Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoko kanta guztiak berreskuratu eta plazarik plaza eraman zituzten iaz Loraldiak eta Korrika Kulturalak. Bira hark Pott bandako sortzaileak batu zituen oholtza gainean, eta haren zuzeneko grabazioak argitaratu ditu orain Pamiela argitaletxeak. Kantak eta Atxagaren testuak grabazio berean. Lan horren aurkezpenarekin abiatu da aurtengo Loraldiaren egitaraua, ostegunarekin, Bira gunean.
Hortik martxoaren 26ra, askotariko 21 proposamen taularatuko dituzte Bilboko hamalau gunetan, Mailua gara! lelopean. 150 sortzaile inguru bilduko ditu jaialdiaren bederatzigarren aldiak, eta «euskaraz sortutako kulturaren hiriburu» bihurtuko da Bilbo berriro ere.
Ostiralean, Eta orain zer? ikuskizuna emango du Kukai dantza taldeak, Errenteriako HAE orkestrarekin batera. Euskalduna jauregian izango da, 20:00etan hasita.
Larunbatean, berriz, Bilbon dabil Gabriel Aresti ekimenak hartuko du jaialdia. Hala, 10:30ean dute kulturzaleek hitzordua Karmelo Landarekin eta Xabier Monasteriorekin, Barroeta Aldamar kalea 2n, Ibaizabalen zehar itsasontziz ibilbideari ekiteko. Bi orduko ibilaldi horren ondoren, Kafe Antzokian da hurrengo geltokia, 14:00etan. Bertan bazkalduko dute ikusleek, eta Aire Ahizpak, Ines Osinaga, Karmelo Landa, Mikel Inun, Mikel Martinez, Miren Amuriza, Sonia Gonzalez eta Xabier Monasterio artisten emanaldiaz gozatuko dute. 20:30etik 21:30era, berriz, Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat arte bisual proiekzioa egingo dute Otxarkoagako Ugarte Plazan.
Azken proposamen horretan izan ezik, gainerako emanaldi guztietarako sarrerak agortu egin dira.
Datorren asteko astelehenean, berriz, Martin Etxeberriak Kangaroo poema-liburua aurkeztuko du Elkar liburu dendan, Oier Aranzabalen musikak lagunduta, 19:00etatik aurrera.
Asteartean, Anonyme Popular ikuskizuna eskainiko dute Igor Elorzak eta Rafa Ruedak Itsasmuseum Bilbaon, 19:30ean hasita. Toki eta ordu berean, asteazkenean, BAS(H)OAN II emango dute Beñat Axiari, Joseba Irazoki eta Julen Axiaril
Ostegunean, Logela Multimedia eta Circle of Trust konpainiek Suirrealismoa ikuskizuna emango dute Arriaga Antzokian, 19:30ean, dantza, interakzioa, bideo sorkuntza eta musika uztartuz.º
Produkzio berriak
Egitarauan badira Loraldirako propio sortutako produkzio gehiago ere. San Patrizio egunean estreinatuko dute horietako bat, martxoaren 17an. Irlandako jai egun nagusia abiapuntutzat hartuta, Eire festa. Irlandako haizeak musika emanaldia egingo dute Kafe Antzokian. Marmara, The Potes eta McOnak taldeko kideak Kafe Antzokian arituko dira, 22:00ean abiatuta.
Igandean, hilak 19, Galerna. Azken bidaia opera taularatuko du lehen aldiz Leioa Kantika Koralak, eta martxoaren 19an aurkeztuko dute, Arriaga Antzokian, 19:00etan.
20an, astelehena, Castillo Suarezek Alaska ikuskizun poetiko musikala eskainiko du Juantxo Zeberio musikaria lagun, Bidebarreita liburutegian, 19:00etan hasita.
23an, osteguna, Mauriziak ez du inor hil emango dute Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Ines Osinaga, Itziar Garaluce, Julene Gregorio eta Lorea Argaratek Alondegian, 19:30ean.
Egitarau osoa ikusteko, hemen klikatu.