiru kideko epaimahaia du lehiaketak: Nerea Alberdi musikaria; Ramon Agirre aktorea eta Alaitz Arenaza Zinegoak jaialdiko egungo zuzendari artistikoa. Sari banaketa urriaren 21ean izango da, 19:30etik aurrera, Ana Goitiak eta Jon Garatek zuzenduta.
Omenduak eta berrikuntzak
Ane Gabarain eta Elena Irureta aktoreak omenduko ditu aurten jaialdiak, Euskal Zinemaren Begirada Sariarekin beren ibilbidea goratuz. Larunbatean emango diete saria, 19:30ean. Sari banaketa ere ekitaldi horretan egingo dute, Ikusgarri aretoan. Garaikurra aldatuta heldu da Lekeitioko zinemaldiaren 46. aldia, gainera. Sahatsa Jauregi artistak egina da berria, eta hiru urtetik behin garaikurra aldatzen joatea da zinemaldiaren antolatzaileen asmoa.
Aurtengo beste berrikuntza bat, Zoom atalaren barruan abiarazi duten Klixka programa pedagogikoa da. Lekeitioko biztanleei zuzenduta dago, eta Arropaineko Arraguaren elkarlanean jarri dute abian. «Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuagaz», antolatzaileen esanetan. Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxilergoko bigarren mailako ikasleek parte hartu dute aurtengo ekitaldian, eta Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Peru Galbete izan dira artista gonbidatuak. Klixka Esperimentazio Espazioa urriaren 21ean egongo da zabalik 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, Eskolape aretoan.
Aurtengo Zine Bilerak dakarren beste berrikuntza bat, Zine Elkarrizketak dira. Gasteizko Artium Museoarekin elkarlanean abiaraziko dituzte, Pantaila Irekia ekimenaren barruan. Artium Museoko Z aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da 22an, 12:00etan: Ainara Elgoibarren Gold 20, Maddi Barber eta Marina Lameiroren Paraíso eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarriren San Simon 62 filmak ikusi ahalko dira. Egileekin solasaldia egingo dute gero. 18:30ean, azkenik, Esti Urresolarekin solasaldia egingo dute Ikusgarri aretoan.