Biosferaren Erreserba izendatu gintuztelako saihestu genuen hondartzako lehen lerroan hotelak izatea.
Dirua manejatzen dutenak tematiak dira ordea. Orain, erreserba izaera hori bera da turismoaren eta famaren seinale.
Artearen eta kulturaren izenean dator progresoa. Batzuentzat, noski. Besteontzat ardura eta miseria baino ez da etorriko.
Ezin baduzu zuk gura duzun hori zuk gura duzun beste saldu, edo zuk gura duzun moduan, egon. Asmatu edo erabili ingelesa edo alemaniarra ematen duen marka izen bat eta makillatu dena zibismoz.
Guggenheim museo bat Gernikan eta beste bat Muruetan. Bitartean, lau kilometro erreka ertzetik. Ez dut ezer berririk esango bide hori beti hor egon dela esaten badut. Orain, baina, proiektu handi batean kokatu dute dena, eta badirudi kolesterolaren zirkuitua beste zerbait izango dela.
Artea eta kultura jarri dizkigute mahai gainean, baina porlana eta dirua daude azpian. Berriz ere egingo digute gauza bera.
Gustura galdetuko nieke Guggenheimeko jabe aberatsei ea Uredaibaiko arteaz ezer dakiten, ea gure hizkuntza ezagutzen duten, ea Santimamiñen egon diren, ea Abauntzatarrak nortzuk diren badkiten, edo euskal kulturaz galdetzean zer erantzungo luketen. Ze orain kulturaz ari direnek ahaztu egin dute dena dela kultura. Eta gure kulturak oso gutxi du masifikaziotik edo etxebizitza turistikoetatik.
Baserritarrak abandonatuta daude azoketan; Bermeoko Udalak aurreko legegintzaldian bertan behera utzi zuen hezkuntzan bertsolaritza zabaltzeko proiektua; arrantzontziak hondoratzen ari dira, gero eta gutxiago daude; fitxaketa aberatsik egin ezin duten arraun taldeak gainbehera doaz; zesta-puntak burua atera duela dirudi, baina, kanterari begiratuta, ezindugu bolanderarik bota.
Dena da bigarren etxebizitza eta dena da txalet. Non gelditu dira garai bateko baserriak?
Ez dakit non diseinatutako museo bati begira gauden bitartean, baserriak erortzen ari dira Urdaibain. Urdaibaik urdeak eta ibaia biltzen ditu izenean; eta izanean ere bai, ze gauza!
Orain ere, guztion ibaia zikindu behar dute gutxi batzuen txerria loditzeko.
Historia beti errepikatzen da.
1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor Legioak Gernika bonbardeatu zuen. Espainiako kolpistek eman zuten agindua ordea, «Norteari irakatsi bat emateko».
Sarraski hura erakusten duen koadroa Madrilen dago. Eta orain turismoa dator Gernikara. Aldran. Sirenak jo eta bertokoek gordelekuetara sartu beharko dugu kanpotarren mesedetan. Hemendik hogei urtera gordelekutik burua atera eta suntsitutakoaren errekuentoa egin beharko dugu. Berriro. Eta 37ko moduan konturatuko gara nola, gehienok dena galdu arren, gutxi batzuek asko irabazi duten.
Ezer berririk ez.
Txerriak berriz ere plisti-plasta gure ibaian.
(Testua jasotzen duen podcast atala entzuteko, KLIKATU HEMEN)