Inurria eta ttirritta, bat eginda

“Pikutara fabula! Aspertu gara elkarri barre egiteaz, nazkatu gara lana eta kantua bereizten, gainditu dugu sortzearen eta lan egitearen arteko lehia faltsua. Noizbait behar eta, bat eginda gatoz inurria eta ttirritta. Gure lana kantua da, gure kantua lana da. Bai lagunok, hori eta bera: sindikatu bat asmatu dugu! LANARTEA, euskararen langile profesionalen elkartea”.

Maiatzaren Lehenari begira jarria da elkartea, bada, eta, hitzok sarrera dituela, hiru kantu zerrenda sareratu ditu badok.eus musika agerkari digitalaren bitartez, Lanari kantu izenburupean.  Lehen zerrenda, gaur astebete; eta bigarrena eta hirugarrena gaur bertan sareratu ditu.

Zerrendotan ageri dira, besteak beste, Mikel Laboa, Balerdi Balerdi, Joseba Tapia, Nigara Zuek, Guk, Oskorri, Bi Bala, Pantxoa Carrere, Bide Ertzean, Rafa Rueda, Xoriñoak Kaloian, Errobi, Xabier Lete, 2Kate, Gontzal Mendibil, Igor San Juan, Pantxoa eta Peio, Imanol eta Hertzainak-en kantuak.

Literatur aleak ere bai

Gaur bertan, baita ere, Lana kontukantari atala jarri du ikusgai LANARTEAk hemen. 26 aleko zerrenda bat da, kantu eta kontu, olerki eta bertso, prosa eta poesia batuz osatutakoa. Bertan, Emeterio Arrese, Xabier Lizardi, Lauaxeta, Gabriel Aresti, Juan Mari Lekuona, Joxe Azurmendi, Julen Lekuona, Daniel Landart eta beste hainbat idazleren aleak irakur daitezke. Eta euren ondoan, bertsolarien bizipenak eta bertsolariek lanaren inguruan sortutako bertsoak ere bai. Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio zentroko langileek lagundu digute zerrenda hori osatzen eta bertan dago, esaterako, Bilintxen Penetan daramazkit eguna eta gaba (1876) sorta, Lanari kanta III zerrendan Joseba Tapiak musikatuta eta Soldadu sartzea izenburupean kantatuta entzun daitekeena.

Badira bertso gehiago ere: sindikatutako langileek Azkoitian egindako grebaren aurkako jazarpenari Urkiolegik 1920an jarritakoak, esaterako. Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar-ek 1941ean bere nagusiari bidalitakoak ere irakur daitezke bertan. Morkolako patatak izena du Aranberriren sorta horrek, eta gerraondoko goseteko pasadizo bat dakar gogora: Errenteriako Sociedad de Tejidos de Linoko nagusiek patata ereinarazi zuten euren jabetzakoa zen Morkolako mendi sailean, gero langileei partitzeko; lehenengo urtean, baina, fabrika horretako langilea zen Aranberrik ez zuen patatarik jaso.

Lazkao-Txikiren, Manuel Lasarteren eta Uztapideren lan ibilerak ere jasotzen ditu bildumak. Lanak libre egiten gaitu esaldiari Maialen Lujanbiok 2017an Getxon kantatutako bertsoak dira bertan dauden berrienak: “Lana balitza neurritsu eta gure bizitzen sostengu/ lana balitza pixka bat egin ta modu onez mantendu/ baina ordu estrak sartu behar dira bestela postutik kendu/ hainbeste leku prekarioetan ez da mila luzimendu./ Aste hontan ere Beduan ta Azpeitin horra bi langile zendu/ lanak libratzen duena baino jende gehiago hiltzen du”.