Mataza eskuan

Gure hizkuntza, gure artea eta artistak hil egiten ditugu poliki-poliki. Gauzatxoak antolatzera jostaketan ibiltzea gustatzen zaigu: antzerki egitera jostatu, bertso kantatzera jostatu, ikastola gorabeheretan jostatu, euskaldun izatera jostatu… Baina egiazko laguntza serio eta praktiko bat emateko garaian, orduan txanponak besterik ez ditugu botatzen. Badirudi gure eguneroko bizia gauza bat dela eta euskal bizitza beste bat, zeharo ezberdina. Gure bizimodua itxuratzeko garaian, lana sendo egin behar dugu, diru asko irabazi, etorkizuna bideratu. Euskaldun izateko garaian, berriz, jostatu, eskupekoa eman.

Zeruko Argia aldizkariak jaso zituen Lourdes Iriondoren hitzok, 1965ean. Ez Dok Amairu taldea sortzeko zegoen artean. Urte hartan bertan egin zuten Durangoko I. Liburu eta Disko Azoka.

1971n Oskorri taldea sortu zuen Natxo de Felipek hau zioen Berria egunkarian, 2013an:

63 urterekin jarraitzen dut kantuan, inolako gizarte segurantzarik gabe. Ni intseguridade absolutuan bizi izan naiz, eta bizi izan naiz nire emaztearen soldatari esker. Baina jendeak pentsatzen du, akaso, jende famosoa garenez eta ateratzen garenez irratian eta telebistan, badugula zerbait.

Zer izan, nor izan, non izan. «Gure kantuak ez daude ez euskal irratietan, ez euskal telebistetan. Egongo ez balira bezala da. Inoiz baino produkzio handiagoa dago, baina inoiz baino diluitzeko joera handiagoa baita ere», zioen Harkaitz Cano idazleak, 2015eko Durangoko Azokaren baitan antolatutako Gogoetaren Plazan. Kultur estrategia bateratu baten beharra eta ikusgarritasuna lortzeko erronka nabarmendu zuten plaza horretan elkartu ziren 22 sortzaile eta eragileek, besteak beste, azokak mende erdi bete zuen edizio hartan.

Diluitu ez, urtu kontzeptua erabili zuen Lorea Agirre Dorronsorok aldizkari honen 183-184. zenbakian, Euskal kulturgintza: nondik gatoz, non gaude, nora jo beharko genuke. Eztabaidarako proposamen bat artikuluan, Sorguneak Ikertegiko kide bezala:

Euskaldun hitzak berreskuratu egin behar du berezko adiera: euskara duena, alegia. Izan ere, vasco delakoari euskal esaten zaionez, euskara desagertu egiten da euskal delakoaren oinarrizko kontzeptualizaziotik. Urtuta geratzen da vasco-aren kategoriapean.

Ez da fenomeno meteorologiko baten ondorio, baina. Goiz asko argitu dira 2011tik, ohikoa bihurtu zaigu erabat erdarazkoa den musika, zinema, antzerkia, kultura bera, euskal izenondoarekin ikustea/entzutea. Euskal kultura gero eta gutxiagotan da euskarazkoa; gero eta sarriago aipatzen den euskal kultur industriari buruzko gogoeta publikoetan ere bai. Hizkuntzaren aldagaia ez da kontuan hartzekoa beti. Hemen ez dago hiztun komunitate gutxitu bat, antza; kultur sistema guztiek pareko egiturak eta masa kritikoa dituzte; eta hizkuntza hautuak ez du eraginik kultur lanen ikusgarritasunean, hedapenean, gizarteratzean. «[Abertzaletasun historikoa] 30 urte boterean izan ondoren, ez da lortu euskal kulturan zimentarri sendoak jartzea. Cultura vasca da substantiboa askotan eta euskal kultura adjektiboa». Agirreren 2011ko hitzok ez dute gaurkotasunik galdu. Euskal kulturaren eta euskararen egoerari buruzko kezkak ere ez. Ezta sortzaile eta artisten ezinegonak ere. Horren lekukotza eman zuen Amaia Zubiria kantariak prentsan, Gipuzkoako Diputazioaren 2021eko Adarra saria jaso bezperan, Eusko Jaurlaritzara Imanol Larzabalekin eta Iñaki Salvadorrekin aspaldi egindako bisitak gogora ekarriz: «Borroka egin dugu, joan gara joan behar zen tokietara, errezibitu ere egin gaituzte, agindu ere bai, baina sekula ez dugu ezer jaso. Guk nahi genuen estatus bat, zeozer izan». Nahiak betetzeke segitzen du, Lourdes Iriondoren garaian ere ez gauden arren.

Eskupekoak, intseguridade absolutua, diluitzea, estatus eskea… Bada hari bat hor, aspaldi iruten hasia eta XXI. mendeko puntu honetaraino luzatu dena, ardatza ezkutatu eta korapiloak sortzeraino. Korapilook askatzeko tresnak eta bideak asmatzeko gai izan da euskararen kultur sistema –asko herri ekimenari esker; erakunde publikoen babesarekin zenbait–, baina mundu globalizatuaren eta gizarte diglosikoaren testuinguruan, asmatzen segitu beste aukerarik ez dago.

«Sortzeko ahalmena daukagu, baina ezin ditugu eskubideak sortu», idatzi zuen urrian Miel A. Elustondok, Berria-n, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak deitutako II. Batzar Nazionala iragarriz.

Gure lanak balio etikoa eta estetikoa dauka. Argitaratuz gero, balio ekonomikoa hartzen du. Katearen lehen maila gara sorkuntzan, baina katearen azken maila gara guk geuk sortzen dugunaz bizitzen.

Lanartearen lehen kideetako bat da Elustondo, Dani Fano irudigilearekin, Koldo Izagirre idazlearekin eta Arkaitz Miner eta Joseba Tapia musikariekin batera. Lan eta bizi baldintzak konpartitzetik eta diziplina ezberdinetako profesionalekin kontrastatzetik sortu zitzaien elkartu eta antolatu beharra. Uste baino askoz behar komun gehiago zeudela ikusi zutelako, babes eta ziurtasun eza –prekaritatea esatea zilegi bekie– handia zela. Ekimen kolektiboa sustatu nahian, 2019ko maiatzaren 25ean egin zuten I. Batzar Nazionala, hainbat diziplinaren inguruko diagnosiak aurkeztu zituzten bertan. COVID-19aren etorrera baino lehenagoko kontuak dira horiek.

2020ko udaberrian sortu zuten Lanartea elkartea, ofizialki, honako helburuak jasoz bere estatutuetan: euskararen langile profesionalak kulturaren subjektu izanik, ekonomiaren subjektutzat ere hartzea; euskararen langileen estatusa lortzea; euskararen langileen eskubideak bermatzea; kotizazio sistema razional bat bultzatzea; eta euskaraz sortutako kulturaren legea lortzea.

Niri dagokidanez, 2021eko apirilean hasi nintzen bertako koordinatzaile lanetan. Geroztik, sektoreko elkarte ugariren ordezkariekin eta hamaika sortzaile eta artistarekin elkartu gara. Baita sektoretik kanpoko eragileekin ere. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailera, berriz, irail amaieran jo genuen, fiskalitate arloko proposamen batekin. Bien bitartean, bagenekiena berretsi du azken hilabeteotako dinamikak: prekaritatearen birusa aspaldiko lagun dute sorkuntza eta interpretazioa diru-iturri bihurtu dutenetako gehienek –autonomoek, bereziki–. Horren lekukotza jaso genien gure II. Batzar Nazionalera etorritakoei, Azpeitian, joan den urriaren 30ean. Gaiok mahairatu zituzten, besteak beste: sektoreko langile askok ez dituzte beren eskubideak eta betebeharrak ezagutzen eta burokrazia gero eta gehiago da estuasun iturri eurentzat; diziplina eta lurralde arteko artikulazioa ezinbestekoa da gizarte segurantzari eta zerga kontuei dagozkien aferak landu ahal izateko, gero eta langile gehiago aritzen delako lurralde zein diziplina batean baino gehiagotan; euskarazko kulturgileentzako epigrafe propioa eta artistaren estatusa lortzeak lehentasuna du, prekaritateari muga jartzen hasi ahal izateko; Artistentzako Bizitzeko Gutxieneko Errenta abiarazteko aukerak aztertu behar dira (Frantziako intermitentziaren eredua gogoan); kalitatezko tartea lortu behar da euskarazko sortzaileen lanentzat irrati-telebistetan, kuotak eskatu, EITBtik hasita; erakunde publikoak dira artisten patroi nagusia, eta eurak ere baliatzen dira sortzaileen eta artisten babesgabetasunaz, ahalik eta gutxiena ordaintzeko; militantzia lan baldintza eskasetan aritzeko aitzakia bihurtzen da gehiegitan.

Ez dira sentsazio funsgabeak. Euskal Kulturaren Behatokiaren Karrera artistikoen profesionalizazioa txostenak (Eusko Jaurlaritza, 2020), esaterako, hala dio:

Artea lanbide bihurtzeak boluntarismoa eskatzen du, eta bokazioagatik onartzen dira lanbidearen prekaritate-baldintzak. Bokazioaren pisuak prekaritatea konpentsatzeko mekanismo gisa funtzionatzen du; izan ere, praktika profesionalaren gaitz endemiko gisa hartzen da prekaritatea.

Prekaritatea erromantizatzen da, azken batean.

Norberaren lanak erakusteko, argitaletxe edo diskoetxe handiren batean obrak argitaratzeko edo salmentetatik eta eskubideetatik soilik bizitzeko aukerei dagokienez, ideal ia lorrezinak dira guztiak; eta helburuok lortuta ere, horrek ez du bermatzen presentzia jarraiturik, ez eta inolako planteamendurik ere epe luzera. Are gutxiago euskarazko sorkuntzan, haren merkatua txikiagoa dela kontuan hartuta.

Ohar bat hemen: Siadecok Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa bat egin zuen 2017an, Elkar Fundazioaren enkarguz. Ikerketa horren arabera, 16 urtetik gorako 2,6 milioi euskal herritarren artean (euskaradunak dira horietarik 750.000), 190.000 dira euskarazko liburuak irakurtzen eta euskarazko diskoak entzuten dituztenak (euskaradunen %25), eta 40.000k (%5) osatzen dute euskarazko kultur lanen hartzaileen nukleo gogorra.

Merkatuaren legeak nagusi bakar direlarik, hartzaile kopuru horiekin eta euskarazkoa azpikulturatzat jotzen duen komunikazio sistema baten barruan, zein etorkizun espero dezake euskal sortzaileak epe ertain eta luzera? Eta euskarak berak? Kultura bihurtuko ote da inoiz lehentasunezkoa politika eta iritzi publikoetan, kultur sistema osasuntsu eta bizigarri bat finkatzeko? Beharra, gogoa eta tresna batzuk baditugu dagoeneko. Arazo nagusiak identifikatu, lehentasunak ezarri eta konponbiderako ildoak proposatu eta bururatzea da kontua. Horretarako, sortzaileen eta interpretarien bizipenak eta ekarpenak jaso eta erdigunean jarri behar dira. Euren lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena izango duen edozein lege edo artistaren estatutu diseinatzeko, zeresanik ez.

Nafarroako Legebiltzarrean abian da ponentzia bat, Nafar Artistaren Estatutuaren oinarriak ezartzeko asmoa duena, besteak beste. Hainbat eragileren ekarpenak jasotzen ari dira bertan. Lanarteak euskal sortzaile eta interpretarien ahotsa entzunaraziko du ponentzia horretan. Eusko Jaurlaritzak ere iragarria du Artistaren Estatutu proposamen bat. Ez dugu horren mamia ezagutzen, oraindik ez delako publiko egin eta proposamena ontzeko prozesuan parte hartzeko aukerarik ez dugulako izan.

Beren babesgabetasuna zuzendu nahi dute sektoreko langileek, ondoen egiten dakitena egiten segitu ahal izateko. Eurek ere pentsio duinak behar dituztelako, langabezia saria, pizgarri fiskalak, diru-laguntza espezifikoak, sormen indarra eta kultur sareak sustatuko dituzten politikak, azpiegiturak, komunikabide publikoen eta pribatuen plaza… Badira lanak egiteko. Egingo ditugu. Elkarlanean, ahal den guztietan. Horretarako ahala eta kemena daukaten guztiei luzatzen die eskua Lanarteak. Eta ekin ahala, sortuko dira lan berriak. Hala balitz, korapilo batzuk askatzen hasiak garela esan nahiko luke, ardatza ikusteko bidean gintezkeela, euskal kultur sistema osasuntsu eta bizigarri bat eraikitzeko(*).

(*) Artikulu hau ‘Jakin’ aldizkariaren 247. zenbakian argitaratu da.