Bihartik igandera bitartean egongo da zabalik Sormene Sorkuntzen Galdakaoko III. Plaza. Hilaren 27an ere bi ekitaldi programatu ditu. “Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko borondatea dauka Sormenek, Galdakaotik Euskal Herri osoarentzat”. Hala aurkezten du ekimenak bere burua.
Literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak… euskarazko kultur adierazpideak biltzen ditu aurtengo egitarauak ere, bost helburu nagusirekin: Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak; euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak; kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea; sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea; eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.
Galdakaoko Torrezabal kultur etxea du plaza fisiko nagusia ekimenak, baina ez bakarra, eta plaza birtuala ere badauka: www.sormene.eus webgunea, egitarauko proposamenak streaming bitartez munduko edozein tokitatik zuzenean ikusteko eta gozatzeko. Torrezabal etxeko kokapena baliatzeaz gainera, Galdakaoko ikastetxeetan landuko dute Sormene egitaraua: ekitaldien edukiak, plazako solasaldiak, sortzaileen emanaldiak, argitalpenak eta obrak.