Sorioneku gu

Koldo Izagirre

Ez izen ez abizen, ez aditz ez atzizki. Hitz bat, hitz gozo bat. Ez harrian ez armarrian ez hilerrian. Guztion ezpainekoa, guztiok elkarri esatekoa. Sorioneku gu, zu etxe honetan sarturik: jendetasuna. Sorioneku zu, euskaldunok maiteko zaitugu: elkartasuna. Fraidearen lumak «Izioki dugu» eta «Guek ajutu ez dugu» idatzi baino mila urte lehenago zeunden Irulegin, Nafarroan, artisauak teknika puntillistaz eginiko tatuaia brontzezko eskuan: identitatea.

Sorioneku.

«Berezitzat hartuz, menostu egiten gaituzte, aparteko multzora baztertzen,
errukiaren mende uzten, kulturatik kanpo kokatzen, katalogo klinikoan sartzen.
Eta larrialdiko gelan «arreta bereziz» zaindu eta sustatu behar gaituztenez,
omen, euskalduna izatea pribilegio bat dela entzunen dugu gero ere»

Hotzikara San Millan de la Cogollan: gaztelania eta euskara ez ditu esku berdinak abiarazi letraren kulturan.

Hantxe, San Millan de la Cogollan batu ziren politikoak, filosofoak, iritzigileak, kazetariak eta Espainiako Historia Akademia.

Mende hasiera zen, 2000 urtea zehazki.

Amaiur berriro suntsitzeko.

Espainiako Historia Akademiak ikuskatu gabeko eskuizkribuak erabiltzen omen zirelako Nafarroako eskoletan Nafarroako historiari buruz, euskaraz idatziak.

Ikastoletan ikasitako gaztetxoak arrazakerian haziak omen zirelako, lotura komun zitekeen ororen jakinezan.

Kalera irten ziren euskaldunak eta euskaltzaleak Iruñean urte hartako uztailaren amaieran.

Sorioneku.

Lurrikarak eztitzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Planak dauzkagu hiru probintzietan, euskara bizirik egotearen barkamen eske.

«Ekosistema berezi bat du kulturaren ekosistemak Euskal Herrian: euskaraz sortzen, hedatzen, partekatzen eta bizitzen den kultura».

«Ekosistema hori da euskal kulturaren muina, berezia bihurtzen duena, bereziki sustatzea eta indartzea dagokiguna».

Zergatik gara ekosistema berezia? Zergatik gara kultura berezia? Zergatik ez gara kultura, besterik gabe? Zergatik dagokigu bereziari zor zaion tratua? Zergatik ez gara arazo bete kultura, munduan diren beste askoren antzera? Zeren berezi? Zein ez bezalako? Zergatik ez da berezia erdal kultura?

Berezitzat hartuz, menostu egiten gaituzte, aparteko multzora baztertzen, errukiaren mende uzten, kulturatik kanpo kokatzen, katalogo klinikoan sartzen. Eta larrialdiko gelan «arreta bereziz» zaindu eta sustatu behar gaituztenez, omen, euskalduna izatea pribilegio bat dela entzunen dugu gero ere.

Sorioneku.

Berezia da koitadua, pena litzateke galtzea. Bestalde, ez pentsa loturak ukatzen dituenik edo bere kasa dabilenik edo arrazakeriaz elikatzen denik.

«Ez da ekosistema itxia, euskal (euskarazko) kulturaren ekosistema ez dago kulturaren sistema orokorretik at, euskal eta erdal kultura ez dira bi mundu aparteko, ez dira elkarri bizkar emanda bizi, ez daude kontrajarriak: gero eta josiagoak daude, gero eta gehiago dira elkarren ongarri eta aberasgarri».

Bekoz beko gaude, elkarri begira, elkarri josiak, bata bestea aberasten euskal eta erdal. Lerde jario, bistan da, lotura komun eder batean.
Zail samarra da horrelakorik sinestea erdal sukaldariek, politikoek, futbol arbitroek, tabernariek, epaileek, treneko seguratek eta barne arazoetako ministroek kalifikatzen duten hizkuntzan bizi direnentzat. Abantaila amorragarri hori dauka euskarak, berez dela hitzaren gai, berez dela albiste, tematika, gertakari, ahotik irten hutsez urratzen duelako armonia… gure erdarek ez bezala. Horra zer gaituen zinez «berezi» egiten.

Sorioneku.

Hizkuntza eta hitza ez dira ber gauza. Hegemoniak ez du hitzaren kalitatea bermatzen. Irratiak bertsolariak kantariak entzunez, antzerkiak ikusiz, poemak ipuinak nobelak kronikak komikiak saiakerak irakurriz, euskaraz egun dasta nezakeen hitza nekez dut aurkitzen inguratzen gaituzten hizkuntza nagusien hizkerek hemen ekoizten dituzten produktuetan. Euskal hitza komunitate baten historia transmititzen saiatzen da era kritiko, artistiko eta eraikitzailean, hizkuntzaren jabe den gobernuaren hizkeraren gainetik, inorenganako loturarik gabe eta mundura zabalik, zentzu bat emanez galegoa izateari, flandriarra izateari, cymrrutarra izateari, kataluniarra izateari, okzitaniarra izateari, bretainiarra izateari, korsikarra izateari, gaeltachtarra izateari…

Sorioneku.

Hizkuntza inperialek aspaldidanik dute kontatua beren historia, zakua bete argudio daukate misiorako. Gaztelania eta frantsesa ez dira inoiz gure beharrean izanen, eta hitz egitea praxia ez balitz bezala, erdal komunitateak masa neutro bat osatzen duela uste duela uste dut.

Estatuek hizkuntza dute. Hizkuntza estatuaren jabego. Herriek hitza dute. Hizkera herriaren jabe. Horri zor natzaio, zatzaizkio, gatzaizkio.

Sorioneku.

Baskonikoa omen zara.

Bi mila urte geroago erabakitzen digute orain bi mila urteko euskarak ezin duela, besterik gabe, orain bi mila urteko euskara izan. Zientzia, denbora-hizkera jarraitasuna zatitzeko. Iruñeko gurasoena, Altsasuko gazteena, Amaiurreko haurrena edo Oñatira exiliaturiko ukrainarrena ez bazina bezala, edo Irene Arraratsek gonbidatu behar ez bazintu bezala bi mila urte geroago Euskaldunon Egunkariaren azken alea eskuan zuten hedabide terrorista hartako langile kondenaezinen artera. Behar zintugun, bai. Hitz eta esku. Euskara eskura. Bostak bat eskuzabal. Hitzaren haran guztion ezpaineku.

Sorioneku.

Oraindik zer den, zer dioen ez dakigun beste hizkera baten ondoan zu, orduko gu, elkarren osagarri… Ausaz.