Iparraldera begira

Beste kontu batzuetan bezala, Iparraldera begira jarri ginen. Pentsatuz interesgarria zatekeela Hegoaldearako ere.

 Zer? Aldizkako lana. Sasioliarrek pairatzen dituzten hutsaldietan, nola irauten ote dute?

Intermitentzia zen gure obsesioa.

Lanartea elkarteak euskal artisten estatutuari buruz antolatu zuen mintegian ikasi genuen aldizkako edo sasoiko lanetan Frantziako legediak diru iturririk gabeko aldietan Artistei eskaintzen dien aterpeaz.

Aterpe horrek jendaurreko emaldiak egiten dituzten artistentzat balio du soilik. Espektakuluko Intermitanteentzat da, beste inorentzat ez.

Aterpean sartu ahal izateko egin behar den bidea luzea da, zaila eta oso astuna. Eta barruan egonik ere, ez da samurra baldintzak batetzea.

Bestalde, badira urte batzuk Europan auto-enpresarioaren figura ezarri zuela, eta horretaratu ahal dira artistak ere, mikro-enpresak sortuta. Baina horretan ere, bidea luzea, zaila eta makurra da.

Pantxika Telleria koreografoak jakinarazi zigun Belgikako legedia Frantziakoa baino malguagoa dela bere artistek dirurik jasotzen ez duten aldietan:

– Belgikak ezarri duen legeak Artista mota guztiak hartzen ditu, ez da jendaurreko emanaldiak egiten dituztenentzat bakarrik.

– Horretaz gain, Soldatapekoak Balira Bezala tratatzen ditu legeak inoren enkarguz lan egiten duten artistak, horrek suposatzen duen guztiarekin: babes sozial handiagoa, langabeziko pentsioa eta beste. Patroi batek kontratatu izan balitu bezala.

Iparraldeari begira jarriak ginen, baina bistan dena ikusirik, Iparraldeago begiratu behar genuke.

Egun iraultza txiki bat bizi dute Belgikan artistek: bi urte luzeko negoziaketen ondoren, 2022ko udazkenean, eraberritu egin zen Artistaren Estatusa.

Zabaldu egin da Artistaren definizioa, Artista orain ez da Artista, «Arteetako Langilea» baizik.

Aldi berean, sortzaileei  langutzeko dagoen «Artisten Batzordea» eraldatu eta «Arteen Lan batzordea» bihurtuko da 2024an.

«Mozkin txikien erregimena»,  «Arteen mozkin amateurra» izango da.

Honek ere zabaldu egiten du ikuspuntua: amateurrak merezi du konpentsazio ekonomiko bat.

Artistak omen gara. Besterik ez dugu entzun azken bi urteotan: Artistak, artistak, artistak… Madrilen Artisten estatutua ari zirela berritzen.

«Artista».

Zenbat kalte egin digun izen horrek!

Artista, abilidadea daukana bizimodua nola edo hala ateratzeko. Artista, diziplinari uko egiten diona. Artista, probetxuko lanik egiten ez duena. Artista, dirua bost axola zaion alferra. Artista, bere xalotasunean pozik bizi dena. Artista, lanean sufritzea zer den ez dakiena. Bohemioa, gautxoria, xelebrea…

Horrelako topikoak Artista hitzaren inguruan.

Belgiarrek zentralitatea kendu diote Artista hitzari, Arteetako Langilea da orain. Langilea. Izendapen honek zabaldu egiten du Artearen alorra, duintasuna ematen dio artelanari.

Bestalde, lehen Artista Kontratatua edo Artista Autonomoa zena Langile bezala definitzen da orain, Arteetako Langilea. Horrela, sistema ekonomikoaren aktoreak direla aitortzen zaie Artista guztiei.

Zentralitatea lanaren nolakotasunak hartzen du: artea lana da! Lana! Sortzaileak komunitaterako egiten du lan!

Lanarteako artistoideok ere hau bera aldarrikatzen dute  euskararen sortzaile guztientzat, langileak garela eta langile gisa zor zaigun tratua nahi dugula alor guztietan, kontratuarekin, udal guztietan eta Euskal Herriko bost ogasunen paranoian ere bai.

Alegia, Kultur politika integral bat behar duela euskarak.

(Testua jasotzen duen podcast atala entzuteko, KLIKATU HEMEN)