Kultur eskubideez, Eusko Ikaskuntzaren eskutik

-Euskararen langile profesionalak kulturaren subjektu izanik, ekonomiaren subjektutzat ere hartzea.

-Euskararen langileen estatusa lortzea.

-Euskararen langileen eskubideak bermatzea.

-Kotizazio sistema arrazional bat bultzatzea.

-Euskaraz sortutako kulturaren legea lortzea.

Bost horiek dira LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak bere estatutuetan jasota dituen helburuak. 2020an sortu zen ofizialki, baina 2017an –hau da, COVID-19aren aurretik- hasi zen elkartzen idazle, bertsolari, irudigile, aktore, musikari, itzultzaile jendea. Diziplinakako diagnostiko batzuk egin zituzten, eta emaitzak ez ziren batere onak izan. Berehala etorri zen elkartea sortu beharraren kontzientzia. Eta pandemia. Eta ordurako detektatuta zeukaten egoera babesgabearen bistaratze erabatekoa. Testuinguru horretan, iazko apirilean, koordinatzaile lanetan hasi nintzen elkartean.

Zergatik sortu duen elkartea sektoreko langile jendeak? Beren lan eta bizi baldintzak, hobetzen beharrean, txartzen ikusi dituztelako urtetik urtera; elkartu ezean zereginik ez daukatela ikusi dutelako. Eta badute perspektiba pixka bat. Gure bazkideetako batzuek Franco hil aurretik egin zuten euskaraz sortzen hasteko apustua, atera kontuak. Trantsizio garaia ezagutu zuten gero. Dena zegoen egiteko orduan, egiturak eta erakundeak sortzeko, kultura gutxitu bat biziberritzeko, eta erronkari eutsi zioten, sormenetik.

Urteak joan dira; sortzaile berriak etorri ere bai; egiturak eta erakundetak, zeresanik ez; eta euskal kulturgileen lan eta bizi baldintzen prekariotasunak hortxe dirau. Urteotako egitura eta erakunde ugalketak betebehar burokratikoak ugaritu dizkie, hori bai: gazte hasi berriek beteranoek adinako paper festa antolatu beharko dute bolo bat kobratu ahal izateko; existitzen ez den epigrafearen zain segitu beharko dute aspaldi existitzen diren bertsolariek langile autonomoen erroldan alta ematerakoan; diputazioan bertan esan bezala egindako fakturengatik kontu eske etorriko zaio ikuskaria idazleari; autonomo izan ez eta aldiro sortzaile lanak kobratzen dituenak uko egingo dio hitzaldiak edota antzekoak emateari, isunen beldur. Eskubide gutxi aitortzen zaio sortzaileari. Kexatzekoa ere, neurrian erabili behar omen du, ez badu nahi zirkuituetatik pixkanaka erortzen hasi nahi.

Atomizazioa ekarri du prekarizazioak. Denean. Kultur munduan ere bai. Eta herri ekimeneko talde eta zaletu sare aktiboak izanik ere, baita euskal kulturara ere; sortzaile beti-militantearen ideia euskararen kultur komunitatearen txikitasunarekin uztartzen den eremu horretara. Hor ari gara lanean gu. Eta euskaraz aritzeko hautuak baditu ondorioak, sortzaileek eta artistek euskarari ematen zaion tratua pairatu behar baitute. Hizkuntza subordinatu batean egiten dute lana, eta horrek hainbat kalte dakarkie:

-Lan aukeretan, euskararen balioa ukatzen edo ezkutatzen delako. Baita kultur lanbideetan ere.

-Kontratazioetan, ez zaielako behar bezala ordaintzen. Hitzaldi, ikastaro edo kontzertu, euskararen langile profesionala bigarren edo hirugarren mailakotzat hartzen da.

-Promozioan, hedabide publikoek euskaraz sortutako kultura ez dutelako letra larriz idatzitako Kulturatzat hartzen.

Txosten ofizialetan, hala ere, ia inoiz ez da kontuan hartzen hizkuntz hautuaren aldagaia. Ez da aztertzen. Ez dakigu, beraz, sektore honetan aukera berdintasuna zenbateraino den erreala, intuitu dezakegun arren. Erdalduntze unibertsala ziurtatuta dago legez; euskalduntze unibertsala ez. Guk 16 urtetik gorako 741.000 hiztun besterik ez dauzkagu datu ofizialen arabera, baina hemen bizi garen guztiok elebidunak bagina bezala eta milioika hiztuneko kultur komunitate baten koltxoia eta giharrea daukaten hizkuntzen maila berean bageunde bezalaxe egiten da kultur politika.

Sektorearen gabeziak eta indarguneak zerrendatzea eta horien araberako politikak abiaraztea litzateke normalena, herri normalizatu orok egingo lukeen bezala, herri kontzientzia duen agintari orok egiten duen bezala, baina gu ez gara normalak. Ez daukagu estaturik, lege babesik, gure neurri txikiarentzako jantzi bat egingo duen artistaren estatuturik. Merkatuaren lege hutsak normalizatuko gaitu txikiok, handien kalterako, nekazari txikiekin, dendari txikiekin, herri txikiekin, txiki guztiekin argi geratu zaigun bezala.

Ulertuko ahal didazue ironia.

Horregatik behar dituzte handiek beren hizkuntzak babesteko ikus-entzunezkoen legeak, kuotak, ikasteko derrigortasuna; horregatik guk ez. Gu bakarrik salbatuko gara. Edo nahiago baduzue: gu merkatuak salbatuko gaitu.

Hortxe gaude.

Kultur ekosistemaz asko eta kultur industriaz gero eta gehiago hitz egiten den garaiotan, ekosistemako parterik ahulena diren hizkuntz komunitate gutxituen kultur adierazpideen aldeko politika bereziak egitea tabua da -eskandalurako eta zirku politikorako arma ere bai sarritan-; eta kultur industriaren egungo eskemetan, enpresarien, bitartekarien, teknikarien kezkak eta beharrak daude erdigunean, industriaren lehengaia –kultur adierazpena- ekoizten duen langile multzoarenak ez bezala.

Langileak, bai. Artistek ere lana egiten baitute. Gustukoa, ados, baina lana. Hemen gustuko lana egiten duzuen batzuk egongo zarete, espero dut. Eta bokazioz lanean ari izanagatik lana ia debalde egiteko eskatuko balizuete, zer pentsatuko zenukete? Horixe egiten zaie sortzaileei, bada. Dirua ez badu eskatzen, ez zaio ematen; eta eskatzen badu, gehienetan, gaizki begiratzen zaio. Negozio perfektua, sortzailearentzat ez beste guztientzat.

Sortzaileek badute beren lana aitortua izateko eskubidea, baina, eta aitortza hori ordain eta bizi baldintza duin bihurtu behar lirateke. Duin. Inork ez baitu milioidun egitea eskatzen. Duin bizitzea eskatzen du. Errenta ordaindu ahal izatea, gaixotzeko beldurrez ez bizitzea, bere lanaren ezaugarri berezien araberako lan erregimen eta fiskalitate berezia izatea.

Gauzatu ezin diren eskubideak ez dira eskubide, izan ere. Eskubideak gauzatu ahal izateko bitartekoak jarri behar dira. Estatutu bat, adibidez. Hala, azken urteotan asko hitz egiten da Espainiako Artistaren Estatutuaren inguruan. Hor onartuko diren neurrietako batzuek onura ekarriko digute, ziurrenik, baina ez da izango euskal kultur komunitatearen egoerari erantzuteko egindako neurri bat, inolaz ere, eta, ondorioz, ez ditu gure arazo nagusiak konponduko, inolaz ere.

Gaurko hizlarietako batek esan du lehen: pandemiak oso agerian utzi du kultur politika arduradunek ez dutela ezagutzen sortzaileen eta artisten egoera, eta, horren ondorioz, bideratu dituzten laguntzak ezin jasota geratu ziren asko hasiera batean. Ona litzateke, gai honetaz sakondu nahi badugu behintzat, sektoreko langile autonomoen zein soldatapekoen ahotsa entzutea, sektoreko gainerako eragileenarekin batera. LANARTEAk biltzen dituen langileek hauek dituzte aldarrien artean:

1. Epigrafe propio eta komun bat lan erregistroan euskararen langile autonomoentzat. Epigrafe horretan sartzen direnentzako lan araudi egokia, beren alorren desberdinek sortzen dituzten berezitasunak aintzat hartuz landua. Erregimen horrek ekarri behar luke langile gisa babestuago egotea, baita Gizarte Segurantzarekiko bete beharretan ere.

2. Euskararenak izan edo ez, kulturaren langile autonomoen kotizazioa fakturatutakoaren arabera izatea, lau hilabetez behin. Horrelaxe daukate Frantzian (25%) eta Portugalen (21,4%).

3. Ogasunaren irizpide garden, zuzen eta justuak jardunbideak zergatzerakoan. Puntu honek garrantzi handia dauka autonomoak ez diren sortzaileentzat ere.

4. Euskarazko kultur produkzioen eta proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan.

5. Aurrekontuak emendatzea euskarak sortzen duen kultura sustatzeko.

6. Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, ez azpiegitura edo evento erraldoietatik. Eta araberako politikak aplikatzea.

Honaino, jardunaldi honen antolatzaileek eskatu ziguten gure elkartearen 10 minutuko aurkezpena. Orain, bidali zizkiguten hiru galderei erantzuten saiatuko naiz.

Ze indargune eta ze ahulgune ikusten dituzue zuen lan eremuan eskubide kulturalen inguruan?

Kultura, gure kasuan, hizkuntzari lotua dago fermuki, aurrerago esan bezala. Hizkuntzaren egoerak baldintzatzen du fermutasun hori. Hizkuntzaren egoerak erresistentzia sortzen du, eta erresistentzia horrek sare afektibo handi batean lotzen ditu, oro har, kultur berekoak. Indar bat metatzen da. Oraindik ere badugu masa kritiko bat kulturaren garrantziaren kontzientzia daukana. Herri ekimeneko eragile sare zabala daukagu, administrazioaren ekimeneko kultur eskaintzaren hutsuneak betetzen dituena. Eta oraindik ere bada euskaraz sortzeko apustua egiten duen jendea. Indarguneak dira horiek, zalantzarik gabe, eta ez nolanahikoak.

Kultur eskubideez jardun ahal izateko, baina, eskubide ekonomikoez jardun behar genuke aurrena. Nola bizi da euskara lantzen duen sortzailea? Nola daude euskararen langile profesional autonomoak? Zer diote euskaraz sortu nahi duten gazteek? Hartzaileen eskubideekin batera sortzaileen eskubideak definitzen eta zaintzen ez diren bitartean, kultur sortzailearen eskubideak hartzaileen eskubideen aitzakiarekin zapaltzeko bidea egiten da.

Zuen eremu administratiboan, nola daude kultur eskubideak?

Kulturaren kontzeptua adostu behar genuke aurrena. Gaur gaurkoz, kultura deritzoguna turismoaren zerbitzura dago, elite ekonomiko baten negozioa da. Guggenheim Museoa da horren ikurra: 2020an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko memoriaren arabera, 4.415.000,00 euro jaso zituen, Ohiko ekarpena kontzeptuarekin. Horrez gain, 1.915.12,00 euro eman zizkioten 2013-2016 epealdian Jaularitzak egin gabeko ekarpenen guztizko kitapen gisa, eta beste 1.100.000 euro SRGF-Solomon R. Guggenheim Foundation finantzazeko kudeaketa akordioagatik. Guztira: 7.430.000 euro. Urte berean, euskaraz zein erderaz gurean ekoitzitako kultura guztia nazioartera zabaltzeko eginkizuna daukan Etxepare Euskal Institutuaren urteko aurrekontua ez zen kopuru horren erdira ere iritsi: 3.065.000,00 euro eman zizkioten.

Gure lan eremua, berriz, euskararen herrialde guztiak dira, eta hor administrazioen politiken eta eskumenen zurrunbiloak harrapatzen gaitu. Euskararen herrialdeetako hiru –Araba, Bizkai eta Gipuzkoa- biltzen dituen administrazio eremuan, normalizazio erabatekoa lortu izan bagenu bezala jokatzen da, biztanleen erdiak ere euskalduntzea lortu ez denean.

Nafarroan, berriz, kultur eskubideen ikuspegitik ez hankarik eta ez bururik ez daukan zonifikazio legedi bat dago indarrean eta euskara baino garrantzitsuagotzat jotzen dira erdarak administrazio publikoko plazak esleitzeko orduan. Euskal Herriko beste hiru herrialdeetan, azkenik, euskara ukatua da.

Laburbilduz: plan nazionalei buruz hitz egiteko aukera errealak erderazko kultur adierazpideek bakarrik dauzkate, gaztelaniazkoek eta frantsesezkoek. Euskarak, berriz, ez dauka legezko aitortzarik bere zazpi herrialdeetan, eta daukanetan ere, erdararen derrigortasunaren menpe bizi du bere hautazkotasuna. Zurrunbilo horretan, une honetan arazo handia daukagu gure hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan, eta ez bakarrik iraganeko kulturaren transmisioan, baita oraintxe bertan sortzen denaren gizarteratzean ere.

Hezkuntza sistemak ez digu ziurtatzen gure hizkuntzaren eta kulturaren gutxieneko ezagutza baten irakaspena. Gaur hemen entzun dugu norbere hizkuntzan ikasteko eta norberaren kulturaren berri jasotzeko eskubidea daukagula denok. Eskubideak gauzatu ahal izateko baliabiderik gabe, baina, ez da benetako eskubiderik.

Hezkuntza araututik kanpo, berriz, egungo kultur adierazpideen inguruko informazioa jasotzeko ahalegin berezia egin behar du herritarrak, hedabide nagusietan ez baikara existitu ere egiten ia, eta kultur programazio sareetan beste hainbeste. Eta lehendik nozitzen genuen subalternidatea areagotu egin du globalizazioak.

Nola landu eskubide kulturalak Euskal Herrian, hizkuntza gutxitua dugun eremu batean?

Harro esan genezake euskarak poesian, nobelan, ipuinean, kantuan, bertsotan, ikus-entzunezkoetan, antzerkian urtero ekoizten duenak hegemonikoa bihurtzen duela gure kultura EAEan, kalitateari bagogozkio. Eta harrituta egin genezake galde, nola den posible murriztua egonagatik kalitateaz hegemonikoa den hizkuntzaren sorkuntza murrizturik egotea? Disfuntzio larri bat jasaten dugu urtea joan urtea etorri.

Beste disfuntzio ageriko bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Sailaren aurrekontuen %51 irrati-telebista publikoarentzat izaten dira, baina ente horrek ez dauka kuota sistemarik euskarazko musikari tokia egiteko, ezta bereziki euskarazko ikus-entzunezkoak diruz laguntzeko eta erdarazkoak euskaratzeko ere.

Hirugarren disfuntzio bat: hirietan kontzentratzen dira kulturaz gozatzeko aukera gehien-gehienak. Kultur azpiegituren eta zirkuituen unibertsalizazioa beharrean, kontzentrazioa gertatu da, eta ez da fenomeno meteorologiko batengatik izan, politika jakin batzuengatik baizik. Euskara nagusi den herri txiki askotan ez dute baliabiderik kultura programatzeko. Eraikin eta jaialdi erraldoien hirietan, bien bitartean, euskarazko kultur adierazpideak ez dira kultura, noizean behin aireratu beharreko euskaldunen kontu bat baizik.

Hauek guztiak esanda, badago zeregina.

Guk eraginean segituko dugu.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an


Eusko Ikaskuntzak antolatutako Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?  jardunaldian egindako hitz hartzea.