Gaur hasiko dute IX. (H)ilbeltza Astea, Eneko Barberenarekin solasean

Arizkungo Medikuaren Etxean da hitzordua, 19:30ean. Eneko Barberenak bertan aurkeztuko du bere lan berria, V. (H)ilbeltza Bekari esker idatzia. Sinopsia: Aezkoako mendi sute batean hiru mendizale hil eta geroko ikerketan, Poliziak bi artzain atxilotu eta espetxeratu ditu. Urtebete geroago, Konpainia izeneko aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidaliko du Aezkoara sutea ikertzera, aseguru etxeko bezero diren artzainen inplikazioa argitzeko; Konpainiak diru asko baitu jokoan bezeroak errudun joz gero. Horrela, Nabala herritik abiatuta, Ainhoak ezagutzen ez duen ingurune bat arakatu beharko du egia argitu nahian, Konpainiak jarri dion Joxe gidariaren laguntzaz. Bilaketa horretan, meatzaritza enpresen interesak, artzainen arteko ezinikusiak, Guardia Zibilaren presentzia itogarria, gaueko langileak eta beste hainbat elementu aurkituko ditu.

Suak erreko ez balu argitararu berriaren aurkezpenarekin hasi eta igandera bitartean, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera emango du aurtengo (H)ilbeltza asteak. Asteazkenean, esaterako, Joseba Sarrionandia idazleak Odol bearbaguea, argituco du eguia eurea izenburuko hitzaldia emango du Anizko Mendiarte alkartean, 19:00etan. Ostiralean, ordu berean, Anjel Lertxundik 1987an zuzendutako Kareletik filma emango dute Iruritako Gizarte Bilgunean.

Larunbatean, berriz, goizez zein arratsaldez daude ekitaldiak. 11:00etan, Garazi Arrulak eta Garazi Ugaldek Zurian beltz. Literatur itzulpenak eta itzulpozak mahai-inguruan parte hartuko dute, Amaia Apalauza itzultzailea gidari dutela. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean izango da. Mahai-inguru ostean, 14:00etan, bazkaria emango dute Erratzuko elkartean txartelak eskatzeko, ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi behar daꟷ, eta jatordu ostean hiru liburu aurkeztuko dituzte: Jon Alonsoren Amaiur bat urtero, Mikel Alvarezen Euskalia eta Gaizka Ugaldek euskarara ekarri duen Leonardo Sciaciaren  Todo modo. Larunbatari emaiera emateko, Susmagarrien Gaua egingo dute Erratzun barna.

Igandea da aurtengo egitarauko azken eguna. Hala, 11:00etan, Itzuli beltza egitera abiatuko dira Oronozko aparkakalekutik, Gorputz gorrituen solasa izenburupean. 19:00etan, azkenik, Ruper Ordorikak Zuri beltzean kontzertua eskainiko  du Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

VII. (H)ilbeltza Bekara aurkezteko epea, zabalik

Baztanen eta nobela beltzaren arteko harremana ez da etengo erabat igande honetan, hala ere. VII. (H)ilbeltza bekan izen emateko epea zabalik da martxoaren 10era arte. Baztango Udalak ematen du beka hori, (H)ilbeltza Elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz.