PORLANDI (Zatia)

Juan Mari Lekuona. Muga beroak, 1973

Min dut egiaz utzi beharra
baserria…
Artaldeari labana sartu.
Atzen pagoak orpotik moztu.
Etxeko tresnak erre edo saldu.
Arbaso zaharren sua itzaldu.
Ate gaineko sarraila nagia
herdoiltzen utzi…
Iturria jan osinak
huntzak horma zahar berdinak.

Gurdibideak urak ebaki…
Mindura hau zer den
pasa zaionak bakarrak daki!

Gero herrira, habia berrira.
Nola onartu nago begira.
Maitasunezko uztea dut
baserriari agurra.
Bihotzetik onetsi nahi dut
zementuzko lurra.
Ez dut ukatzen galera dela,
badu ordea etekin.

Baserritik gutxi dira
bizimodua dutenak,
eta hemen bizi,
ahal den ondoen
bizi behar dugu denak.
Buka dadila egoitza tristea:
gizonak lan jakinik gabe
umeak ezin jarri eskolaren jabe
sendakuntzak nahi eta —gogor da hau ere—
huri handiz kanpo, non daude?

Bedeinkatzen dut
Porlandiak duen galera.
Izadiaren aberastasun
hori galtzea hobe da,
eta gehienak iritsi bitez
giza-neurriz bizitzera.
Utziko ditut baserria eta
nentorke dena uztera,
utzi agian euskara
baina irits bitez
pobre guztiak
eguneroko ogia izatera.

Min dut gauza asko utzi beharra.
Baina hau dago bide bakarra
maitaleek etxe bat lortzeko
gure umetxoak zaldun bihurtzeko
danontzat zer jana sortzeko.
Porlandi hesiak duen zigorra:
txoriak kaioletan,
loreak ontzietan,
jan gauzak potoetan.

Baina infernura zenbait edergailu
pobreen lepoa estutuko balu.
Zenbait bizikera nik ezin inola onetsi,
gutxiren onean pobreek odola
behar baluteke utzi.
Deabruarentzat guztia!
Betor zementua.
Gauean ez dut izarrik
egunez belarrik,
baina pobreak
hain sail luzeak
horrela bakarrik
giza-neurritan litezke bizi!