“Beharrak batzen gaitu”

Arkaitz Minerren eta Joseba Tapiaren doinupean, halaxe sartu dira 40 bat kulturgile eta kulturzale gaur goizean, Azpeitiko Sanagustin kuturgunera, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen deiari erantzunez.

Han ziren Joxean Agirre, Mikel Peruarena Ansa, Yolanda Arrieta eta Yurre Ugarte idazleak; Andoitz Antzizarri, Amets Aranguren, Maite Arroitajauregi Mursego, Itsaso Etxebeste, Idoia Hernandez Hatxe, Miren Narbaiza MICE, Txuma Murugarren, Ibai Osinaga eta Juantxo Zeberio musikariak; Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluze bertsolariak; Eñaut Aiartzaguena, Joseba Beramendi Exprai, Begoña Durruty, Unai Gaztelumendi, Patxi Huarte Zaldieroa, Joseba Larratxe Josevisky eta Iñaki Martiarena Mattin irudigileak; Joxemari Karrere kontalaria; Iñaki Ziarrusta antzerkilaria; Juanjo Elordi zinemagilea; Xabier Alkiza bikoiztailea…

Maite Gurrutxaga irudigileak egin die harrera denei, Lanarteako kide gisa. Berak aletu du elkartearen ohorezko kideen zerrenda: Ramon Agirre, Joxean Agirre, Irene Aldasoro, Xabier Amuriza, Jose Ignazio Ansorena, Eugenio Arozena, Bernardo Atxaga, Klara Badiola, Juan Mari Beltran, Natxo de Felipe, Niko Etxart, Luzien Etxezaharreta, Elixabete Garmendia Lasa, Mariasun Landa, Amaia Lasa Alegria, Anjel Lertxundi, Benito Lertxundi, Antton Luku, Kristina Mardaras, Mikel Martinez, Laura Mintegi, Koro Navarro, Antton Olariaga, Xabier Olarra, Joseba Sarrionandia, Josu Zabala, Josu Zabaleta, Jon Zabaleta eta Amaia Zubiria.

Lanartearen I. Batzar Nazionaletik –2019ko maiatzaren 25ean egin zuten- egindakoak azaldu dituzte segidan elkarteko boluntarioek. Aurretik genekiena berretsi digu pandemiak: euskararen langile profesionalok egoera zital batek gauzka harrapaturik aspaldi”, esan du Joseba Tapiak. Egoera horrek, erantsi duenez, ez du zerikusirik krisi ekonomikoarekin, klima aldaketarekin edo koronabirusarekin. “Ulertzen ez gaituzten legeek, ulertzen ez ditugun araudiek eta, batez ere, gure batasunik ezak gauzka gauden bezala. Babes gabe sentitzen gara: babes dezagun elkar”.

Testuinguru horretan legeztatu dute Lanartea, Garbine Ubedak gogoratu duenez: “Hauexek dira elkartearen helburuak: gure estatusa era arrazional batean antolatzea; gure eremu sozialaren jabe izatea; gure publikoa solidarizatzea; kultura agintari politikoen agendaren lehentasunetan izan dadin borrokatzea”.

Barne-lana gehi landa-lana egin beharraz mintzatu da idazlea: “Ikusgarritasuna behar dugu laguntzak batzeko”. Eta informazioa, azterketa eta kritika, helburuak ezartzeko. “Eta elkartasunaren kultura sustatu kulturaren barruan: denok bat eta bakoitza bere, guztion onerako”.

Dani Fano irudigile eta komikilariaren txanda etorri da segidan: “Koordinatzaile bat kontratatu dugu; azken hilabeteotan kontaktuak ugaritu egin dira”. Horri esker, teorikoak ziren planteamenduak gauzatu egin dira, erantsi duenez.Euskarak pairatzen duen kultur sistemaren arrakalak detektatu, eta arazo espezifikoen gainetik euskararen lanbide profesional ezberdinak batzen gaituzten premiak azaleratu zaizkigu”.

Orain arteko urratsak

Lanartearen orain arteko urratsak aletu ditu Koldo Izagirre idazleak. Argitalpen kontratu eredu bat osatu du elkarteak idazleentzat, esaterako. “Bi argitaletxeri proposatu diegu oraingoz, eta biek ere baiezkoa eman dute. Lan hau hasi besterik ez da egin”. Eta Praktika Onen araubidea ixten ari dira irudigileak, gainerako diziplinetako profesionalentzako ere bidea irekiz. “Argitalpen kontratu eredu bat ondu dute irudigileek eta idazleek, elkarrekin. Eta literatura sarien eta beken eraberritzea abiatu dugu.(H)ilbeltza bekaren oinarrien aldaketetan eragin genituen, esaterako. Eta Lizardi sariaren berrikuntzan kolaboratu genuen”.

Aldi berean, iritzi bilketa handi bat egin du Lanarteak bertsolarien artean. “Eta EIE, EIZIE, Galtzagorri eta Bertsozale elkarteekin hasitako harremanen ondorioz, fiskalitate arloko proposamen bat landu genuen”. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean aurkeztua du elkarteak proposamen hori.

Sektoreko profesionalek zailtasun handiak dituzte, Izagirreren esanetan, administrazioak eskatzen dizkienn betebeharrak burutzeko. “Eta honi eransten zaio aholkularitza bulegoek ere nekez ulertzen dituztela bateko eta besteko administrazioek ezarritako arauak. Horren ondorioz, formakuntza eta aholkularitza zerbitzu espezialdu bat sustatzeko lanean ari gara”.

Kultur mundura heldu berri diren egile eta artista gazteen inguruko ikus-entzunezko bat ere ari da lantzen Lanartea, beren kezkak eta arazoak jaso eta ezagurazteko. Webgune bat ere sortu dute: www.lanartea.eus. Bertan izango dute sektoreko langileek beren eskubideen, beharren eta lanen berri emateko eta hartzeko tresna.

Geuri dagokigu orain gune hori mamiz, kritikaz, eztabaidaz, lorpenez, ideiez, laguntza tresnez, babesez betetzea”.

Koordinatzailearen hitzak

LANARTEAren koordinatzaileak, Amagoia Gurrutxagak, udaberritik honainoko jardunaren errepasoa egin du. Duela sei hilabete lan honetan hasi nintzenetik, hamaika elkarte eta banakorekin egin ditut bilerak, eta, bilera horiei esker, aurreikusten nuena baino egoera okerragoa ikusi dut euskarazko kultur panoraman. Ia inor ez da bizi sortze lanetik. Gehienek beste lan bat dute diru iturri, eta aparteko tarteetan sortzen dute. Autonomo egin eta sortzetik bakarrik bizitzea erabaki dutenek, berriz, hamaika lan onartu behar izaten dituzte hilabetea berdinduko badute, eta gero eta exigenteagoa eta ulergaitzagoa zaien papergintzan ematen dituzte orduak eta orduak”.

Diziplina arteko trantsitoa gero eta ohikoagoa izanik ere, atomizazioa “beldurgarria” da, Gurrutxagaren esanetan. “Pedagogia lan handi bat egin behar da. Denean. Profesionalen artean, hasteko. Eta erakundeetan, sortzaileen egoera ezagutzen ez dutenak ez dira gutxi; urteetako ohiturak arau bihurtuak daude. Gainegitura handian, berriz, ogasunak, gizarte segurantzak, departamenduak dauzkagu, erabakitzaile ezezagunez, erabakitzaile ezjakinezare, elebakarrrez- beteak, beren leize-zuloetatik erabaki politiko-kultural-ekonomikoak hartzen… bakoitza bere aldetik”.

Bada albiste onik, hala ere, Lanartearen koordinatzailearen arabera. Sektorearekin zerikusi zuzena ez duten hainbat eragile ere laguntzeko prest agertu zaizkie, hasteko: ELA, LAB, Kontseilua, UEMA… “Eurekin eta sektoreko hamaika elkarte eta banakorekin egindako bilera guztiei esker ikusi dut badirela elkarlanerako aukerak, borrokarako puntu komunak, eta, batez ere, behar gorria. Beharrak batzen gaitu”. Eta bada zer egina: kotizazio sistema arrazional bat pentsatu, epigrafe festa ordenatu, hedabideetan profesionalen lanei eskainiko zaien gutxieneko tokia zehaztu, kontratuak errepasatu, gutxieneko tarifak adostu, euskarazko kultur sistemaren errealitateari erantzungo dion artistaren estatutu bat landu, erakunde publikoak interpelatu, kultur sistema bizi eta bizigarri bat aldarrikatu…

Lanok zerrendatu ostean, profesionalei egin die dei Gurrutxagak: Horiek denak ezin ditu pertsona bakarrak egin, bistan denez. Lanartea ez da eraginkorra izango zuen, profesionalon, ekarpenik, parte hartzerik eta babesik gabe. Zeuok zarete egungo panoramaren arrakalak eta ajeak, indarguneak eta ahalak ondoen ezagutzen dituzuenak, zeuok zarete egoera hau zuzenean nozitzen duzuenak, iraultzeko beharra daukazuenak”.

Koordinatzailearen azalpenen ostean, kafe bat hartzeko geldiunea egin dute batzarrean. Ondoren, bosteko taldeak osatu eta lehentasun eta kezka nagusien inguruan aritu dira solasean. Bertan jasotakoaak ordenatu eta buletin bidez zabaltzeko konpromisoa hartu dute elkartekoek.

Diruaz

Subjektu kulturala da Lanartea, baina subjektu ekonomiko izateko helburua ere badu, estatutuetan jasoa den bezala. Hala behar du izan helburuak lortzeko. Udaberrian hartu du abiada gure lanak, eta horretarako ezinbestekoa izan da ELAren ekarpen ekonomikoa. Eskerrak eman nahi dizkiogu hemendik”. Antton Olariagak heldu dio batzarrean elkartearen arlo ekonomikoari. “Ekarpen gehiago ere beharko ditugu, geure burua gobernatzeko gauza izateko erabat”. Horretarako, elkarteko kideen kuotez eta babesle berriez gain, dirua biltzeko moduak pentsatu beharra nabarmendu du Olariagak.

Sortzaileon irudimena ekonomiaren zerbitzura…. Bai, bazkide egin zaitezten eskatzen dizuegu”. 60 euroko gutxieneko kuota ezarri dute: 5 euro hileko. Gehiago emateko aukera itxi gabe. “Eta aukera dute lagundu nahi diguten kolektiboek ere”.

Laguntza eskatu die irudigileak batzarrera hurbildutako profesionalei: “Lagun iezaguzue bazkideen zenbakia handitzen, zuen lankideen artean elkartearen berri zabalduz. Lanartearen alde egiteko modu bat da hori ere”.

Garbine Ubedak, berriz, elkartean parte hartzeko deia egin die sektoreko langileei: “Alor guztietako jendearen parte hartzea artikulatu behar da.

Egoera aldatzen hasteko momentua dela azpimarratu du: “Pandemiak ikusgarritasuna eman dio sortzaileen egoerari. Artistaren estatutua berritzeaz mintzo dira zenbait arduradun politiko. Euskarak espazio publikoa berreskuratu behar du; kulturak zirkuitu alternatiboak. Ekarpen txiki askok emaitza handia ekar dezakete”.
Bi hilabeteko epean elkartearen motore lana egingo duen taldea osatzeko eta antolatzeko konpromisoa hartu dute Lanarteako kideek.