Eskubide politiko, zibil, ekonomiko edo sozialekin alderatuta, kultur eskubideak dira Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidean gutxien garatu direnak. Kulturari aplikatutako giza eskubideak dira eskubide kulturalak.
Gurean, aitzindari da Nafarroako 1/2019 Foru Legea,kultur eskubideei buruzkoa. Azken urteetan nazioarteko kultur politiken inguruko eztabaidetan dagoen eskaera bati erantzuna eman zion horrekin: eskubide kulturalen paradigma izatea kultur politikak gidatuko zituen marko berria.
Hala ere, kultur eskubideen aplikazioa ez da erraza, nahiko berriak direlako eman diren ekimen praktikoak. Eta ba al dakite herritarrek eskubide horiek dituztela? Nola egikarituko da eskubide bat ez bada ezagutzen? Galdera hauei erantzutea eta kultur eskubideen gaineko eztabaida eta ezagutza gurera ekartzea da antolatzaileen nahia.
Egitaraua
10:00etan egingo dute jardunaldiaren irekiera, Maria Garcia Barberenaren (Iruñeko Udala) eta Ana Urkizaren (Eusko Ikaskuntza) eskutik. Segidan, Oskia Ugartek Kultur eskubideak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak proiektua aurkeztuko du
10:20ean, sarrera hitzaldia emango du Nicolas Barbierik (Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatea): Eskubide kulturalak, marko teoriko bat. 11:00etan, Maider Marañak (Baketik) Eskubide kulturalen erronkak ingurune digitaletan hitzaldia emango du. 11:25ean, galderak egiteko aukera izango da ordu laurdeez. Gero, atsedenaldia egingo dute 12::00ak arte. Ordu horretan hasiko da Eskubide kulturalen markoa praktikara eramateko bideak mahai-ingurua, Oskia Ugarte moderatzaile dela. Mahaian egongo dira: Maria Camino Barcenilla (Nafarroako Gobernua), Terexa Lekunberri (EKE) eta Amagoia Gurrutxaga LANARTEAren zuzendaria.13:30ean itxiko dute jardunaldia.