PIANO HOTSA

Uztapide, 1974

Lasaoko erreka haren ondoan zan gari soroa, erribera ederra, ta dana gainetik ura pasia. Etzegoan ederki ebakitzeko. Danak ebaki eta lotzen ere pixka bat jardun genduan. Ta garaiz apaldu eta etxera bialdu ginuzen.

Gu Zestuako bainuetxe aldean behera, eta Hotel Arocenan apaltzen ari ziran. Pianoa jotzen ari zan baten bat.

Hala dio gure Txankartak:
— La ostra! Honako hauek guk baino gerri bigunakoak eukiko dizkitek!

Nere erantzuna:
— Bai, motell! Mundu honetan igualdadea behar litzakeala esaten dutenak ere badituk, baina etziok hurrean!

Gu abarka zarrak tirris-tarras, tirris-tarras ginuzela, hanka lurrari kendu ezinda. Eta haiek apaltzen piano hotsa entzunez.