“Nazionalismoek identitate etnikoak sortu izan dituzte. Gaur, euskaldunok kultura daukagu identitatetzat. Euskaldunen identitatea kulturala da. Batzen gaituena ez da kasualitate biologiko edo territoriala. Batzen gaituena eraikuntza kultural hau da: mintzo garen hizkuntza”.
Horrela hasi du LANARTEA elkartearen koordinatzaile Amagoia Gurrutxagak bere hitz-hartzea, gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordean. “Ezin da kultur politika onik egin kultura egiten dutenekin hitz egin gabe. Ezin da kultura behar bezala babestu kultur sortzaileak eta artistak babestu gabe. Ezin dugu kultura bizi, daukagun kultura zabaltzen eta ezagutarazten ez bazaigu. Eta, azkenik, egoera gutxituan dagoen kultura ezin da indartu hegemonikoa den kultura tratatzeko errezetekin”.
Eusko Jaurlaritaren Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenen aipuak, elkarte ezberdinen datuak, sektoreko langileen egoeraren zertzeladak josiz, gure kultur sistemaren egoera azaldu du. Baita LANARTEAren ibilbidea eta proposamen eta eskakizun zehatzak ere.
Sei puntuotan laburbildu ditu elkartearen eskakizun nagusiak Gurrutxagak:
1. Epigrafe propio eta komun bat lan erregistroan euskararen langile autonomoentzat. Epigrafe horretan sartzen direnentzako lan erregimen berezitua, eurekin kontrastatua, beren lan eremuaren baldintza espezifikoak aintzat hartuz ondua. Erregimen horrek ekarri behar luke langile gisa babestuago egotea, baita Gizarte Segurantzarekikoetan ere.
2. Ogasun politika arrazional bat, kotizazioak urte amaieran egin ahal izateko urte osoan fakturatutakoaren arabera. Frantzian aspalditik indarrean dagoen era horretan.
3. Ogasunaren irizpide garden, zuzen eta justuak jardunbideak zergatzerakoan. Puntu honek berebiziko garrantzia dauka autonomoak ez diren sortzaileentzat ere.
4. Euskarazko kultur proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan, euskaraz ari diren profesionalentzako gutxieneko plazak eta masa kritikoa ziurtatzeko oinarrizko neurri gisa.
5. Aurrekontuak emendatzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko.
6. Kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta evento erraldoietatik. Premisa aldaketa hori gauzatu ezean, gurea bezalako kultur komunitate gutxituak pixkanakako desagerpena beste etorkizunik ez daukalako, beste arlo eta kultura batzuen bilakaerak argi asko erakutsi diguten bezala.
Gurrutxagaren hitzaldiaren ostean, Elkarrekin Gipuzkoa, PSE-EE, EAJ eta EH Bilduko ordezkariek hartu dute hitza. Denek adierazi dute adostasuna LANARTEAren eskakizunekin, eta zenbait galdera ere egin dituzte. COVID-19aren ondorioei buruzkoari erantzunez hartu du hitza Joseba Tapiak, hain zuzen ere, euskal sortzaileen egoeraren larria pandemia aurretik datorrela nabarmentzeko. 40 urteko ibilbidean “aldaketa handiak” ikusi dituela adierazi du, euskarri eta ohitura aldetik, baina baita bertako musikaren prestigioari dagokionez ere. “Erdal irratietan gu ez gara existitzen, baina euskarazkoetan ere, gero eta gutxiago”. Atzerapausoak maila askotan ari dira jasotzen, beraz, aspalditik. “Azken urteotako inertzia horretan, desagertzera goaz”.
Agerraldia osorik ikusteko, KLIKATU HEMEN