110 idazletik gora, hemeretzi argitaletxe eta hamazazpi elkarte. Horiexek Sarako liburu azokara hurbildutakoek aurten aurkituko dutena. 40. edizioa du aurtengoa Idazleen Biltzarrak.
Bi eguneko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Apirilaren 10ean, hiru gune nagusi bereizi dituzte Sarako kiroldegiaren inguruan: kiroldegi barruan egingo dute liburu azoka –2 euroko sarrera ordaindu beharko da sartzeko–; kanpoaldean, bi karpa jarriko dituzte, aurkezpenak eta mahai inguruak egiteko bata, gazte literaturako irakurketa musikatuak eskaintzeko bestea.
Apirilaren 11, berriz, profesionalentzako eguna izango da. Euskal Kultur Erakundeak antolatu du, eta Euskal literatura klasikoa, bizirik dagoen ondarea? galderari ihardesten saiatuko dira bertan. Lehenik, EHUko irakasle eta ikerlari Gidor Bilbaok Euskal literatura klasikoaren panorama bat (XVI.etik XIX.era) hitzaldia emango du. Ondotik, Xabier Monasterio saiakeragileak hitza hartuko du, gai honekin: Iparraldeko literatura klasiko oparoa, ospea merezi duten altxorrak. Lur Berri gelan egingo dira bigarren eguneko ekitaldiok.