Erakargarri izan behar zuela entzun izan zuen sarritan, baina inork ez zion adierazten zer ote zuen uxagarrizko. Telebistako publizitatean marinelez gezurreztu dantzari gazteak zoratzen dituen koloniaz igurtzi behar ote zituen belarri ertzak? Ergelkeria galanta. Halako batez, sexiago izan behar zuela entzun behar izan zuen. Interesgarria iduritu zitzaion, sexianiztu egiten bazen batetik bestera ibili behar zukeelako jauzika: Etxeparek gizonezko bezala hitz egin zion, Txirritak amona zahar bezala, Lizardik eme gazte bezala, Maiteder erraten ziolarik.
Denek maite zuten, baina askok abandonatzen.
Denek maite zutelako leloa ez zelako egia.
Gogoeta gogorren ondorioz, sexua eta maitasuna bi direla ohartu zen.
Izan ninteke sexi eta inork maite ez. Izan ninteke maitagarri sexi izan gabe. Baina izan ote ninteke sexi eta hala ere maitagarri?
Gogorragoko gogoeta zenbaiten buruan, atzeman du sexiago izan behar zuela erranik, hiztunek baldintzak ezartzen zizkiotela bizirik iraun truke.
Lotsa ote dira nitaz? Zer naiz, pilda zahar bat?
Eta horra beste katramila, inolako gogorreta egin behar izan barik heldu zitzaiona, zer ote da sexi izatea? Badago sexitasunik? Eredu adosturik? Eta ondoren etorri zitzaion hurrengotasuna… Zer da sexi ez izatea? Ezin da bizi sexualizatu gabe?
Eta galde galgarri hauetara iritsi aitzinekoa ostera: zergatik naiz uxagarri?
Psikoanalista euskaldun baten bila ibili da.
Zumetaren koadro koloretsu bat mahai gaineko liburu anabasaren gainean.
– Arazoa ez zara zu, arazoa ulertzen ez zaituztenena da.
– Sexiagoa izan behar nuela euskaldun batek erran zidan barren!
– Hitz egin liteke euskaraz euskara ulertu gabe. Sexitasuna sexoaren estandarizazio komertziala da. Azken finean, objektu erosgarri bihurtu nahi zaitu. Eroski bizi nahi du Eroskin erosiz.
Zumetaren koadroari beha sortu zaio maitagarria izan litekeela, hain zuzen, sexi ez delako. Lizardi, zer uste duk hik!
Psikoanalistaren Eros eta Eroski joko merke horrek erotismora lerratu behar luke, baina sexitasuna nagusitu zaio berriro. Sexiago izan behar lukeela… zein bezala? Interesgarria. Gaztelania sexi ote da Kataluniako katalanentzat? Zergatik ez ote da sexia katalanera Espainian? Zergatik izan behar dut nik orain naizena baino sexiago nire hiztunentzat?
Psikoanalista erdaldun baten bila ibili da.
Paretak garbi, bizarra zuri eta tabakoa pipan sar eta atera, urduri iduri.
– Zertarako izan nahi duzu sexiago?
– Hiztunek hala behar nautelako.
– Hizkuntza zanpatu bat baino sexiagorik ez dago.
– Erdaldunentzat bai, euskaldunentzat ez.
Alfer saioa izan da, psikiatra erdaldunentzat onerako izan liteke hizkuntzak hiztun ergel zientoka batzuk galtzea. Euskarak ordea ez ditu ergelak abandonatu nahi, bereganatu magaleratu altzoratu egin nahi ditu, baita sexiago izan behar badu ere. Prest dago aita ama maitale izateko.
Sexiatra euskaldun baten bila ibili da.
Esku beltz bat eta esku zuri bat bihotz gorri handiari eusten paretan.
– Ezin dugu terapia berdina erabili hiztunak oro artatzeko.
– Nik hirurehun molde desberdinetan jardun dezaket hiztun horiek denak banan-bana gozatzeko.
– Hiztunak, aurrena, sexiaren gramatika ikasi behar du, ezinbestekoa da.
Ez du halakorik aitortuko, baina gure hizkuntza «Ez zara sexi, eta beharrik ere ez» erranen dion norbaiten bila dabil, dohakabea.
Sexiatra erdaldunarenean jo du.
Kako eginiko hatz bi elkar hartuta etzangiaren ondoko mahaiaren azpian.
Etzateko agindu dio sexiatrak, etzateko eta entzuteko adi begiak itxita.
– Nire inguruko guztiek ikasi zaituzte. Nik ez. Nik ez zaitut ikasi nahi izan.
– Ez naiz zu konkistatzera etorri.
– Nik ez nuen zu ikasi nahi, nik deskubritu egin nahi zintudan…
– Deskubritu?
– Atalez atal, zokoz zoko, hitzez hitz, bizi osoan gozatzeko abentura…
Eta sexiatraren hatsak belarria ferekatzen diola, honelakoa izan da gure hizkuntzaren besarkada:Jalgi hadi erraten badidazu masaileko bat, amatxo edo amonatxo erraten badidazu ipurtzuloko bat, eta Maiteder erraten badidazu ezpainak lehertuko dizkizut.