LANARTEAren lehen buletina eskuragai

Agur 2021 urteari, agur 2022ari.

Déjà vu sentimenduak bizi du egunotan sortzaile eta interpretari asko. Zaharrak berri, izan ere: kultur ekitaldiak bertan behera eta artisten ezinegona gora.

COVID-19a agertu aurretik ere esan zuten LANARTEAkideek, eta egunerokoak berretsi egin du orduko diagnosia: sektoreko langileon babesgabetasuna behingoz amaiarazteko eta kultur politika publikoak eraldatzeko premia gorria daukagu euskarazko kultur sistemako sortzaile eta interpretariek.

LANARTEA elkartea eraldaketa horretarako tresna izateko bokazioz jaio da. Horregatik deitu zituen sektoreko profesionalak II. Batzar Nazionala egitera, urriaren 30ean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Han jasotako ekarpenak lanerako ardatz bihurtzeko konpromisoa hartu zuten elkartearen talde eragileko kideek. Ekarpenotan daude: kultura lehentasun kolektiboen artean sartzea; gizarte segurantza eta fiskalitate arloko betekizunak sektoreko langileen errealitatera egokitzea; bateko eta besteko administrazioak interpelatzea; sektorearen egoera gizarteratzea; euskarazko kultur sistemako sortzaile eta interpretarien estatusa ontzeko prozesua abian jartzea… Horiek eta gehiago jaso dituzte elkartearen lehen buletinean (klikatu hemen zure ordenagailura jaitsi ahal izateko), 2021eko azaro-abenduari dagokionean.