Formakuntzan ere urratsak egiten

Betebehar administratiboen ugaria eta betebehar horien gaineko ezezagutza nabaria. Horixe izan zen euskararen langile profesionalen elkartea abiatu orduko sektoreko hamaika eragilek helarazi zigun kezka. Gero eta paper gehiago bete behar dela, alegia, eta paper horiek nola bete, ez dela erraza jakiten. Ezta paper horiek eskatzen dituen erakundeari berari galdetuta ere. Ogasunari dagozkion tramiteetan eta fakturazioan, esaterako, irizpide kontrajarriak eta aholku nahasiak ohikoak dira, eta horrek zalantza eta ezinegona dakarkie sektoreko langileei.

Gai horri heltzea garrantzitsutzat jo, eta formakuntza ikastaro bat antolatzea erabaki genuen LANARTEAn. Aholku Koop kooperatiba txikira jo genuen. Aholkularitza bulego bat da, eta bertako kideek ere berretsi egin zuten sektoreko langileen irakurketa: eurei ere zail egiten zaie zenbaitetan zer-nola egin berhar den argitzea.

Euskararen langileen oinarri-oinarrizko betebehar administratibo eta fiskalak zerrendatzea eta betebehar horiek nola egin azaltzen laguntzea eskatu genien Aholkukoei, eta horren emaitza izan dira martxoaren 14ko eta 30eko eta apirilaren 6ko formakuntza saioak.

Ezkerean, Irati Cano . Eskuinean, Nora Garcia. Aholku Koop-eko kide biek eman dute formakuntza ikastaroa.

Lehen saioan (martxoaren 14an), edukiok landu genituen:  gizarte segurantzako erregimenak eta kotizazioak (kontzeptu orokorrak); lan erregimen orokorra (besteren konturako langileentzat); eta autonomoen eregimena (norberaren konturako langileak).

Bigarren saioan (martxoaren 30ean), berriz, honakoak: artisten erregimena; erretiro pentsioa eta lana; ogasunean alta eta baja  ematea; BEZ eta PFEZ; fakturak nola egin; faktura elektronikoak egiteko softwareak; eta zergak.

Apirilaren 6ko saioan, azkenik, fakturazioa eta aurreko bietan azaldutako tramite zenbait telematikoki nola egin azaltzeko tartea hartu zuten Canok eta Garciak.

LANARTEAkideei doan eskaini zaie formakuntza. Bazkide ez direnek 15 euro ordaindu dituzte sei orduko ikastaroaren truke.  Guztira, 52 lagunek eman dute izena: idazleak, itzultzaileak, musikariak, irudigileak, ipuin kontalariak, bertsolariak, dantzariak, aktoreak… autonomoak batzuk, besteren kontura lanean ari direnak besteak; aldian behin kultur arloko lanak akturatzen dituztenak zein dedikazio osoz lanotan ari direnak. Parte hartzaile gehienek telematikoki jarraitu dituzte saioak. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko aretora, hala ere, 12 pertsona hurbildu dira batez beste saioetara.

Galdera eta kezka nagusiak

Saioak hasi aurretik, beren galdera eta kezka nagusiak azaltzea eskatu zitzaien parte hartzaileei. Honakoak dira errepikatuenetako batzuk: “Une honetan gehien arduratzen nauen gaia faktura elektronikoena da, kontu erabat berria baita niretzat eta ez baitakit nondik hasi ere”; “jubilazio prestazioa jasotzea eta aldikako lanak fakturatzea bateragarria al da?”; “gustatuko litzaidake jakitea zein diren, zehatz-mehatz, autonomo batek egin behar dituen gestio guztiak, eta online egin badaitezke nola egiten diren”; “desastre bat naiz zergen kontuarekin; ordaindu nahi dut, baina, oso kontu puntualak izaten direnez, epeek ihes egiten didate eta prozesuak gainezka egiten dit”; “BEZaren deklarazioan zein gastu sar ditzakedan eta zein ez argitzea nahi nuke”; “kultur jarduera anitzak egiten direnean, zuzeneko emanaldiak, artikuluak idatzi, hitzaldiak… epigrafe bakarrean alta eman?”; “epigrafe batean baino gehiagotan alta emateak zein ondorio ditu?”; “gestoriarik gabe nire kabuz moldatzen ikasi nahi nuke”…

Galdera horiei ahalik eta ondoen erantzuteko ahaleginaren emaitza izan da Aholku Koop-eko kideek eskaini diguten formakuntza ikastaroa. Erantzunotako batzuk lortzeko dauden arazoak gogoratu dituzte bertan, eta Hego Euskal Herriko lau ogasunetan irizpide berak ez erabiltzeak sortzen dituen zalantzak eta lan gehigarria agerian utzi. Parte hartzaileek beren esperientziaren berri eman zuten saiotan, euren jardunean dituzten heldulekuak eta oztopoak aletuz.

 

 

Ikastaroko hiru saioak egin ostean, LANARTEAren proposamena baliagarria iruditu al zaien galdetu diegu parte hartzaileei, eta balorazioa egin dezaten eskatu. Ikastaroa argigarria eta zehatza gertatu zaiela adierazi  digute. Argitzeko eta zehazteko kontu ugari daude oraindik ere, baina. Martxo-apirilekoa lehen urratsa izan da, beraz, hasi besterik egin ez den bidean.