Gipuzkoako Foru Aldundiak TicketBAI programari buruzko prestakuntza saio bat antolatu du azaroaren 7an, kultur sektorearen eragileei zuzenduta.
Zergak Gipuzkoan ordaintzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei soilik zuzendutako saioa izango da, eta TicketBAIren alderdi garrantzitsuenak eta Bai aplikazioa aztertuko dira bertan.
TicketBAI Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Ogasunek abiatu dute. Proiektu horren ondorioz, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak behartuta geratuko dira zenbait beharkizun tekniko bete behar dituen fakturazio software bat erabiltzera. Gipuzkoa izan da lehena sistema indarrean sartzen (Araba etorriko da gero, eta, azkenik, Bizkaia). Zehazki, aurtengo ekainetik datorren urteko maiatzera bitartean ezarriko da TicketBAI Gipuzkoan, epeka eta jardueraren arabera. Langile bakoitzari dagokion egutegia bilatzaile honetan begiratzeko aukera dago, jardueraren epigrafearen arabera.
Izen ematea, urriaren 31erako
Azaroaren 7ko saioan parte hartu nahi dutenek urriaren 31 baino lehen eman behar dute izena formulario honetan, eta bertan edo online jarraitu nahi duten zehaztu. Gainera, sistema berriari buruzko galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izango da.
Gipuzkoako Ogasunaren webgunean informazio hau dute eskuragarri ticketBAIri buruz