Pandemia aurreko datetara itzuli da Literaturia euskal letren jaialdia: udaberrira. Gaurko 20:00etan hasiko dira egitaraua aletzen, Modelo aretoan, Ana Malagon idazleak aurtengo Manifestua irakurtzean. Segidan, Istanbul ikuskizun literario-musikala eskainiko dute Oier Guillan, Lutxo Egia, Telmo Trenor, Unai Pelayo Pelax eta Elena Ramirezek.
Bihar, larunbata, Iñaki Martiarena Mattin irudigileak sormen lantegia bideratuko du Etxezabalako Literattipian, argitaratu berri duen Kamishibaizalea komikia oinarri hartuta. Ordu erdi geroago, 11:30ean, liburu azokaren ateak irekiko dituzte Lege Zaharren enparantzan ezarritako karpan.
Azoka eta omenaldia
Euskal letren plazak liburu azoka behar, eta hainbat liburudendaren eta argitaletxeren parte-hartzearekin egingo dute aurten ere. 12:00etan inauguratuko dute, Zarauzko Itxaropena argitaletxe eta inprimategi historikoari omenaldia eginez. 14:00etan etena egingo du azokak, 17:00etatik 20:00etara bitartean irekitzeko berriro ere. Igandean, berriz, 11:30etik 14:00etara egongo da zabalik azoka. Azokak iraun bitartean, liburu aurkezpenak ere egingo dituzte, Ahotsenearekin elkarlanean, azoka gunean bertan eta Garoa liburu dendan; eta, igandean, karpan.
Modelo Aretoan, berriz, Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? mahai-ingurua egingo dute bihar, ikasle, irakasle eta eragileek, 12:30ean. Gune berean, 18:00etan, Frankenstein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak. Biharko egitaraua ixteko, Odeik kontzertua emango du Lege Zaharren enpatantzan, 22:00etan.
Jaialdiaren azken egunean, etzi, literatura unibertsalaren iraganaz eta etorkizunaz gogoetatuko dute Manu Lopez Gasenik, Angel Errok eta Irati Jimenezek, 11:30ean, Modelo Aretoan.
Ordubete geroago, 12:30ean, Maialen Lujanbiok rr #5 marrak izeneko ikuskizuna emango du Merkatu Plazako goiko solairuan. Egitaraua ixteko, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza solasean arituko dira Modelo Aretoan, 17:00etan, Elkarrizketa baten soinua eta notak saioan.