Praktika Onen Gida (irudigileena)

LANARTEAk euskal kulturgintzaren prekarizazioaren aurka egitea du helburu. Sektoreko diziplina guztien interes orokorrak defendatzen ditu, baina sektore bakoitzaren behar zehatzei kontu egiteari utzi gabe inoiz. Hala, elkarteko kide den irudigile talde batek praktika onen gida hau idatzi dute, euren beharrak gogoan.

Praktika hauek ez dira asmoak bakarrik. Hitzak dioen bezala, praktikak dira. Eta praktikak izanik, gauzatu daitezke eta dagoeneko gauzatzen ari dira. Eta hobe daitezke, jakina. Horretarako tresna izan nahi du gida honek, eta osatzen eta ontzen segitzea da asmoa.

HAUEK DIRA GIDAREN 22 PUNTUAK:

Argitarapen kontratuei buruz:

1. Posible den guztietan, bezeroak aldi berean iritsi araziko die argitaratzeko hitzarmenaren proposamena idazleari zein ilustratzaileari –biak baitira egile–, hitzarmenaren gainekoak bateratzeko aukera izan dezaten.

2. Argitalpenaren ezaugarri guztien berri zehatza izango du egileak lanean hasi aurretik (diseinua, papera, gramajea, neurriak…). Egileak edizioaren behin-behineko maketa eta inprenta probak jasoko ditu liburua argitaratu aurretik, ontzat eman ditzan.

3. Lanean hasi aurretik, egileak (ilustratzailea) hitzarmena sinatuko du bezeroarekin. Sinatzearekin batera, ilustratzaileak aurreikusitako ordainsariaren %50a jasoko du, beste %50a lana entregatzerakoan.

4. Eskatutako lanak aurkezteko epeak zentzuzkoak izango dira, alegia, irudigilearekin adostutakoak, eta lan-hitzarmenean jasoko dira.

5. Liburuak izango duen ilustrazio kopurua ahalik eta zehatzen jasoko da hitzarmenean.

6. Hitzarmenak iraupen mugatua izan behar du. Gomendioa: 5 urte, inoiz ez 10 urte baino gehiago.

7. Hitzarmena edizio mota bakar baterako izango da, eta hizkuntza bakar baterako. Beste mota bateko edizioetarako eta hizkuntza desberdinetarako, gehigarri bat erantsiko zaio hitzarmenari.

8. Hitzarmenak azaldu behar ditu argitalpenaren gutxien-gehien kopuruak. Gomendioa: 600 alekoa gutxienez; 10.000koa gehienez. Kontuz: argitalpena eta inprimaldia edo argitaraldia ez dira gauza bera. Argitalpena da: edizioa, testua liburu formaz argitaratzea. Argitaldaria da: tirada, inprimaldia, argitalpen bakoitzean (aldiro) inprimatzen den liburu kopurua. Egileak eta argitaletxeak adosten dute argitalpen berri bat egin ahal izango dela obrari funtsezko aldaketak egin nahi zaizkionean testuan, sarrera edo epilogoa erantsi nahi zaionean edo azala aldaturik merkaturatu nahi denean. Hala berean adosten dute liburuaren argitaraldiak ez direla argitalpentzat hartuko.

9. Hitzarmena sinatzerakoan, egileak jakin behar du argitaraldiaren ale kopurua eta salmenta prezioa. Hitzarmenean bertan idatzia egon behar du.

10. Lana bukatu eta argitaratzaileari eman zaionetik hasita, 12 hilabeteko epea izango du argitaratzaileak obra salgai jartzeko. Hori egin ezean, egileak bere obrari dagozkion eskubide guztiak berreskuratzen ditu legez.

11. Hitzarmenean zehaztuko da obraren izenburua.

12. Egileen izenak nabarmen azalduko dira liburuaren azalean.

13. Egileak beti berreskuratuko ditu argitaratzaileari utzitako irudi orijinalak.

14. Egileak beti jasoko du egindako lanaren emaitza, hitzarmenean zehaztutakoaren arabera. Gomendioa: gutxienez 5 ale.

15. Egileek utzitako eskubideen ordain gisa, katalogoko salmenta-prezio BEZik gabearen % kopuru bat jasoko dute. Ehuneko hori duina izango da obraren sorreran parte hartu duten egile guztientzat.

16. Argitaraldi berri bakoitzeko, hitzarmen berria egin behar da. Ez du baliorik izango automatikoki luzatutako aurreko kontratuak.

17. Argitaratzaileak, egilearekin adostuta, bere obraren eskubideak salduko balizkio bigarren argitaratzaileren bati beste hizkuntza batean ustiatzeko, ustiaketa horrengatik egileak jasoko dituen irabazien %25a jasoko du gehienez, errepresentazio gastu gisa.

18. Obraren edizio digitala egingo bada, hitzarmen berri bat sinatu behar da.

Aurkezpen eta azokei buruz:

19. Aurkezpen duina zor zaie egileari eta obrari, dietarekin batera. Baita obraren estreinako aurkezpenean ere. Ondorengo agerraldi guztietan, izan aurkezpen, emanaldi musikatu, irakurketa, saio marraztu… ordainsaria jasoko du egileak.

20. Egileek dieta jasoko dute azoketan sinaketa eginez dihardutenean. Eta azokotan egindako zuzeneko salmentetatik, dagokion igoera proportzionala egingo zaio egile eskubideetan. Arrazoia: salmenta zuzena, banatzailerik eta dendaririk gabe.

Lehiaketei buruz:

21. Epai-mahaia osatuko dutenen izenak aurkezpen epea bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinaraziko dira. Epai-mahaikide guztiek gai izan behar dute irudia eta testua behar bezala ulertzeko. Epaia jakinarazi ostean, ebazpen arrazoitua egingo du publiko epai-mahaiak. Epaiaren ostean kontratua egingo zaio egileari, eta zentzuzko epea emango zaio obra bukatzeko. Egilea beti da obraren jabea eta esplotazio eskubideak epe jakin batera mugatuko dira. Gomendioa: urtebeteko epea.

Sariei buruz:

22. Epai-mahaikide guztiek gai izan behar dute irudiaren testua behar bezala ulertzeko. Epaia jakinarazi ostean, ebazpen arrazoitua egingo du publiko epai-mahaiak. Epaiaren ostean, beharrezkoa den kasuetan, kontratua egingo zaio egileari, kontuan izanez egilea beti dela obraren eta esplotazio eskubideen jabea.