Herri hauek egon ziren ordezkatuta Altzon: Alkiza, Amasa-Villavona, Anoeta, Azpeitia, Getaria, Hernani, Irura, Tolosa, Usurbil, Zaldibi, Zarautz eta Zumaia. Bertaratzeko deialdia, LANARTEA elkarteak UEMArekin duela bi urtetik hona hasitako lanketaren emaitza zuzena izan zen. Lanketa horren abiapuntua da: gaur gaurkoz 810.000 hiztun eskas dituen euskaldun komunitatearen arnasguneek euskarazko kulturaren indargune izan behar dute.
Helburu komun hori erdiesteko egindako urratsa izan zen Altzoko saioa, eta bi bloketan banatu genuen egitaraua:
- Artisten esperientzia eta Azpeitiko kultur kudeaketa esperientzia berezia azaldu genizkien kultur teknikariei, sarrera moduan.
- Teknikarion esperientziak entzun eta jaso genituen, horixe baitzen gure helburu nagusia.
Artisten bizipenak, kultur mahaiak
Lan-saioari hasiera emateko, LANARTEAko zuzendaritzako kide Miel A. Elustondo idazle, itzultzaile eta kazetariak hartu zuen hitza, kultur teknikariekin izandako hainbat esperientzia labur-labur azaltzeko, bereak zein elkarteko beste hainbat kiderenak.
Era guztietako papergintzaz mintzatu zen Elustondo, aurrekontuez, proiektu azalpenez, fakturak kobratzeko arazoez ꟷordainketa dagoenetanꟷ. «Kultur teknikariek deitu egiten digute batzuetan, beste batzuetan geure burua eskaintzen diegu, eta bakoitzean da diferente. Batean behar dituzu erregistro elektroniko guztiak, direnak eta ez direnak, eta beste batean ez». Adibide gisa, fakturatze arazoengatik otsailean egindako lan bat opor ostera arte ez duela kobratuko esan zuen. «Bien bitartean, Gizarte Segurantzan dagokidan autonomo kuota ꟷia 300 euro hileanꟷ zintzo-zintzo ordaindu dut otsailetik hona, eta jakin berri dut faktura hori ixtea ez zela hain zaila, jarrera kontua zela. Hori da gure bizitzeko modua. Uste nuen nirea zela, baina ez: atzetik datozenek ere gauza berak kontatzen dituzte».
Beste profesional batzuen adibideak ere eman zituen Elustondok: aurkezpen bera herrialde bereko bi udalerritan egin eta ezberdin fakturatu behar izan duen idazlearena, esaterako; eta fakturazioak eragiten dizkion buru-hausteen ondorioz ezer ez kobratzea erabaki duen itzultzaile sarituarena; eta beltzean kobratzeko amorratzen bizi den bertsolari gaztearena, «50 euro ximel kobratzeko» egin behar duen lan burokratiko pila astunegia zaiolako.
«Azkenean, askok eta askok aholkularitza zerbitzu bat kontratatzera jotzen dute, baina aholkulariek ere, askotan, ez dakite. Eta teknikariek ere, askotan, ez dakite. Nahaste-borraste eta porrusalda bat sentitzen dugu honetan. Zuekin hitz egin eta denon artean ea argitzen, soiltzen dugun baso hau, hemen dagoen saltsa gizen hau ezin dugulako irentsi. Eta ez digu uzten bizitzen. Eta gazte asko ito egiten ditu. Hori gure ekarpena», amaitu zuen bere gogoeta Elustondok.
Aitor Bengoetxeak hartu zuen hitza segidan. Ez da udal kultur teknikaria, baina Azpeitiko kultur eskaintzaren kudeaketaz arduratzen da, herriko Kultur Mahaiak 2006an abiarazi zuen prozesuaren ondorioz. Prozesu horretatik sortu zen Kulturaz Kooperatiba, eta bertako kidea da Bengoetxea: «Gure lantokian hiru hankako aulki bat aipatu ohi dugu: sortzaileak dira hanka bat, egiturak bestea, eta hartzaileak-publikoa-herritarra bestea».
Kultur Mahaiak egiteko moduak aldatzea lortu ahala, herria eta kultura egiteko modua ere aldatu egin dela nabarmendu zuen. «Eta ez bakarrik udalarekin, baita Foru Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin eta beste. Diru-laguntza dezenteren oinarriak aldatzea lortu dugu, kulturak eragitea makinaria horietan».
Gaur egun Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa kudeatzen ditu Kulturaz kooperatibak. «Bi kontzeptu erabiltzen ditugu: autonomia (autofinantziazioari oso lotua) eta etengabeko elkarlana».
Teknikarien ahotsa
Kultur teknikarien errealitatearen berri jasotzeko, mahai ingurua eta taldekako lana egin genituen eurekin. Mahai inguruan hizlari izan ziren Jokin Ansorena (Tolosa), Miriam Romatet (Zumaia) eta Maider Aldazabal (Alkiza). Taldekako lanean, berriz, bertaratutako teknikari guztiek hartu zuten hitza.
Denek agertu zuten beren lanaren funtzio publikoaren kontzientzia nabarmena eta euskarazko kulturarekiko mira berezia. «Harreman ona, errespetuzkoa eta lagunkoia» daukate gaur gaurkoz artista eta kultur eragile gehienekin. «Harreman horixe da gure lanetik gehien asebetetzen gaituena. Kultura komunitatea artikulatzeko bide da, baina administrazio sistemak justu hori zaildu egiten du». Aholkularitik ere asko du euren lanak, ondorioz: «Dakigun horretatik laguntzen saiatzen gara».
Egoeraren irakurketa gordina egin zuten denen artean:
Kulturak garrantzia galdu du erakunde publikoen eta gizartearen begietara. Teknikariak gutxietsiak sentitzen dira askotan: «Kultura gutxiesten da, eta bai guk bai artistek ordaintzen dugu hori».
Kultura bizitzeko erak ere asko aldatzen ari dira, eta horrek eragin nabarmena dauka kultura eskaintzeko eta publikoak lortzeko orduan. «Gero eta zailagoa da auzolana aktibatzea». Berehalakotasunak dena kutsatu duen gure eguneroko bizitzan, erritmo bizkortze bat gertatu da, eta baita kultur teknikarien eguneroko lanean ere. «Ni ez naiz iristen hainbeste eskakizun egunero erantzutera. Lanetik irtetean eginkizunen zerrenda lanera joan naizenean baino luzeagoa izatea, hori da nire buru-hauste nagusia». Euren lanaren kalitatea eskastu egin dela sentitzen dute: «Hausnarketa, patxadaz pentsatu, balorazioak egin… gero eta gutxiago egiten dugu. Iritsi ezina da nire eragozpen nagusia. Ekintzitis edo tramititis, baina ezina».
Burokrazia da teknikarien amesgaizto gorenetako bat, beraz, betebehar administratiboek gero eta tarte handiagoa hartzen dutelako beren eguneroko zoroan: «Administrazioak berak dakartzan prozedura mantxoak izaten dira lehendabiziko buruhauste handia. Luzeak eta itogarriak izaten dira askotan. Legez agintzen dizkigute, eta burokrazia hau eraginkortasunaren kontrakoa gertatzen da egunerokoan. Administrazioa ez dago pentsatuta kulturarako eta herria egiteko, baizik eta zementua egiteko».
Eta garai batean lau izapiderekin ebazten zen diru-laguntza deialdia, egun, amaitzen ez den soka bat bilakatu da, epeak izugarri luzatuz: «Absurdoa da. Perspektiba falta da». Azkeneko urteetan bereziki azkartu omen da aldaketa. Batez ere, administrazio elektronikoa indarrean sartu denean. Gero eta gehiago behar dituzte pleguak, txostenak, udaletxedeko beste sailetan prestatzen dizkietenak. Oso kontziente dira horrek guztiak kulturgileengan daukan eraginaz: «Batzuetan dena da oztopo eta dena da araudi, eta dena da araudiok interpretatzeko era. Irisgarritasuna asko aipatzen da, baina oztopoak jartzen ari gara. Irisgarritasunaren aitzakian web orriak eta beste ari gara famatzen, baina gero ez gara irisgarri ezertan, ez herritarrentzat, ez eragileentzat».
Arauak arau, udaletxetik udaletxetara alde nabarmenak daude, ez dago irizpide bateraturik fakturazioan-eta, eta kontu-hartzailearen irizpideen menpe dago kultur teknikaria, eta mugatuta sentitzen da artistei eta kultur eragileei merezi duten zerbitzua emateko.
Administrazio araudien eta jardunbideen izaera gero eta estuagoaren beste ondorio bat: langile publikoek gero eta gehiago jotzen dute beren burua babestera. «Prebarikazio hitza asko entzuten da, edozein txorakeriatarako ere hitz horren mehatxua daukazu». Eta gero eta zailagoa zaie autonomo ez diren artistei zerbitzuak ordaintzea: «Nola ordaintzen diozu besterentzako lanean ari denari? Gero eta zailagoa da. Lehen egiten zen, baina orain beldurtu egin dira, ikuskaritzak gainean dabiltzalako». Eta euskarazko kultur sisteman, autonomo erregimenean lanean ari direnak gutxiengo dira. Eta zerbitzuko pagatzen zaienarekin, ezin da espero fakturatzen duten denak autonomo egitea, zenbakiek inork gutxiri ematen diotelako bizitzeko lain.
Kultur teknikariei ez zakizkie hizkuntz irizpideak ezartzen beren kultur programazioan. Genero berdintasuna bai, baina hizkuntza ez da zehar-lerro udaletxeko arlo guztietan, diotenez, ezta kultur programazioan ere. Inon idatziz jaso gabe egonik ere, gehiena euskaraz programatzen dute. Hori ere tokian-tokiko langile publikoaren borondatearen esku dago, beraz. «Ez dago idatzita, eta programazioaren hizkuntz irizpideak ezin dira unean uneko kultur teknikariaren, zinegotziaren edo alkatearen esku utzi». Programatu ondoren ere, ez dute estatistika bat sistematizatuta. «Ondo legoke gutxieneko irizpide komun batzuk ezartzea. Inportantea litzateke modu sistematizatuago batean lan egitea. Horrek gure programatzaile rola indartuko luke. Interesgarria litzateke udal barnean irizpide horiek ere ezarrita eta idatzita egotea». Beren jardunari ildo zehatz eta egonkorrak eskainiko dizkion marko baten beharra nabarmendu dute denek, euskal kulturaren aldeko politika komun bat
Hobekuntzarako proposamenak
Honako neurriak aipatu dituzte teknikariek egungo egoera hobetzeko ildoetaz gogoeta egitean:
- Kultur programazioan hizkuntz irizpideak txertatzea.
- Plataforma komun bat sortzea, kultur teknikariek euskarazko produkzioa jarraitu ahal izateko.
- Artistekiko praktika onen gida bat adostea, idatziz jasotzea eta denon artean partekatzea. «Garrantzitsua da argi jakitea udaletxe batek zein gutxieneko eskaini behar dizkion artista bati, ondo tratatuko dugula ziurtatzeko».
- Fiskalitate eta fakturazio arloko irizpideak eta betekizunak argitzea, erraztea eta bateratzea. «Fiskalitata gida bat behar dugu berehala», toki guztietan erabili ahal izateko. Azken horri lotuta, udal kontu-hartzaileekin pedagogia egitea eta fiskalitate eta fakturazio irizpide bateratuak beteko dituztela lortzea. «Gida egitea inportantea da, baina betearazteko bideak ziurtatzea ere bai, kontu-hartzailearen bitartez. Kontu-hartzailea aldatzen bazaizu, interpretazioak ere alda daitezke».
- Kultura-Hezkuntza lotura indartzea, hezkuntza arautuan kulturzale eta ikusle berriak lortzeko programak lantzeko.